|
Hegiko bordatik
ESKERRAK FRANCO JENERALARI
Urtea nuen nonbait han... Xutik joaiteko keinka hartan, eritu nintzen... Zer griņak, berriz ere ene ama gaixoarentzat! Bildu nuen gaitz bat Mathieu medikuak ezin kasatua. Zer gaitz bada? Beheitiko perdea omen, amari ez diot segurik beste izenik entzun. Perdea bainan enetzat aski beltza! Husten eta urtzen ari omen nintzen! Hexur eta larru bilakatua... Jadanik ere ez bainintzen hain azkarra..'. Mathieu medikuak emaiten zaizkitan sendagailuekin, onerat egiten nuen zonbait egunez eta gero berdin asto! Beheitiko tzar harek berriz gaina hartzen! Ama izitua, nola aterako nintzen, ateratzen banintzen! Egun batez, batere ez nintzala hobeki, amak egundainokotan deitu zuen medikua. Ez zen haatik guti harritu ikusi zuelarik Hyppolite Mathieu jaun mediku agurgarria gure etxerat arribatzen, ez bakarrik, usaian heldu zen bezala, bainan gizon arrotz batekin... Bainan arrunt arrotza gero, amak nihon behinere ez ikusia ere...! “Ez izi, erran zion Mathieu medikuak etxen sartu orduko, gizon hau ene adixkide bat dut. Bera ere medikua da. Eta haurretako espresa gainerat. Nahi diot muttiko hau erakutsi, bien artean senda dezagun”. Muttikoa ez zen haatik ikusteko hain pollita, arrunt eskutik joaiten ari! Gizon arrotzak artoski miatu omen nintuen... Handik ixtanteko Mathieu jaunak erran zion amari ordu arte emaiten zaizkitan erremedio berak behar nintuela segitu zonbait egunez eta gero beste bat hartuko nuela, sendagailu berri bat, mediku arrotzak ezagutzen zuena, bainan urrunetik ekar-arazi behar zena... Ama harritua, gogoetan ari holako gastuak nondik pagatzen ahalko zituen, delako erremedio hura, arradoa bazen, ez zela ere merkea izaiten ahal. “Ez kexa, erran zion Mathieu medikuak, sos bakar bat ere ez zautzue gostako, ene lagunak erremedio hori urririk ukanen du”. Erran bezala, zonbait egunen buruan, Mathieu jauna etorri zen erremedio famatu harekin. Eta nik handik aintzina arrunt onerat eman, medikua bera ere harritu omen baitzen...! Bainan nor zen bada bizia molde hortan salbatu zaitan gizon arrotz hori? Amak ez zuen izenik jakin. Hamabi urte edo hola nintuelarik, ixtorio hori amaren ganik ikasiaren gainean, gogoan pasatu nuen nihaurek galdatuko niola Mathieu medikuari nor zen beraz haren lagun hura, ni beheitiko perdetik hola libratu nintuena... Gogoan pasatu bai eta ez menturatu denen buru... Ez dut beraz sekulan jakin —ez eta jakinen ere hain segur— mediku arrotz haren izenik. Bainan hauxe ba, amak Mathieu jaunaren ahotik ikasia sendatu nintzen keinka hartan: mediku arrotz hura, haurretako espresa, Bizkaitarra zen, Bilbotik etorria Hazparnerat iheslari bezala, gerla itsuski ari zelarik mugaz bestaldean. Mathieu jaunaren etxerat bildua beste nonbait kokatu arte... Gauzak beraz garbi dira! Eskerrak zor diozkat bizkaitar mediku horri bainan ere ba, eta nola ez, Franco jeneralari... Alabainan, eta hortan ez da haratik ez hunatik, Franco eta hunen aldekoek ez balute gaina hartu Bizkaian, delako medikua ez zen Hazparnerako, eta herri hortako haur ttipi bat beheitiko perde tzar batek errautsiko zuen. Alde bat errautsiko...
Burasoak, Jan-Piarre eta Jominika
Hegiko bordatik |