Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995

 

 

ELURRA LODI

 

      Ene haur denboran, izan da segur gertakaria frango, ardura samin eta dorpeak, oroz gainetik kasik mundu guzia sutan zaukan gerlaren kondukoak...

      Bainan guretzat, horiek denak deus guti ziren, urruneko gauzak baitziren, eta Zelai kasko hartakoekin baginuen aski...

      Alemanen jasaitea bazen zerbait, eta horren gainerat sekulan ez bezalako aro txarraren ondorioak ere onetsi behar ukan gintuen.

      Behin beraz, ikaragarriko ekaitzak zafratu zuen Zelai guzia! Gure etxen, teilatua dena harrotu! Aita arizan zen egun osoak itaxura kentzen, teilak berriz juntatuz! Etxe gibelean, pikondo bat ere haizeak errotik atera zuen. Makur handiena haatik Zelaiko plazan izan zen, arrabota lurrerat joan baitzen! Plazaren erdian, harri meta bat egin zuten, erranez gerla bururatu bezen laster berriz xutik ezarriko zela funts hortan aurdikia izana zen arrabota (eta hori hola egin zen, 1945-an estreinatua izana da arrabot berria). Handik harat, Zelaiko plazan, ez ginuen beraz pilotan artzeko molderik. Delako harri meta aldiz arras gustatzen zitzaikun, eskola baginuen egunetan haren kaskoz kasko loriatzen ginen, ahuntz ume batzuen pare!

      Eskolarik ez zenean ere, gogotik johan ginen harri meta hartarat. Bainan amak ez zuen hori begi onez ikusten. Ez nintuen aise uzten Zelaiko plazarat, harri batzuk ezkina xorrotxa zutela, minhartuko nuela eta holako... Bazuen ere beste arrazoinik. Beldur zen plazaren gainean, “gauza tzarrak” ikasiko nintuela...

      Dena dela, besterik ere jasan ginuen aroaren aldetik! Elur-aldi bat arradoa, bi astez segidan Zelai guzia xuri xuria egon baitzen! Xaharrek ondotik erran zuten ez zirela orroit elurra hoin lodi eta hoin luzaz ikusirik! Eta geroztik ez da ere holakorik berriz ezagutu Zelaiko kasko horietan...

      Urtarril erditsutan beraz, 1945-ean, bazter guziak estali zituen elurrak eta hamabost bat egunez elur hori ez zen urtu...

      Ene loria! Xoratua egon nintzen, miretsia bazterrak zoin eder ziren elurrez hola jauntziak! Ene aitak, haatik, ez zituen gauzak nik bezala ikusten. Nardagarri zaukan elur-aldi luze hori. Palataraka elurra baztertzen zuen bidea egiteko etxeko atetik barrokirat, oilateirat eta urdeteirat! Zelaiko plazarat ere, bera abiatu zen ur-keta, elurraren gatik...

      Haurrak ginen ere Bordalesak omen ziren gazte batzu etorri zirelarik, apez batekin, Urtsu kaskoan zurezko kurutze handi bat behar zutela landatu! Hazparne guzia gerizatuko zuen kurutze eder bat!

      Kurutze horren landatzea besta bat bezala izan zen. Urtsu kaskoan meza bat eman zen, gaztek, aldizkatuz bixtan da, gain hartaraino bizkarrean eremanik delako kurutzea.

      Aitarekin joan nintzan egun hartan Urtsu kaskorat. Meza ondoan, aitak erran zaitan beste bide batetarik jautsiko ginela. Xendraz eta xutez! Loriatua ibili nintzen aitaren eskutik. Sai andana bat ikusi ginuen zeruan gora itzulika ari... Ni halako beldur batek hartua bainan aitak erran zaitan jendeari ez zirela oldartzen, ardi hilak zituztela jaten eta hola mendia garbi atxikitzen...

      Aitari galdatu nion artetan ez ginenetz berriz joaiten ahal Urtsu kaskorat. Aitak baietz... bainan amak ezetz, etxeratu ginenean! Mendian bazela zernahi lanjer, suge, zamari uli eta nik dakita zer! Pottokak ere batzuetan aski tzarrean izaiten zirela, dena uztar eta ausiki...

      Funtsean, laster ez ginuena froga ukan zoin gaixtoak ziren Urtsuko pottokak! Guk igande goiz batez hain artoski landatu kurutze hura lurrerat bota baitzuten, hari kontra hazka arizanaren bortxaz...!

 

 

Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995