|
Hegiko bordatik
URTXO XURIA ERRAZU...
Eskolari bezala, katiximari ere biziki jarraikiak ginen. Astean bi aldiz, Hazparneko bikario bat heldu zitzaikun katiximaren egiterat, Zelaiko kapera ttipirat. Ortzegun goizetan eta ortzirale arratsalde apaletan. Bikarioa zen Piarres Larzabal, Azkaindarra sortzez, geroxago euskalzain ere atera zena... Bainan lehenik, ttipi-ttipi hartan, serorek gintuzten biltzen. Zelaiko kaperan egon diren azken bi serorek. Ordukotz, polliki xahartuak ziren. Batto bazen dena erasia eta larderia, kara mokor batekin, bestea alde bat ixil-ixila, beti irri eztiņo bat ezpainetan. Mihi luzek zioten batto zela debru, bestea aingeru. Bainan Zelaitik partitu zirenean, eta Uztaritzeko komenturat erretiratu, jendek erran zuten bi aingeru zirela airatu... Serorek ikas-arazten zaizkiguten otoitzak: Gure Aita, Agur Maria, Sinesten dut, fedezko akta eta holako... Enekin ez zuten lan handirik ukan, horiek denak ja ikasiak bainintuen amaren altzoan. Serorak joan zirenean, kaperazain bezala etorri zen errients ondo bat, andere Zabalo, Zelain denek maite zuten emazteņo bat. Hura ere plantatu zen haur ttipieri otoitzak erakats eta erakats. Bainan ordukotz katixima “handirat” pasatua nintzan, erran nahi baita jaun bikarioaren eskuetarat. Katiximan sartzen ginen eskolarat bezala. Denak lerroan. Bainan errientsak aldi bakoitx miatzen zaizkigun eskuak, garbiak gintuenetz, eta behatzen buru kaskoari, zorririk ba ote ginuen! Apezak aldiz ez zuen holako jesturik ibiltzen! Katixima dena euskaraz ikasten ginuen. Eskolan debekatua izaiten zen mintzaira hura bera, kaperan denek ibilki, sanoki eta laņoki... Ortzegunetan, katixima aintzin, bikarioak meza Zelaiko kaperan berean emaiten zuen. Katiximako haur gehienak mezaren tenoreko etortzen ginen. Gurekin batean, hamar bat emazte, kasik denak xaharrak, guretzat xaharrak behin, erran nahi dut berrogoi urteko hori iragana zutela... Batto baginuen aski erremarkosa. Beti beranta zuen, meza han harat joana, eta hura kaperan sartuz geroz, han zela denek baginakien, burua itzuli gabe ere, ez baitzen eztulka artzetik gelditzen...! Behin, katiximaren ondotik, Piarres Larzabal-ek bi mutiko berexi gintuen, berrikitan gure auzorat etorria zen bat eta ni, ixtaņo bat han berean egon behar ginuela. Gu ederki harrapatuak... Zer ote zen ixtorio hori... Beste guziak kaperatik jalgi zirenean, bikarioak, halako irri maltzur batekin bezala, galdatu zigun pentsatzen ginuenetz zergatik atxiki nahi gintuen besteak baino gehixago. Guk ezetz... “Orain jakinen duzue haatik”, erran zigun irri faltsu batekin. Eta hola ikasi ginuen berexiak gintuela berettergoan ikas ginezan, ortzegunetako mezaren laguntzeko, edo biek betan, edo aldizkatuz... Etxerat joan nintzanean, amak erran zaitan ohore handia zela hori gure familiarentzat. Zonbait urtez segidan, beretter izan nintzan beraz Zelaiko kaperan. Urtats ondoko lehen ortzeguna berantesten ginuen, orduan apezak sakristian aldatu eta, eskurat emaiten baitzaikun urteko soldata, 50 liberako diru paperņo bat! Munduko urre guziak bezenbat estimatzen ginuen paperņoa...! Zelaiko kaperan egin nuen ere komunione ttipia. Bainan bada hor zerbait ez dutana konprenitzen: haur denborako hoinbeste gauzetaz orroit niz, eta arras gauza xumeez berdin, bainan deus orroitzapenik ez dut atxiki komunione ttipi hortaz! Hau bakarrik: egun hartan, andere Zabalo-k eskaini zaitala medaila urdin bat, aingeru begiralearen itxurarekin. Ene bizi guzian gerizatuko nintuela erranez! Medaila hori ez dut behinere galdu. Oraino ere badakit non dutan... Komunionea eginik, katixima “handi-handian” sartu ginen. Piarres Larzabal-ek egun guzietako biziaren gora-behera zernahi aipatzen zaizkigun. Loriatua egoiten nintzen apez horren entzule. Egun batez haatik, afruntu gaitza egin zaitan! Bere erakaspenen hobeki finkatzeko, artetan mahain saindu ondo hartarat joan-arazten zituen bizpahiru haur, antzerki jokolariak balire bezala. Ortzirale batez beraz, erran zigun itsusi zela eta bekatu sobera gormanta izaitea. Itsusiago oraino merkatutik etxerat edana sartzea! Horren hobeki erakusteko, bi beretterrak deitu gint.uen, batek egin behar mozkorrarena, besteak semea balitz bezala trufaka ari: “Aita moxkorra! Aita moxkorra!” Nik semea nahiko nuen egin, bainan apezak aita mozkortzale haren kargua eman zaitan. Eta hori eni biziki gaitzitu! Halere untsa maite nuen nik Piarres Larzabal. Jendek ere bai funtsean. Emazteņo batzu haatik harrituak egoiten ziren. Apez horrek ez zuela haurrekin aski larderia, sotanatik tiraka ere ibiltzen ginuela! Bestalde, bere bizikleta tzarraren puntan, aise zaluegi ibiltzen zela, bizkar hezurra hausteko ere! Bestalde oraino, eta bizikletan zoalarik preseski, amodiozko kantu bat xaramelatzen zuela, ez baita hori apez batentzat hain gisa! Beti kantu bera omen zuen ezpainetan: “Urtxo xuria errazu, norat joaiten ziren zu...”
Hegiko bordatik |