|
Hegiko bordatik
ZELAI GUZIA BIXTAN
Badakizue non den Hegiko borda? Urtsua deitzen dugun mendiaren mazela bati josia bezala, konkor harritsu baten kaskoan, Hazparneko lurretan, Zelaitik goiti han harat joan eta... Han da Hegiko borda! Edo han zen, hobeki erraiteko... Ezen kasik dena lurrerat joana da. Murru pareta mutur bat baizik ez da xutik gelditzen, inguruan dena harri mokor eta lapar sasi... Haurrean, frangotan ibili niz borda hortan (denbora hartan ez zen hola barreatua). Sasoinean, ondo hartako iratzeak ene aitak zituen pikatzen. Ortzegunetan, nik eremaiten nion bazkaria. Eguerdiko banindoan ttapa-ttapa kasko hartarat... Aita-semek bazkaltzen ginuen eta xoratua egoiten nintzen bazterrari so eta so... Orain ere, laket zait Hegiko bordarat igaitea. Handik, mendiari bizkarrez jarriz geroz, bixta ederra da zinez. Aintzinean, Zelai guzia, zabal zabalik, zernahi etxe, zoin pollitak, xuri eta gorri, bainan ere zonbat pentze, landa eta xara... Eskuin alderat, Garralda-ko mendiaren itzalean, Gerezieta, bere elizaren itzulian bildua (ez da arras hala, bainan Hegiko bordatik hala emaiten du). Ezker alderat aldiz, Baiona, Miarritze eta Kostalde guzia, itsasoa ere ageri, zerua garbi delarik... Hazparneko herria bera ez da haatik ikusten, aise hurbilago dena, arrunt ziloan baita... Hegiko bordaren ondo horiek beti ukan dute enetzat grazia berezi bat. Frangotan hor gaindi nabila eta hortik iduritzen zait mundu guzia besarkatzen dutala, iduritzen kasko hortan ene gogo-bihotzek kausitzen dutela beste nihon ez bezalako hazkurri goxo zerbait. Hegi-ko bordaren aldean zait ere, arratsalde ezti batez, gogorat jin liburuņo bat egiten ahal nukeela ene haur denborako orroitzapenak aipatuz... Bainan zendako bada liburuņo hori? Hameka aldiz halako lotsa batek hartu nu galde horri ezin ihardespenik emanez... Bai, zendako liburuņo bat? Baina ere zendako ez? Azkenean, hara, delako lotsa hori gainditurik nago eta orroitzapen azau bat ezarria dut bildurik... Nihauren plazerrarentzat (eta zendako ez?) bainan ere lekukotasun baten emaitea gatik, agian norbait izanen dela, nonbait, noizbait, lekukotasun huntaz baliatzen ahalko dena, nolazpait...
Hegiko bordatik |