Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995

 

 

BELTZEZ JAUNTZIAK

 

      Alemanekin ez zen jostetarik, larderia gaitza bazuten eta jendea alde bat ikaran zagon...

      Ene osabek ere erasi-aldi bat ederra ukan zuten, batere funtsik gabe, arrats batez, arto xuritzen ari ginelarik...

      Ilunduz geroz, nehor ez zen kanpoan ibili behar. Etxetan ere, umilik egoiteko lana, ate eta leihoak untsa zerraturik!

      Jondoni Martine iria zen. Osaben etxen artoak orduantxe bilduak. Ahal bezala bilduak... Eurite bat izana zen, haize askorekin. Arto landek zafraldi bat ederra hartua, arto buru ainitz lurretik bilduak, arrunt bustiak...

      Osabek ikusten zuten artoak behar zirela lehen-bai-lehen xuritu, bestenaz berotuko zirela eta andeatuko. Egunaz ari ziren artoak xuri eta xuri, arratsetan lan bera segitzen zuten izabak ere lagunduz.

      Arrats batez beraz, ni ere han izanki, amarekin joana, arto metaņo bat bazela xuritu behar gorria... Bat-batean, selauruko atea norbaitek joiten du eta azkar joiten...

      Aleman soldado batzu ziren, arrunt hasarre eta dena mehatxu, zer ari ginen bestenaz tenore hartan, argia urrunetik ageri, hori gain-gainetik debekatua zela...

      Osaba Xemartinek erran zioten arto bustiak ustelduko zirela ez bagintuen laster xuritzen... Alemanek selauru guzia miatu zuten, fuxina bat sartuz arto metan, zerbait edo norbait gordetzen ote ginuen! Azkenean, joan ziren beren aintzindari bati erranen zutela zer ari ginen... Ixtanteko berriz etorri ziren... Ni segurik arrunt ikaratua, hain zuten bortitzak iduri! Osabari galdatu zioten zonbat egunen lana zuten arto xuritzen. “Hiru egunena nonbait han, alde bat hortan ariz”, erran zuen osaba Xemartinek. “Untsa da, ihardetsi zion aleman batek, hiru egun horietan arratsarekin ere artzen ahal zirezte bainan hortxetako leiho ttipi hori tapatuz, urrunetik nehork argirik ez ikusteko gisan”. Eta brau partitu ziren aleman soldadoak.

      Bestaldi batez ere, zer izitzea! Amaren eskutik joana nintzen osaben eta izabaren etxerat. Bat-batean, bi gizon heldu dira aterat, bi gizon larri, soldado jauntzietan, harmak bizkarrean. “Bainan nor dira horiek, ez ditun horiek alemanak!” erran zion amak bere ahizpari.

      Alemanak hartuak gintuen. Denek soineko berak zituzten, kolorez perde saminak... Delako bi gizonak aldiz beltzez jauntziak ziren, beltzez edo urdin ilunez, kaxketa buruan, arrano baten itxurarekin, arrano horrek dirdiratzen zuela, iduri zilarra.

      Izabak atea ideki zioten, bi gizonek ez zuten ele handirik. Beren papoa joiten zutela, hauxe zuten solas bakarra: “Autrichiens! Autrichiens!” Izabak ez solas hori konprenitzen, amak ere ez. Nik ere ez bixtan dena...

      Kanpoan, zakurra haumaka ari zen.

      Bat-batean, aurpegia argitu zitzaion izabari: “Aise, erran zion amari, frantsesez ari ditun beren gostuko bainan frantsesa gaizki mintzo dine, gure zakurra dine partida. Eta galdatzen daikigune beste zakurrik badugunetz, ez ahal diotela gainerat jauzi eginen!”

      Izabak erran zioten frantsesez: “Autre chien? Non, nous on n’a pas d’autre chien...” Ez ginuela beste zakurrik, zakur bakarra ateko hura ginuela eta alde bat estekan zela...!

      Horiek hola, bi soldadoak kanporat abiatu ziren eta oiloak erakutsiz, eskuekin dena jestu, izabari nolazpait konpreni-arazi zioten arroltze batzu zituztela nahi... Dotzena bat arroltze ukanik, joan ziren, berriz ere errepikatzen zutela: “Autrichiens, autrichiens”.

      Ixtanteko osaba Jan-Piarre agertu zen nonbaitik. Izabak kondatu zion zer gertatua zen. Osaba, irriz hasi zen... Errient baten talenduarekin, erran zigun Autrixia (orain erran ginezake Austria) erresuma bat zela, Alemaniari josia, eta hangoak zitazkeela beraz ikaragarriko beldurra emana ziguten soldado beltzez jauntzi heiek...

      Soldado horiek egon-aldi laburra egin zuketeen Hazparnen. Ez niz segurik orroit ainitz ikusirik, eta luzaz, gisa bereko jauntzietan zabilanik...

      Alemanek eman azken beldur-aldia hauxe izan zen: 44-eko agorrilean denbora eder bero batez, izabaren etxen nintzen eta ate aintzinean nindagon. Orduantxe bazkalduak ginen. Bat-batean izigarriko zartatzea entzun nuen. Ortzi handienak baino aise handiagoa! Etxeko berina guziak ikaratu ziren. Atean, oiloak izituak eta eskualde guzietarat johan! Ni barnerat eskapaka...

      Ixtanteko jakin ginuen zer gertatua zen. Zelaitik Hazparneko plazarat doan errebide bazterrean, Alemanek bazuten eraikia etxetto bitxi bat, dena zimentaz, haga batzu handik ateratzen. Etxetto hori gau eta egun zaindua zen. Jendek zioten gaitzeko muntadurak bazirela barnean, airekoen mugimendua ere hortik segitzen ahal... Dena dela, etxetto hori zuten Alemanek zartarazi, mila pusketan jarri baitzen, berek lekuak hustu baino lehen...

      Alemanak joan ziren beraz... Handik zonbait denboraren buruan, beste soldado arrotz batzu ziren agertu: Amerikanoak. Denek ongi etorri gaitza egin zioten. Igande arratsalde batez haatik, ederki izitu nintzen amerikano horietarik baten gatik. Besta buru zerbait izan behar zen, agorrileko Andredena Maria hain segur... Bezperetarik landa, zemahi jende Hazparneko plazan... Soldado amerikano batzu ere ba. Denek konplimenduak egiten zaizkioten... Hainbestenarekin, ene harritzea! Soldado heietarik batto bazen arrunt beltza! Bai larrua dena beltza, ikatza baino beltzagoa! harritua gelditu nintzen, harritua eta izitua... Lehen aldia hola jende beltz bat ene ondoan ikusten nuela!

 

 

Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995