|
Hegiko bordatik
JUBIN
Osaba Janpiarre hil zelarik, osaba Xemartin errumatismek jana eta ni kanpo-lanendako gauza guti, Jauregian langile kondu hartu zuten auzoko gizon bat, Leon, berrogoita-hamar bat urtekoa. Egia erran, izaba Katixa-k ez zuen batere gostukoa, sobera espantu bazuela, mihi zikina eta elizako urratseri ez biziki jarraikia... Bainan etsi bat hartu zuen, norbait atsulutuki behar eta, besterik ez baitzen Zelai guzian... Leon-ek egiten zituen beraz lan gehienak, ni haren ondotik, haren laguntzaile. Osabak eta izabak aski erranik: — “Zerbait itsuskeria erraiten balinbadauk, ez zaiokela kasurik egin...”. Bainan Leon-ek ez zaitan deus itsusirik erraiten. Aldiz, zernahitaz mintzatzen zaitan, gure etxeko bizi-moldeaz, Hazparneko lantegiez, berak eskuin eta ezker ibili itzuliez edo berdin neska mutilen arteko harremanez... Bai, zemahitaz eta nehor behinere mintzatua ez zitzaitan bezala. Zonbait hilabeteren buruko, Leon hori hartu nuen bigarren aita batentzat, hain zen enekin laņoki eta sanoki mintzo. Etxekoeri haatik, ez nintzan menturatzen erraiterat zoin gostukoa nuen eta zer ziren gure solas gaiak... Leon gurekin bazkaltzen baitzen, mahainean jarriz geroz, laket zitzaion kondatzea Jubin-en ixtorio zerbait. Nor zen Jubin hori? Mutiko tzar bat, maitagarria bainan futituxkoa... Nondik jalgia zuen Jubin hori gure Leon-ek, hori ez dut sekulan jakin! Dena dela, frantximantek Toto-ren ixtorioak kondatzen dituzten bezala, Leon-ek bazituen Jubin horrenak. Bainan bakarrik bazkariteko denboran. Frangotan galdatua izaba Katixa-k: — “Eta, lanean zireztelarik, kondatzen dauka Jubin-en zozokeriarik?” Nik ezetz, egiaz egi, biak ginelarik Leon-ek ez baitzuen Jubin-ik sekulan aipatzen... Bainan Jauregiko sukaldean, ba, noiz nahi, Jubin hau eta Jubin hura...! Azkenean, gure artean, berari Jubin emana ginion izen-goitia... Jubin-keria horietarik batto bazen Leon-ek usu ateratzen zuena, izaba Katixa errabiatzen baitzen ixtorio hori aditzen zuen aldi bakoitx! Leon-ek kondatzen zuen gauza arrado baten pare. Hamargarren edo hogoigarren aldian ere behinere entzuna ez baginu bezala! Izaba-k zion Leon erlisioneaz trufatzen zela eta hori ezin onetsia zaukan... Eni ixtorioa bera tetelekeria hutsa iduritzen zaitan, bainan beti berdin irringarria kausitzen nuen halere, alde batetik ikusiz nolako talenduarekin kondatzen zuen Leon-ek eta bestetik zer kara bitzia eta iluna egiten zion izaba Katixa-k! Ixtorioa hauxe zen: “Jubin katiximan ibilki bainan burua beste nonbait! Herriko apezak hau galda edo hura galda, Jubin-ek deus ez jakinki! Gaizo Jubin, katiximan beti azken! Egun batez katiximarat badoa, usaian bezala, bainan zaku handi bat besopean... Katixima denboran, bat-batean, zakuaren barnetik ahateņo bat ez da hasten karrankaka! Apezak, pentsatuz ahate hura harentzat zuela, galdeņo batzu egiten diozka Jubin-i, zonbat Jainko diren eta holako, bainan berak lagunduz arrapostua xuxen eman zezan... Eta azkenean, sekulan ez eta, Jubin katiximan lehen, beti azken zelarik!” Leon-ek, irri zafla bat gaitza eginez, gora gora bururatzen zuen ixtorioa beti hitz berekin: — “Eta hara, mixterioaren fruitua, gure Jubin katiximan lehen, ahateak karranka eginik!” Leon ez zen erlisioneaz gaizki mintzo, izabak hala uste bazuen ere. Bainan egia da erlisionea frangotan aipu ginuela elgarrekin ari ginelarik kanpo-lan zerbaitetan. Jainkotiarra zen Leon, eta zion erlisionerik gabe kabalak baino makurrago gintazkeela. Fedeaz beti errespeturekin mintzo zen bainan apezen —edo bederen apez batzuen— nagusikeriak partida zituen. Herri ttipietan bereziki apezak ez zirela artzain bainan jandarme... Bestalde, Lurde eta Lurdeko beilak ez zituen batere maite. Hori haatik, Jauregikoek ez dute egundaino jakin, nik baizik. Lurde zaukan alabainan sos biltzeko joko bat eta besterik ez... Bazuen bere gostuko segurik arrazoinik aski Lurdez gisa hortan mintzatzeko. Zer arrazoin? Behin eta behin ez zaitan salatu, ez zuela nahi ixtorio horren gatik ene izpiritua nahasi. Azkenean, kondatu zaitan halere zer gertatua zitzaion, hogoita-hamar bat urte lehenago, Tarben zelarik soldado... Egun batez, amak erran omen zion: — “Errak, gaitzeko buruko minak baititut noiz nahi, segur nuk Lurdeko uretik edanez, ez nukeela gehiago holakorik. Lurdetik iragaitean, geldi hadi beraz hango uretik eni ekartzeko...” — “Bainan, gaixo ama, treina ez da ene beha egonen. Eta bestea ez nuke zonbait orenen buruan baizik...”. Ondoko hamabostean, amak beti arrangura bera, otoi ekartzeko Lurdeko uretik... Handik beste bi asteren buruan, Leon berriz heldu da etxerat: — “Horra ama, Lurdeko ura, galdatua zinuen bezala”. Ama loriatua eta ixtanteko sendatua! Buruko mina eskuz kendua bezala! Eta gure Leon gogoetatua, baitzakien delako ura ez zuela Lurdetik ekarria, bainan etxetik bost minutaren bidean zen errekatik...! Horren gatik, Leon-ek ezarri zuen burutan Lurdeko ura bezen ona dela beste edozoin iturritakoa eta Lurdeko beila ixtorioak ez ditazkeela izpiritu ahulen enganagarri baizik...! Eta hain zinez ari zen non behin hauxe erran ere baitzaitan: — “Segur nuk ama Birjina zeruaren erdian dela eta Lurdeko afera hori ez zaiola biziki gustatzen...”.
Hegiko bordatik |