Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995

 

 

LURDEKO BEILA

 

      Behin, amak deitu nintuen berri handi bat bazuela enetzat: “Ttantta Katixa-rekin joan beharra nuk Lurderat. Hiruek eginen diuk itzulia, ez baduk segurik nahiago aitarekin etxen egon”. Ni loriatua, pentsa, baietz eta baietz, gogotik joanen nintzala Lurderat!

      Baionarat joan ginen autobusean.

      (Ez dut Baionako itzuli bezala kondatzen, arras denbora guti egon baiginen hiri hortan eta dena ere treinen gara edo geltokian). Ttantta Katixa-k erosi zituen treineko “billeteak”. Hiru klasetakoak bazirela, ez zituen lehenekoek hartu, jende “handientzat” zirela eta gu ez jende handietarik izanki... Ez zuen erran bigarrenekoak norentzat ziren, bainan hirugarrenekoak hartu zituen, bidea berdin-berdina egiten dela hirugarreneko karro horietan...

      Amak erran zaitan bidean zemahi gauza ikusiko ginuela bainan ez nintzala behar bada alde bat kanporat so egon nahiko, irakurgai zerbait erosiko zaitala...

      Abiatu ginen, ni xoratua, treina zer gauza ederra zen! Bulta baten buruan, eskutan hartu nuen amak erosi liburuxka...

      Ixtanteko, gizon arrotz batek galdatu zion amari: “Zer adin du zure mutikoak?” — “Bederatzi urte” — “Eta zer ditu, holako gauzak irakurtzen?” — “Ba, denak irakurtzen ditu”. Eta gizon hura harritua!

      Ez dakit delako irakurgaia nola hautatua zuen gaixo amak. Hain segur, eskurat jin lehena hartua zukeen. Lanak nintuen egia erran liburuxkan ziren gauza asko ezin konprenituz. Liburuxka hura zen “La France rouge et la France blanche” (Frantzia gorria eta Frantzia xuria). Erraiten zuten, politikaz nardatua, De Gaulle jenerala joana zela Parisetik urrun eta ez zela sekulan berriz gobernuan sartu nahiko, bere aldia egina zuela (1946-an!) eta Frantziaren geroa beste hiru gizonen eskuetan zela. Artoski gogoan hartu nintuen gizon balios horien izenak eta ez ditut ahantziak: Felix Gouin, Leon Blum eta Georges Bidault.

      Lurderat arribatu orduko, hotel-erat joan ginen. Ttanttak hotela aintzinetik arrastatua, ez dakit nola... Hotelaren izena, “Saint-Jude”. Etxekanderea euskaldun garbia izanki, sehiak ere ba. “Hemen etxean bezala izanen gitun”, erran zion ttantta Katixa-k bere ahizpari. Ni harritua, nolako barne ederrak ziren...

      Ama sehi batekin mintzatu zen aspaldian ezagunak izan balire bezala. Hola jakin zuen pentsuner guziak euskaldunak zituztela salbu biga, Frantzia behere hortako jaun-andere batzu. “Senar-emazteak ala anai-arrebak?” galdetu zuen bazterretik Katixa-k. “Aspaldiko adixkideak omen, ihardetsi zion sehiak, bainan ez gaizkirik pentsa, bi ganbera hartuak dituzte, bakoitxak berea”. Horren aditzeak halako bat egin zaitan, beldur batek bezala hartu nintuen, Lurdeko usaia ote zen hori, ganbera batean jende bakar bat baizik ez hartzea, eta nik nola lo egin behar nuen, gau guzia bakarrik behar banintzen toki arrotzean...!

      Arratsean, trankildu nintzen haatik, ikusiz hiruak ganbera berean izanen ginela!

      Arte hartan, izan ginen Andredena Maria agertu zen Harpearen aintzinean, eta bisitatu gintuen bat bestearen gainean diren hiru elizak...

      Hotelean, ederki afaldu ginuen. Han bazen beilatiar multzo bat, Gerezietako erretorrarekin etorria.

      Ttanttak eta amak agurtu zuten apez hori: “Elissalde dik izena, erran zaitan amak, bainan ainitzek Zerbitzari deitzen die”.

      Afal ondoan, batzu kantuz hasi ziren. “Ikusten duzu goizean” eta holako. Zerbitzari-k prediku ttipi bat bezala egin zuen Ama Birjinaren ohoretan, eta “Agur Maria” kantarazi.

      “Zer pena, erran zuen ttanttak amari, apal-apala, holako apez kartsuak holako fama txarra baitu”. Nik galdatu nioten zer fama txar zuen. Ezetz, ez zela haurreri erraiteko gauza. Bainan ni aintzina galdeka, ez nintzala gehiago arras haurra. Azkenean, amak erran zaitan zer zuen delako fama txarra, bainan otoi nehori ez aipatzeko, bestenaz ere behar bada denak gezurrak zirela... Hola ikasi nuen Zerbitzari Altxuko errekan arraintzan ibiltzen zela, askok ikusia omen, eta ur hegian oren osoak egoiten, xipa edo xarbo zonbaiten menturan, bere sotana zaharra Jainkoak daki noraino altxatua! Hori ez zela apez batentzat manera!

      Biharamunean, kurutzearen bidea egin ginuen, Lurdeko galbariorat, nik irakurtuz euskaraz ttanttaren liburutik, otoitz luze batzu. Gizon bat hurbildu zitzaikun galdeka: “Barkatu, frantsesa konprenitzen duzue? Bainan ez zirezte frantsesak haatik?” Amak, baietz, frantsesak ginela bainan euskaldunak eta euskaraz ari. Gizona harritua, zoin aise irakurtzen nintuen otoitzak. Berak ere ene heintsuko semea bazuela bainan debruak berekin! “Hara non dabilan!” Eta erakutsi zigun mutiko koxkor bat peņa mutur baten gainerat ziminoa bezala igana, handik bi besoak zabalik aitari mintzo: “Beha, airatzerat noa, arrano bilakatua niz!” Ama eta izaba harrituak, Jainko maiteari eskerrak bihurtzen zituztela haatik, nik ez nuela bederen halako zozokeriarik erraiten ez eta egiten!

      Dena dela, gure otoitzak kartsuki segitu gintuen eta jo ginuen Bernadeta sainduaren sor-etxerat. Gero Lurdeko orroitzapen zerbait behar ginuela, erosi gintuen bostpasei arrosario eta medaila, bai eta, nik aski galdatuaren bortxaz, Ama Birjina pollit bat, berinape batean paratua, buruz beheiti ezar eta elurra bezala egiten zuena...

 

 

Hegiko bordatik
Janbattit Dirassar

Elkar, 1995