Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995

 

 

BESTA EDER HUNTARAT...

 

      Eguberri ondoxean, Gastellou kalonjeak mezutu zioten ene aitameri hamabi urte laster bete behar eta komunione handia eginen nuela udari buruz... Berek atsulutuki hala nahi bazuten eginen nuela Hazparneko elizan bainan ikastegian berean egiten ahal banu ez zela hobeki baizik izanen... Amak berehala ihardetsi zuen baietz ba ikastegian berean eginen nuela...

      Pazko irian, amak erran zaitan aspaldiko partez Baionarat joanen ginela komunioneko arropen erosterat, Baionan bazela hauta gehiago... Goiz batez, hartu ginuen beraz autobusa. Amak xuxen xuxena ereman nintuen Rolain saltegirat, izen hori nik dakita nork emana ziola, hor jauntzi pollitak bazirela eta arras merke... Ez ginuen denbora handirik galdu hautaka, oren baten buruko delako jauntzia erosia ginuen, zapeta berriak ere ba bestalde. Salbu hara, galtzak nintuen luzexko edo laburxko, gisa guziz ez arras izarikoak. Amak erran zuen ez zela hori afera bat, berak ezarriko zituela hein onean. Bainan saltzaleak ezetz, han berean eginen zutela behar zena, eta urririk, mutiko planttakoa nintzalakotz... Arratsaldean aski ginuela berriz agertzea...

      Eta zer egin arte hartan? Amak ereman nintuen eliza-nagusirat, otoitzņo baten egiterat. Handik ateratzean, galdatu nion ez ginuenetz itzuli bat egiten ahal Miarritzerat, itsasoa biziki ederra zela, aldi bat baizik ez nuela ikusia, eskolako lagunekin, bainan berriz ikusi nahi gorria nindagola. Ama gogoetatua bezala gelditu zen eta azkenean baietz ihardetsi zaitan, Miarritzen erosiko ginuela zerbait jateko eta itsas hegian bazkalduko ginuela... Ene loria!

      Itsasoari beha ginaudelarik, amak erran zaitan: “Ikusten dituk hortxetan bi emazteņo horiek, segur nuk baserritar batzu direla gu bezala, hunaraino jinak itsasoa nolakoa den ikusterat. Bi laborarisa mirakuiluz, Garazi alde hortakoak edo hola”.

      Ama hurbildu zitzaioten eta euskaraz mintzatu. Bi emazteak harrituak gelditu ziren elgarri beha... Azkenean, battok erraiten dio amari halako frantses erkastu batean: “Zu, ez zira frantsesa dudarik gabe... Gu ba haatik, nahiz ez frantsesean hain trebe. Nik mintzo dut nolazpait, ene ahizpak arras guti. Alzazianoak gira”.

      Ama harrapatua, hain segur Alzazianoak nongoak zitazkeen ere ez jakinki. Dena dela erran ziguten Lurderat etorriak zirela beila batekin eta Miarritzeraino segitua zutela itsasoa behinere ez ikusia eta... Amaren begitartea berriz argitu zen Lurde aipatzearekin. Bainan ez dut uste beste solas handirik ibili zuten...

      Handik ixtanteko, denbora arrunt kanbiatu zen eta euria hasi. Ama kexatua, bustiko ginela eta bustia ibiltzea pozoina dela, lehen-bai-lehen berriz hartu behar ginuela “tranway” delakoa. Funts hortan laburtua izan zen gure Miarritzeko itzulia...

      Ekainaren bostean, gaitzako denbora ederrarekin, komunione handia! Ikastegitik misionesten kaperarat joan ginen lerroan, denek kantatzen ginuela airoski: “Pesta eder huntarat goazen oro betan!” Euskararik ez zakitenek ere kantu hori ikasia espresuki egun horri buruz...

      Mezatik landa, Kontetea deitu jatetxean, ikastegitik bi urratsetan, zerbitzatu ziguten komunioneko bazkaria. Mahainetik xutitu ginenean, etxekandereak erran zigun bezperak ondoan berriz joaiteko, bixkotxa frango gelditzen zela... Hala egin ginuen. Arratsalde apalean, etxerat buruz abiatzean, jatetxeko zerbitzaria, ja hogoi urte hurbil bazuzkeen neska gazte bat, gure auzokoa gainerat, ene beretter lagunaren arreba, jin zitzaitan irriz irri: “Hea Janbattitt, eni eman orain bi musu! Ez baihiz gehiago haur bat, bainan mutiko gazte bat!”

 

 

Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995