|
Hegiko bordatik
AITA SAINDU
Zelaiko xaharņo batzueri, berrikitan oraino entzuna diotet, ene haur denborako gauza batzu aipatzen eta, ttipian nik banuela apezteko ideia... Egia da eta ez da egia... Apezteko ideia ukan dut bainan ezinbestean bezala... Ezinbestean? Bai, eta huna zergatik... Iriberrian ez zen Aita Saindurik. Bainan Jauregian, ene izaba-osaben etxen, baziren bost Aita Saindu! Lau handi eta ttipi bat! Lau Aita Sainduren “potretak”, ttantta Katixa-k erraiten zuena, argazki batzu, bakoitxa bere otoitzņoarekin! Ganberetan han zauden, murru paretari itzatuak, Leon XHI-garrena, Pio X-garrena, Benito XV-garrena eta Pio Xl-garrena, Katixaren mezako liburuan aldiz, Pio Xll-garrena... Ttantta Katixa-k aipatzen zaizkitan usu Aita Saindu horiek, eta bereziki Benito XV-garrena. Hunen itxuraren azpian ezarria baitzen gaitzeko letra ederrez, kasik iduri urrezkoak, Benito horrek, Erroman, 1917-an, ene osaba apeza errezebitua zuela bai eta benedikatua...! Harritzeko ote da beraz eni ere piztu bazaitan Aita Saindu izaiteko gutizia? “Zer egin behar duk handitu eta?” — “Aita Saindu!” Karkulatzen nuen nik ere meza emanen nuela zemahi jenderen aintzinean, soineko ederrak jauntzirik, eta denak benedikatuko nintuela biziki kartsuki... Ttipitik usatzeak ez duela parerik, mezaren ene moldean emaiten hasi nintzan. Iriberriko ezkaratzean muntatu nuen aldarea. Mahain ttipi baten gainean oihal bat hedatua, erdian kurutzefika bat ezarria, amari galdatua, baso bat kalitza gisa, mezako liburuņo bat zernahi otoitzen irakurtzeko, kartoin poxi bat, errondan pikatua, ostia bezala... Horra zazpi edo zortzi urtetan nolako Aita Saindu gaia nindagon... Erridau zahar batzuekin eginik mezaren emaiteko arropak...! Eta behi joare zahar bat ere muntatua, artetan xilintxaren joiteko... Egun batez, bakantza handien denboran, amak erran zaitan bisitaņo bat ukanen ginuela. Maddalen etorriko zela Baionatik. Nor zen Maddalen hori? Neska gazte panpina bat, gure auzoan ibilia bere izabaņo bat hor bizi zeno, ene amak arras berea zuena, eta urtean behin agurņo baten egiterat etortzen zena, beti Hazparnerat heldu baitzen bakantzetarat, ez gehiago Zelairat, bainan plazako alde hortarat... Maddalen hori etorri behar zen egunean, loriatua nindagon! Ene balentria erakustea zoin polliki emaiten nuen meza, handitu eta Aita Saindu izaiteko xedearekin... Etorri zen Maddalen. Tenore ederrean, mezaren emaiten hasia nintzalarik. Amak errana zaitan xarmanteko neska zela, planttakoa, alegera eta eskolatua. “Zertifikata” baino goragoko etsamina bat ere airez-aire pasatua...! Meza bururaturik, bi musu eman nintion eni beha eta beha egona zen Maddalen gazteari. Solasean hasi ginen. Eta horra non Maddalen-ek harrigarriko gauzak atera zaizkitan... Ez dela gero nor nahi Aita Saindu izaiten! Batto dela bakarrik mundu guziarentzat! Eta Jauregiko bostak beraz? Ez zirela bostak betan Aita Saindu izanak, bainan aldizka, bat bestearen ondotik... Gainerat Aita Saindua beti Italianoa zela, eta ni ez Italianoa izanki! Gisa guziz, Aita Saindu izan baino lehen beharko nuela izan apez eta geroxago apezpiku... Ene harritzea! Eta ene lotsatzea! Nik Maddalenen bisita berantetsia eta horra non bisita horrek trixte trixtea utzi ninduen, arrunt gogoetatua... Nik uste Aita Saindu izaiteko, laborari edo zapatain izaiteko bezala, aski zela bakoitxak berak hala nahi ukaitea! Eta Maddalen-ek ezetz, Aita Saindua bestek dutela hautatzen...! Maddalen partitu orduko, nigarrez marrumaka joan nintzen amari ene pena guzien kondatzerat... Nola kontsolatu nintuen, ez nik orroit... Handik harat, ez nuen berehala etsi bat hartu. Mezaren emaitea berdin-berdina segitu nuen... Karkulatuz Aita Saindu izaiteko lehenik apez behar bazen izan, ezinbestean beraz apez eginen nintzala... Auzoko jenderi erraiten nueno Aita Saindu nahi nuela egin, nehork ez zuen solasa aintzina pusatzen. Hasi nintzalarik erraiten lehenik apez izanen nintzala, batzuk erraiten zaitaten egun guziz oilaxkoa janen nuela eta beste batzuk xikitatuko nintuztela... Ez nintzen xikitatzearen beldur. Osaben etxen, xerri ttipiak zituzten xikitatzen, dena kurrinka, bainan banakien aitak eta amak sobera maite nindutela xerri ttipiak bezala xikitatzerat uzteko! Oilaxkoaren ixtorio hori aldiz ez nuen hain gostukoa. Igandetan, bazkariteko, batean oilaxkoa ginuen, bestean lapinkia. Nik lapina maiteago! Denen buru batere funtsik gabe gelditu nintzen mezaren emaitetik, burutan nolazpait ezarririk Maddalen neska tzar harek zuela arrazoina, ez nintzela sekulan Aita Saindu izanen eta beraz alferretan nintzala apeztuko...!
Hegiko bordatik |