|
Hegiko bordatik
ZELAIKO ESKOLAN
Bost urtetan abiatu nintzan Zelaiko eskolarat. Nekez abiatu haatik... Ordu arte amaren zaiapean egona, gauza zaila izan zen enetzat mundu berri hortan sartzea... Lehen aldian, amak segitu nintuen eskutik harturik. Eskolako atean halako marrumetan hasi nintzen non amari bihotza hautsi baitzitzaion. Ez nintuela planta hartan uzten ahal nigarrez urtua, berriz etxerat joan ginen! Aita hasarre, amari zernahi erranka, emazte ahula zela eta holako... Biharamunean, aitak nintuen eskolarat segitu. Bainan errientsa ikusi orduko nigarrez eta zalapartaka hasi nintzen, hain itsuski omen... non aitak ere amor eman baitzuen! Biak berriz etxerat joan ginen! Alta behar nuela eskolarat joan, bestenaz ez nintzala sekulan gizon bat izanen, amak gaitzeko katixima egin zaitan. Eta gauza bat erran biziki barna hartu nuena: bollanderak errana ziola eskolan abiatuko nintzen egunean, enetzat, espresuki enetzat, opil bat eginen zuela, eta ogi xuria izanen zen opila, ez ogi beltza, ezinbestean, gerlaren gatik, bestentzat egiten zuen bezala... Pier Darretche bollanderak ogi bat espresuki enetzat egitea, eta gainerat ogi xuria, ttanttak Jauregiko labean egiten zuena bezen xuria, hori haatik zerbait zitzaitan! Amari hitzeman nion beraz, baietz, nigarrik egin gabe sartuko nintzala eskolarat. Amaren eskutik joan nintzen. Lehenik bollanderiarat. Bollanderak berak eskaini zaitan hitzeman opila. Gero, eskola han berean izanki, opil hartarik pozi bat eskutan, amak ereman nintuen errientsaren ganat. Eta nik nigarrik ez egin... Edo biziki guti... Eskolan nekez abiatu beraz, bainan laster laketu. Ortzegun eta igandetan, kasik pena zendako ez zen eskolarik! Errientsa bera ere harritu omen zen, nolako gostua nuen eskolako. Denbora guti barne ikasi nuen irakurtzen eta idazten... Errientsak nitaz hauxe erraiten zuen: “Biziki buru ona du, dena zaina da... eta gormanta”. Gormanta? Hori ez zuen erraiten delako opila gogoan, bainan bixkotxen gatik... Aste guziz alabainan, errientsak ukaiten zituen bixkotxa idor batzu haurreri emaiteko Petain marexalaren partez! Denek bira ukaiten ginuen uste dut eta gelditzen zirenak errientsak berexten zituen eskolako lanetan hobekienik ari zirenentzat. Ez da pollit nihaurek erraitea bainan ene adinekoetan hoberena bainintzen, denak aise ikasten, aste guziz nik nuen bixkotxa gehiena ukaiten! Eta ukanez geroz jaten! Alta, arruntak ziren, irintsuak eta aise purruskatzen, bainan denbora hartan hoberik nihon ez baitzen! Jakizazue, eta laņoki aitortzen ahal dut, aski maite nuela Petain marexala. Ez nakien xuxen nor zen, bainan banakien harek zituela guretzat bixkotxak igortzen! Eta aste guziz gutaz orroitzen, aldi bat ere ahantzi gabe! Zoin gogotik kantatzen nuen beraz errientsak erakatsi kantua: “Marechal, nous voila, devant toi, le sauveur de la France...” “Marexal jauna, horra non gauden, zure aintzinean, zu izanki Frantziaren salbatzailea”. Handik bi urteren buruan, ikasi ginuen haatik beste gizon bat bazela, aitatxi Petain baino oraino hobea guretzat, De Gaulle jenerala. Ez zuela bixkotxarik igortzen bainan Alemanak haizatzen ari zituela eta hari esker hobeki biziko ginela. Guk ere orduan, gure moldean, lagundu nahi ukan ginuen De Gaulle jenerala. Zelai guzia kurrituz besoko batzu muntaturik frantses banderaren hiru koloreak bazauzkatenak, gainean ezarriak FFI hiru letrak. Alemanik balinbazen oraino Zelain, zanpatuko gintuela... Bainan ordukotz Aleman guziak joanak ziren, eta urrun joanak hain segur... Urte goxoak iraganak ditut Zelaiko eskolan. Lanean untsa ari eta ez batere molda gaitza, kasik sekulan ez nuen deus punimen durik, salbu “anti” delako burdinazko xiri harekin... Ainitz eskoletan izaiten zen naski “anti” hori eta Zelaikoan ere sartu zen. Goizetan, errientak “anti” hura emaiten zuen euskaraz mintzo entzuten zuen lehenari. Hunek lagun bati pasatu behar euskaraz ari aditzen bazuen! Arratsaldean, eskola bururatzeko tenorean, “anti” hura berekin zuena punitua izaiten zen. Beren ustez, erakasleak gure onetan ari omen ziren, bestenaz frantsesa ez ginuela sekulan untsa ikasiko. Bainan zer zentzugabekeria bestenaz haur batzueri hola debekatzea aitamen ahotik ikasi mintzaira! Herriko mintzaira! Dena dela, denbora hartako orroitzapen goxoenak dauzkat Eguberrikari muntatzen gintuen bestaņoak, burrasoak ere heldu baitziren eskolarat, kantuz eta dantzan zoin polliki ari ginen ikusterat... Bai eta ekainean edo uztail hastean egiten ginuen “itzuli handia”... Bazen zerbait gero guretzat “itzuli handi” hori! Hamar urte nintuelarik, denbora eder batekin, Zelaiko haur guziak joan ginen Baionarat, eta handik “tramway” delakoa harturik, Miarritzerat, itsasoa ikusi bainuen lehen aldikotz! Ondoko urtean, Zelaitik oinez Luhusorat, gure zango ttipiek akitaldi bat ederra hartu baitzuten. Bainan Luhuson ikusi ginuen gauza bat arradoa: Frantziako itzulia, “Tour de France” famatua! Gero, ainitzek ez zutela behinere treina hartua, burdin-bidez, joan ginen Luhusotik... Kanborat! Egundainokotan oinez Kanbotik Zelairat! Treinak xoratu zituen ene lagun frango. Ni ez hainbeste, jadanik treinez izana bainintzen... Baionatik Lurderaino...
Zelaiko eskolan, gerla denboran...
Hegiko bordatik |