|
Hegiko bordatik
ZELAIKO XORIA
Biharamun goizean, ene pena jakinik delako laguna, ikastegian zango bat pausatu orduko egina nuen hura, nahiz adin berekoa, ez zela ene gela berean izanen... Egun guzian ez nuen ikusi, arratsaldeko haskariaren tenora arte. Orduan, ogi zerra idor bat ukanik gasna mutur batekin, joan nintzen, beste askoren gisa, etxetik ekarri jatekoak gakoz uzten ahal gintuen barne batetarat, goxoagoko zerbaiten hartzerat. Poztu nintzen han sartzean, han baitzen, eta ni ikustea gatik etorria, mintzatu nahi gorria nuen lagun gixako hura. Zer jateko nuen galdaturik, hauxe erran zaitan tratu eskaintza bat bezala eta harritu nintuen aire bortitz batekin... “Hire jatekoetarik hartzerat uzten banuk nik nahi bezenbat, beti lagunduko hut, atzo hitzeman bezala. Bestenaz, ez duk ene laguntzarik ukanen eta nik adixkideak baititut hamalau urteko mutiko handietan, zanpatuko hute eta ederrak ikusiko dituk”. Sesitua gelditu nintzen... Jatekoetarik eman nion ikaran bezala eta erdi nigarrez joan nintzan ene gelako lagunetarat... Ederki harrapatua nintzan, zoin gaixtoa zen eta zoin ausarta, bezperan hain goxoa eta laketa iduritua zaitan laguna... Biharamunean, tenore berean, ene jatekoetarik hartzen ari nintzan —amak eman gerezi erreximetatik uste dut— mutiko larri bat hurbildu zitzaitan, ni baino handiagoa eta aise azkarragoa, Heletarra zela eta Hazparne polliki ezagutzen zuela. Solasean ginaudelarik, horra non berriz agertzen den bezperako mutur zuri hura, ene jatekoetarik berriz ere zerbait nahi! Eta orduan ene harritzea! Ene heletar lagun berriak ez dio anda bat emaiten, bere onetan joan zadin ondo hartarik, bestenaz ehoko zuela! Eta besteak lekuak hustu jestu gutiz! Heletarra holaxe mintzatu zitzaitan: “Ez zakela deus eman mutiko txar horri. Lipua gaixtoa duk eta ohoina! Atrebitua! Nagusitzerat uzten baduk, ahotik ere kenduko dauk hire jatekoa! Menekoak iduritzen zaizkionetaz ederki baliatzen duk bainan ez badiok amor emaiten, berehala lotsatzen ere duk, arrunt beldurtia baita eta oilo zaharra bezen pedoila. Jaz, zemahi ixtorio ukanak ditik, eta aurten makurrago baizik ez duk izanen nik uste...” Ondoko egunetan, beti ene Heletarrarekin bainintzen arratsaldeko haskararien tenorean, mutiko txar hura ez zitzaitan gehiago hurbildu... Artetan halere, kurutzatzen nuen han edo hemen. Bakarrik banintzen, mihia ateratzen zaitan eta dena ziminokeria hasten zen. Nik ere orduan mihia ateratzen nion eta hortan kito... Frango laster laketu nintzan ikastegian. Alta, erakasle batzuk bortitzaren fama zuten. Battok “la terreur” zuen izen-goitia, hain zela larderiatsua. Bainan enekin denak arras goxoak ziren. Egia erran, umila nintzen, ixila eta lanean untsa ari. Gauza bakar bat nuen biziki partida. Eguerditan, bazkal aintzin, andana bat baginen, aitamak eta Gastellou kalonjea gisa hartarat hitzartuak izanez, lerroan joan behar ginenak kullertara bat arrain olioren hurrupatzerat. Mendrexko ginela eta azkartzeko baginuela holako zerbaiten beharra... Olio gizen horri arrunt gostu tzarra kausitzen nion. Eta ez nezaken irets, zintzurra trabatzen bezala zitzaitan... Arrain olio horren hartzea izan zen enetzat penitentzia bat zinez gogorra... Omiasaindu bezperagoa edo hola izan behar zen... Lehenbiziko bakantzak! Ikastegiko atean zagon, begia erne, denak garbiki emanak ginenetz, “la terreur” erraiten zioten erakasle hura! Haren aintzinean pasatu nintzanean erran zaitan: “To, Zelaiko xoria ere amaren ohantzerat abiatua...” Xori errexiñoleta nolazpait, ezen ikastegiko kantorean nintzen. Igandetako mezan, beretter arropetan jauntziak izaiten ginen, Ouret apeza gidari. Aingeruak iduri omen ginuen, behin hala erran zaitan segurik misionesten kaperako mezan ibiltzeko usaia zuen Zelaitar emazteño batek. Nolaz berexia ote nintuen Ouret apezak kantorean izaiteko? Boz pollita eta xuxena iduriturik omen! Beste nehork egundaino ez daitalarik ene bozaz holakorik erran...! Boz karrankatsua eta makurra dutala ba izaitekotz... Dena dela, nik biziki gostukoa naukan Ouret apeza eta pena nuen zinez mutiko tzar batzuk Ttettele emana ziotela izen-goitia! Ondoko urtean, gisa berean biziki gostukoa ukan nuen Piarres Xarritton —Ehulateiko apeza, Jauregian erraiten zena— katixima euskaraz egiten baitzaikun eta eni hori biziki eder baitzitzaitan. Eskualzale gogo zerbait banuen dudarik gabe bihotzaren xokoño batean, Jainkoak daki nola piztua...
Hegiko bordatik |