|
Hegiko bordatik
HIL ZEINUAK
Ene amatxi —amaren ama— ez dut ezagutu. Hamasei hilabete nintuen hil zelarik... Barkatu, gaizki mintzo niz... Amatxi ez zen hil, bainan zerurat joan, ez baita gauza bera... Jauregikoentzat, jendeak ez ziren hiltzen, bainan pausatzen edo zerurat johan. Ene osaba apeza zeruan zen, Jainko maitearen ondoan. Auzoko Xalbat, bere adin handiaren gatik etxetik behinere ez zena gehiago ateratzen, gau batez pausatu zen. Aldiz hil zen Zuriko, besteak baino zuhailagoa zen behi gorria. Hil zen perde sobera janik hantu zelakotz... Norbaiten zerurat joaitea ez zen gauza ederra baizik izaiten ahal. Hala naukan segurik familian hameka aldiz entzun solasetarik. Horra zergatik orobat besta bat bezala izan zen enetzat auzoko xahar batzuendako tortxaketari kondu hautatua izaitea. Lehen auzoak, eliza alderateko bidean hurbilenak, kurutzea eremaiten zuen. Eskuin eta ezker bi haur izaiten ziren tortxaketariak... Noizbait haatik erran zaitaten arima zoala zerurat, gorputza aldiz hil-harrietan utzia izaiten zela. Izaba Katixa-k bereziki bazuen gaitzeko errespetua hil-harrientzat, oroz gainetik etxeko hobiarentzat, hura zela izanen gure gorputz gaixoen azken egoitza, Jainko guziz puxantak denak piztuko dituen eguneraino... Igandetan, mezatik landa, edo berdin merkatu egunetan, ardura egiten zuen hilharrietako itzulia. Ezin joan zelarik, denbora eskasez, etxeko lanen gatik berdin, plazarat oinez zoalarik, edo etxeratekoan, geldialdi labur bat egiten zuen Zelaiko patarra deitu xendra-bidearen erditsutan. Zendako hor eta ez beste nonbait? Hortik Hazparneko hil-harriak bixtan izaiten baitira. Toki egokia zaukan beraz hilez orroitzeko. Barkatu, zerurat joanak zirenez. Lurrari beha ixil-ixila egonik, begiak zerurat altxatzen zituen eta otoitzean hasten zen: “Requiem eternam dona eis domine et lux perpetua luceat eis”. Eta guk (amak eta nik frangotan) segitu behar: “Requiescant in pace...” Jende xaharrak ziren zerurat joan. Artetan haatik, gazte batzu ere ba. Hala nola, Arņo, auzoko gizon lerden bat, pilotan arras polliki ari zena. Izerditu zen, segidan hoztu, izerdia sartu eta handik harat ez zuen onik ukan... Hala nola ere Elixabet, emazte eme eta alegera, Iriberrian bizi zena, delako “beste partean”, eta haur ukaitetik hil zena... Aditu nuen gertakari latzak zirela horiek, zinez izigarriak. Bazen hor zerbait ez nuena konprenitzen ahal. Zendako ziren hiltze horiek hoin peningarri, hilak Jainkoaren lorian bizi behar eta parabisuaren erdian...? Negu hartan, 15 urte bete nintuen hartan, urde hiltzalea, Iriberrian, ez ginuen zerbait gisaz usaiakoa ekar-arazi. Beste auzo bat, Beņadin, ez zena urde hiltzen biziki ibiltzen, adixkide zonbaiten etxen bakarrik... Bazkal ondoan aitarekin egon zen bulta bat solasean. Ni heien entzule, alegia eta deusez, beharriak xut xuta... Hiltzeaz arizan ziren... Denek joan behar dugula goiz edo berant... Bainan ez ziren batere ados. Beņadin-ek zion tanpez hiltzea zela ederrenik, bihotzak bat batean huts eginik edo hola. Sofritu gabe eta deuseri ohartu ere gabe. Aitak ezetz, etxekoak laņoki despeiturik eta ezagutza osoan hobe zela hiltzea, harek segurik hala nahiagoko zuela... Solas horiek entzunik, arras gogoetatua gelditu nintzen... Handik bostpasei hilabeteren buruko, osaba Jan-Piarre eritu zen. Ikaragarriko buruko minarekin. Medikuak erremedio parrasta bat eman zion, odola loditua zuela. Bainan handik ixtanteko ohatu zen, lo bezala plantatu, halako kurrunka itsusi bat eginez, eta zonbait egunen buruan eman zuen bere azken hatsa. Doluzko egun pisuak izan ziren Jauregian. Osaba zerurat joana zela eta bizkitartean denak nigarrez... Hainbestenarekin, jakin ginuen Beņadin urde-hiltzalea ere pausatu zela, oraino arras gaztea, bizpahiru astez zernahi sofriturik, “barneko mina” baitzitzaion nagusitu... Tanpez hil nahia, azken egunetan ederrak ikusirik utzi zuen mundu hau...! Eta handik beste bostpasei hilabeteren buruan, ondoko urtarrilean, gure aita zen hil eta hura supituki! Arratsalde goxoa zen, landako zerrakiaren berritzerat joana zen. Senditu zuen dudarik gabe ez zela hain untsa. Haizkora eta zerra han berean utzirik, etxerat bildu zen eta ohean plantatu... Ama bere ahizparen ganat joana... Etxerat heltzean, aita gorputz atxeman zuen, bere arropekin ohean paratua... Bigarren aldikotz, zortzi hilabete barne, hil-zeinuak jo ziren beraz gure familiako norbaitentzat... Aitaren hiltzeak sesitu nintuen. Herioaren beldur ikaragarri bat sartu zitzaitan hezurretaraino. Arrunt izitua gelditu nintzan bainan nehori aitortu gabe ene izialdura horren berri... Osaba Jan-Piarre hil eta, amak utz-arazi zaitan ene saltegiko lana. Jauregian hobe nuela egonik, osaba Xemartin-en lagun, geroxago ikusiko zela eskolarat berriz joanen nintzan ala ez... Jauregitik ere funtsean zerbait eskola segitzen ahalko nuela... Aita hil orduko, amak erran zaitan bera ere Jauregirat berriz bilduko zela, hola bere anai-arrebekin biziko zela, eta ni ere aintzina han geldituz, urte goxoak iragaiten ahalko gintuela, Jainko maitearen graziarekin eta ikusiak ikusi...
Hegiko bordatik |