|
Hegiko bordatik
HARAGI FALTSUAK
Zortzi urte nintuen nonbait han. Usu banuela zerbait, sudurra tapatua, zintzurra minbera eta holako, amak ereman nintuen Mathieu medikuaren ganat. Eta hunek artoski miatu, kuller luze bat ahoan barna sarturik. Amari erran zion: “Haur hunek haragi faltsuak baditu. Beharko da zintzurretik operatu”. Operatu hitz horrek sesitu nintuen! Nigarrez hasi nintzen... Medikuak ez nigarrik egiteko, haur ttipiak zirela hola artzen, ni mutiko handia nintzala, kasik gizon bat... Bestenaz ere, deusik ez zela operatze hori... Mathieu jaunak erran zion amari Baionan beharko nuela operatu, mediku bat bazela hortako arradoa, Orgogozo izenekoa... Hoberena zela norbait ezagutzen baginuen Baionan, eta ganbera bat balin bazuen guretzat, norbait horri buruz joaitea, bi egun segurik han egoiteko... Baionan bagintuen jendakiak, amaren aldetik kusi batzu, eta aitaren partetik ene bataioko aitatxi zenaren alarguntsa. Zerbait gisaz, amak nahiago ukan zuen mintzatu andere Delfina, Iriberriko “beste partean” egona, gizona, zango motza zena, galdu berria. Delfina-k erran zion gogotik hartuko gintuela, ganbera bat bazuela libro zena, eta gainerat Orgogozo medikuaren etxetik hurbil hurbilean bizi zela. Delfina-k erran zuen ere hirugarren estaian zagola eta etxe berean bazela bixkotxeria bat, Baionako famatuena, erosiko zituela enetzat han izaiten ahal ziren bixkotxa hoberenak. Ni ez soberakinik fida, enea gogoan. Ez bainuen ahantzia andere Delfina-k, Zelai-tik partitu zenean, hitzemana zaitala Moio gatu beltxa enetzat utziko zuela... Hitzemana bainan hitza jana! Arratsalde batez, ama-semeak joan ginen beraz Baionarat. Hazparneko plazan oren bateko autobusa harturik. Baginuela denbora frango, agertu ginen lehenik andere Delfina-ren etxerat. Ene loria harat heltzean! Erran bezala, bixkotxeria bat gaitza ederra han izanki, “Patisserie Jacquotte”. Gure puskak Delfina-ri utzi giniozkan bai eta harentzat amak ekarri oilaxko parea. Gero abiatu ginen Orgogozo medikuaren ganat. Han arribatzen gira eta emazte bat, dena xuriz bezti, erasiaka hasten zaio amari, zer gintuen manera horiek, beranta gorria ginuela eta ez zuela holakorik nehork egiten! Ama harritua, ni umil-umila, ez ginakien zer erran. Eta hara medikua bera, gizon handi bat, hura ere dena erasia! Azkenean konprenitu ginuen zer gertatua zen... Amak uste oren erdi bat abantzuan ginela, oren bat eta erdiren beranta ginuen! Ez ginuen galdea bostetako bainan hiruetako! Salbu hara, amari errana zioten “quinze heures” (“hamabost orenetako”) eta ez baitzuen ezagutzen tenoren kondatzeko molde hori, konprenitua zuen “cinq heures” (“bost orenetako”)... Erasi-aldi horren ondotik, sar-arazi gintuzten beste barne batetarat. Emazteņo batek jar-arazi nintuen kadera bitxi batean eta estekatu larruzko uhal batzuekin. Handik berehala medikua berriz agertu zen! Hastean zuen kara mokor hura nonbait utzia zuen, arrunt eztiki mintzatu zaitan, nola nuen izena, nongoa nintzen eta holako. Gero bisaia tapatu zaitan halako gauza zuri batekin... eta lokartu nintzen... Iluntxean, untsa kukutua ereman ninduten andere Delfina-ren etxerat. Zintzurra minbera nuen bainan amak erran zaitan biharamuneko aise hobeki izanen nintzala, liburu eder bat erosiko zuela enetzat, bixkotxa batzu ere ba, eta Baiona dena bisitatuko ginuela, bazirela ikusteko gauza ederrak eta bereziki hiru eliza... Liburua jin zen, “Les aventures de Milot”, kuraia handiko mutiko gazte baten ixtorioa. Bixkotxak berantago, noizbait, eta gutti... Baionako elizen itzulia gibelatu zuen amak, haize hotza zela, ene zintzurrarentzat pozoina... Biharamunagoan eginen ginuela. Baina biharamunago hura jin zelarik, amak erran zuen etxerat buruz behar ginela abiatu, aita gaixoa bakarrik zela, berantetsiak gintuela... eta ondoko astean berriz jinen ginela Baionarat amasemeak, orduan, aizina hartuz, zernahi gauza ikusiko ginuela... Denbora burrustan johan baita, ohartu gabean, ez ginen ondoko astean itzuli Baionarat, bainan lau urteren buruan! Komunione handiko arropen erosterat...
Hegiko bordatik |