Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995

 

 

AMERIKETARAT JOAN NAHI

 

      Ttipian, denbora batez, eta frango luzaz naski, gaitzeko sua ukana dut... Ameriketarat joan behar! Nondik eta norat ezarria ote nuen hori burutan? Menturaz, Ameriketako ixtorio zerbait entzunik gure etxerat etorri norbaiti...

      Dena dela, alde bat galdeka ari omen nintzan Amerikak non ziren eta Amerikak non ziren! Aitak beti arrapostu bera: “Urrun... biziki urrun...” Amak, bakearen ukaitea gatik, noizbait erran zaitan Amerikak hantxetan zirela, mendiaren bestaldean. Urtsuaren haindian beraz, Makean edo Luhuson...! Hameka aldiz gogoan pasatua aitamen ixilka noizbait joanen nintzala Ameriketarat, Urtsuaren kaskorat lehenik eta handik berriz aintzina beheiti... gogoan pasatua bainan sekulan ez plantatua haatik xede horren obratzerat! Funtsean, nola apailatuko nintzan holako zerbaiti, arrunt ama zilo izanki eta —amaren faltaz denen buru— amaren zaiapetik ezin kendua...?

      Ameriketarat joan nahia bainan Zelaiko eremuak ere ez biziki ezagutzen, salbu Jauregiko funtsak, frango barreatuak egia erran, bostpasei etxalde ttipittoren lurrak bilduz muntatuak izanki eta... Bainan ez nintzan zokoz-zoko ibiltzen ene eskolako lagun zonbait bezala, ama beti beldur galduko nintzala, minhartuko nuela eta jende arrotz batzuk nik dakita norat eremanen nintuztela...!

      Delako lagunak aldiz ainitz kurritzen ziren. Sasoinean, xori kafiak “kitatzen” zituzten, umeak hiltzen ohantzean edo arroltzeak eskolarat ekartzen eta murru pareta bati kontra xehatzen... Urtsuan ere ibiltzen ziren, pottoken ondotik berdin, eta etxerat heldu dotzena bat zamari-uli untzi ttipitto batetarat bilduak, biharamunean errientsaren bulego aintzinean libratzeko...

      —“Haur tzar itsusiak, erraiten zuen ene amak, itsusiak eta atrebituak! Hik ez zakala holakorik sekulan egin!”

      Hazparneko plazarat ere arrunt bakan jausten nintzan, bakarrik elizarat edo merkaturat, beti etxeko norbaiten eskutik. Aldi bat, ene harritzea! Amak utzi nintuen plazarat itzuliņo bat, Zelaiko ostatua atxikitzen zuen emazteņo batekin! Eta ez ginuena elizatik aintzina segitu, Anttonitea deitu saltegirat. Bai, gauza harrigarria izan zen hori enetzat, oraino ere ez dut ahantzia berenaz ez duelarik horrek deus harrigarririk! Lehen aldia baitzen elizatik eta beherago johan nintzala!

      Arratsalde batez, beste norbaitekin izan nintzan ere Zalduko jauregi zaharreraino. Eta loriatua itzuli etxerat hango harri mokorren artean beste nihon behinere ikusi ez bezalako musker batzueri beha egonik! Ama hasarre, haurkeria handia zela jauregi hortarat hola hurbiltzea, teilatu kanteil bat gutien ustean lehertzen ahal eta... Ikusi nuen ere Zalduko naza ttipia, izigarri handia kausitu nuena, igel-belarrez estalia —“Ez ahal zirezte hegirat hurbildu, erran zaitan amak erasiaka, itotzen ahal baita holako ur-gune alimalean!”

      Denik ere, artetan, amak uzten nintuen ene beretter lagunaren etxerat. Biak johan ginen gero ondo hartako erreka zola batetarat. Bi xiri ezartzen gintuen urean. Batto ene lagunarena, bestea enea. Urak zoin joanen zuen bestea baino urrunago. Erreka zati pollita jausten ginuen bi auzoek bainan arrunt zikinak eta bustiak sartzen ginen etxerat. Ama azkenean kexatu zen, ez nintuen gehiago utzi delako errekarat, ura goititua zela... eta itoko nintzala!

      Etxen nolazpait gakatua, zer ariko nintzen? Oren osoak eskuratu edozein liburu edo kasetaren irakurtzen! Hortako banuen ikaragarriko gostua. Andere Zabalo kaperazain errients ondoa laster ohartu zen horri. Aste guziz, ekartzen zaitan “Fripounet”, enetzat aldizkari hauta zela...

      Ameriketarat joaiterik ez nuen gehiago aipu. Sua berriz piztu zaitan haatik urtean aldi bat bisitaz etortzen zitzaikun kusi urrun bati aditurik Hego-Ameriketan bagintuela ahaideak. Bigarren edo hirugarren kusi omen. Ni arras berotua, heien ganat joan behar nuela. Amak lotsarazi nintuen johan banintzen, alde bat nigarrez ariko zela!

 

 

Eskolako lagunekin, gerla ondoxean

(gaineko lerroan eskuineko lehena)

 

 

Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995