|
Hegiko bordatik
JAUREGIKO ILOBA
Iriberriko semea nintzen beraz. Semea, ez premua, premu izen hori ez baitzen emaiten haur zaharrenari etxea berena ez zuten familietan...! Iriberriko semea... eta Jauregiko iloba. Iloba bakarra! Ondoko gaia nolazpait! eta beraz, ainitzen gostuko, ogi bihi metaren gaineko xoria! Ama Jauregiko alaba zen alabainan. Bera baino zaharragoko hiru anai-arreba bazauden Jauregian, Iriberritik bi urratsetan... Hiruak ezkon-gaiak, edo mutxurdin eta donadoak, Zelain erraiten zen bezala. Beste anaia bat, Jan-Battit, Jauregiko apeza. Bainan aspaldian hila, arrunt gazterik, 34 urtetan, gripa itsusi batek bentzuturik... Ama berant ezkondua zen 14-eko gerlan kolpatu gizon batekin. Gizon hori, ene aita beraz, Jan-Piarre. Herrebesa erraiten zioten, izen-goitiak beti merke izan baitira Hazparnen. Egia erran, izen-goiti hori ez zuen berea, bainan bere aitarena. Hau Bastidan sortua, erdi kaskoin, erdi euskaldun, pilotan frango polliki arizana bere denboran. Ezkerra baitzen, eskuin alderat oneratu pilotak, ezker herrebesaz biltzen omen zituen. Horren gatik eman zioten Herrebesa izen-goitia, nihauri ere jarraiki dena Zelaitarren artean... Aita eta ama nolaz ezkondu ziren elgarrekin, jende ainitz harritu omen ziren. Ama arrunt eliza-tiarra, aita eskualde hortarik lazoxkoa. Ama laborari etxalde oneko alaba, aita beti etxetiar xume egona, laborantza poxi bat atxikiz eta Hazparneko faktur ordezko bezala ere ibiliz, faktur bat falta izaiten zelarik, haren turnada egiten... Aita beraz 14-eko gerlan kolpatua izana zen. Eskuko erhi handia moztua zioten, pentsune poxi bat ere hunkitzen zuen horren gatik. Frangotan egona niz gogoetan! Aita kolpatu zuen tiroa doi-doia baztertxago pasatu balitz, bihotzaren erdian hartzen ahalko zuela! Jan-Piarre han berean gorputz altxatuko zuten, ez zen gehiago Hazparnerat itzuliko! Ez zen beras esposatuko eta ni ez nintzan sortuko! Nahitez, Jauregia ene sor-etxetik han berean izanki eta, amaren eskualdekoekin ukan dut haurrean aitaren aldekoekin baino aise eta aise harreman gehiago. Izaba Katixa-k gastatzen nintuen. Laborea egitearekin, beti opil eder bat espresuki enetzat ateratuz konparazione... Bi osabak, Xemartin eta Janpiarre, arrunt desberdinak ziren gorputzez, Xemartin ttipittoa, Janpiarre frango handia. Jitez ere arrunt bi mota! Xemartin-i laket zitzaion besta poxi baten egitea. Auzoek zioten ere ezkondu nahi gorria johan zuela bere bizi guzia! Janpiarre-k aldiz ez zuen besta batere maite eta sekulan ez ukana omen ezkontzeko gutizia handirik! “Dena bere osaba Manex”, zioten Zelaitar xaharrek. Manex hori, ene amatxi zenaren anaia mutil zaharra, ni sortu aitzinttoan hila zen, gizon bitxi bat batzuen gostuko, gizon saindu bat ainitzen iduriko. Noiz nahi otoitzean ari omen zen, bidearen gainean berdin, kanpo lanetarat zoalarik ere... Haurrak arrastatzen zituen, eskolatik etxeratekoan eta hola, galdeka artzen zitzaioten katiximako gaietaz. Xuxen ihardesten bazuten, oñoña batzu emaiten, bere sakelatik jalgitzen zituenak. Mutu bazauden edo makur emaiten bazuten arrapostua, azkarki larderiatzen zituen, ifernuan erreko zirela ez bazuten erlisioneaz gehiagoko axolarik...! Dena dela, osaba Xemartin eta Janpiarre, berriz heietarat jin giten, ez zabiltzan ere arras bide beretik kulturaren alorretan. Bakoitxak hartzen zuen bere astekaria, artoski irakurtzen zuena. Xemartin-ek “Herria”, Janpiarrek “Le Courrier Français”, Bordaletik heldu zena.
Hegiko bordatik |