Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995

 

 

OLIO PINTA BAT

 

      Saltegirat goiz guziz eroste batzuen egiterat etortzen zaikun neska gazte bat biziki pollita kausitzen nuena, Janbattitteneko sehia. Gaitzeko irri goxoa egiten zaitan eta naukan holako neska gazteņo batekin beharko nintzala geroxago ezkondu... Holako batekin, bainan ez sehi horrekin halere, enetzat aise zaharregia zela...! Pentsa, 18 urte bederen bazuzkeen eta nik 15 baizik ez...

      Egun batez, heldu zait arrunt mutur tzarra eginez, begia ilun eta kopeta zimur: — “Atzo, hire gatik, ederrak adituak ditiat, hik ere egun adituko dituk haatik”. Ni harritua zer gertatzen ote zen, beti irriņo bat ezpainetan ikusten nuen aingerua nondik eta norat zitakeen hola mokortua... Berak segidan kondatu zaitan zer gertatua zen. Bezperan, kondua ez niola xuxen egina! Olio pinta bat ahantzia nuela! Olioa zerbitzatua bainan gero ez pagarazia. — “Aldi bakoitx, etxekandereak ikusten dik zer erosia dutan eta zer pagatua. Berehala ohartu duk olioa ez huela konduan sartua. Egun ezarriko duk beraz atzoko partez eta hemendik goiti kasu gehixago eginen!”

      Egun hartan berean, edo biharamunean, igorri ninduten Janbattitteneko nagusiaren ganat paper batzuekin, hura baitzen kooperatibaren “president” ekarria. Arribatu nintzeneko, aipatu zaitan olioaren ixtorioa: — “Huts bat egin duk... Jakintzak ez dela holakorik egin behar... gauzak zerbitzatzen badituk eta ez pagarazten, saltegia errekaratuko duk...” Ixil ixila gelditu nintzen, kasik nigarra begian...

      Larunbatetan, zerbait gisaz, Janbattitteneko etxekanderea bera heldu zen gauzen erosterat eta ez sehia. Ondoko larunbatean, nik zerbitzatu behar ukan nuen. Eta ni ikaran, ez ahal nuela deusik ahantziko eta ez hutsik eginen ere kondua emaitean... Beldur ere ez ote nuen gisa guziz beste erasi-aldi bat hartuko. Bainan Janbattitteneko etxekandereak deusik ez zaitan erran...

      Zapatain langile batzueri kondatu nioten olio pintaren ixtorioa.

      —“Hori ez duk deusik, erran zaitan norbaitek. Atsegin hartu die haatik hi hutsean atxemanik”. Nik hori ezin konpreni eta, aintzina segitu zuen honelaxe: — “Gauza bat behar duk jakin, nagusiak beti nagusi nahi direla izan, eta etxekandereak beti etxekandere! Langile bat hutsean kausitzen dutelarik, hutsa berenaz ttipia izanikan ere, loriatzen dituk ez idurika! Hola estakuru bat bederen badie langilearen gero ere azpitik atxikitzeko. Orain, saltegi hortan, lan tzar guziak hiretzat uzten badituzte, edo tenorez kanpo lanean atxikitzen bahute, hi ez hiz aise menturatuko deusen erraiterat! Olio pinta hori gogoan... Azkenean, berek orroitaraziko daitek berdin, zoin onak izanak diren hirekin, hik huts bat egina eta hek paso joanak... Eta berriz ere hutsean atxemaiten bahute, gaina hartuko die oraino gehiago. Hori duk nagusiaren jokoa. Beti hola izan ere duk eta beti hola izanen...”.

      Solas horiek arrunt barna hartu nintuen. Aintzineko erasiak bezen barna edo barnago.

      Zonbait egunen buruan, Janbattitteneko sehi pollitari berriz loratu zitzaion hain maite nuen irri eztia. Bainan ni ez nintzan gehiago hain gostuan neska gazte hori zerbitzatzen nuelarik. Pinta bat olio beti zintzurrean kokatua...

      Hainbestenarekin, amak erran zaitan karkulak eginak zituela, lana utzirik ondoko urrian berriz eskolarat johan banintz ez zela orobat gaizkiago izanen enetzat...

      Saltegiko lana utzi nuen handik bizpahiru hilabeteren buruko... Bainan arte hartan beste zerbait gertaturik...

 

 

Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995