|
Hegiko bordatik
MAMUAK
Ene haur denboran, mundu guzia mamuz betea zen! Mamuak baziren zoko guzietan! Eta izigarri itsusiak omen... Omen erran behar dut, denen buru behinere ez baitut batto ere ikusi... Haur gaixtoen ondotik zabiltzan mamuak. Ez nintzen dudarik gabe aski gaixtoa mamuak eni agertzeko ez eta aski prestua —edo abila, Hazparnen erraiten den bezala— mamurik aipatu gabe uzteko... Egia erran behar, aita ez zen sekulan mamuez mintzo. Eta ama arras guti. Amarentzat, mamutei bakarra Marregatea zen. Marregatea, Iriberriari lotua zagon etxe handi zahar bat, dena hutsa, denboran lantegia izana, marregak egiten preseski, idi estaliak eta kalainkak. Amak zion etxe hori mamuz betea zela eta ez zela beraz barnerat sartu behar, mamuak kexatuko zirela, bereziki haur bat bakarrik hor ibilki ikusten bazuten... Amak ez bazuen mamu kafia hori baizik ezagutzen, izaba Katixak aldiz etxea dena mamuz brokatua zaukan. Mamuak baziren pegarteian, abarteian, ganberetan, selauruan, barrokian, laborea aste guziz egiten zuen labean ere ba... Gainerat, ilundu orduko, baratzea dena mamuz betetzen... Mamu izigarrienak haatik auzoan gintuen, Janamari deitu emazteņo baten etxen. Janamari horrek biziki maite nintuen eta maitez preseski mamuetarik begiratu nahi... Artetik erraiteko, bere burua ene amaņo bezala zaukan... Emazte gehienek, kasik denek, denbora hartan, haurrak etxen berean ukaiten zituzten mediku edo emagintsarik gabe. Auzoko beste emazte batek lagunduz. Emazte hori izaiten zen haurraren amaņo. Sortu nintzanean, Janamari han zen amaņotako etorria. Bainan kasua halakoa izanez, medikua ere han izanki, Janamarik ez zuen deusen egiterik ukan, han egon zen bakarrik... Aitak zion ez zela beraz egiazko amaņo bat izana. Berak haatik ene amaņo zela eta ene amaņo zela, hameka aldiz erran ukan dit. Hortakotz zuen nahi ni beti mutiko gixakoa izaitea, mamuen menetik urrun. Zoritxarrez, nonbaiteko ene xantza, Janamari horren etxea mamuz itoa zen! Eta mamu bat bazen hor, azen ontzeko, besteak baino bortitzagoa. Janamarik untsa ezagutzen zuena! Izigarriko mamu itsusia, mamu horren izena aditu orduko ikaran paratzen bainintzen! Ezen mamu hori izenez deitzen zuen Janamarik, ez banintzen geldi-geldia eta ixil-ixila egoiten! Burua altxatzen zuen, bi eskuak luzatuz, dei egiten zion: “Zingilibarbau, Zingilibarbau, zato fite eta joan zazu haur hau”. Haatik, Zingilibarbau ez zen sekulan agertzen! Janamari-k zion haur gaixtoa nintzela bainan oraino gaixtoagoak ere bazirela, heien ondotik joana zitakeela. Haatik, egun batez, ez banintzen hobeki gobernatzen, ene ganat zela etorriko... orduan hanbat gaixto enetzat... Ilundu aintzin, amak beti sukalderat sar-arazten nintuen, bainan, egun batez, beste zerbait gogoan edo nik dakita zer, etxe aintzinean utzi nintuen kasik iluna zelarik. Marregatea deitu etxeko ate sahetsean nindagon. Bat-batean, ene harritzea! Mamu batzu ez zaizkit ateratzen Marregatei hortarik! Amak hameka aldiz errana mamuak bazirela etxe hortan! Bainan ez zaizkitan batere mendekatu. Aintzina joan ziren, airean, xoriak bezala... Aita barrokian baitzen, lasterka joan nintzen haren ganat: “Amaren mamuak ikusi ditut” — “Amaren mamuak? Zer mamu?” Kondatu nion mamu batzu atera zirela Marregateitik... Hainbestenarekin, horra non ziren berriz etxe aintzinean, airean ibilki! Aitak orduan, kasik kexatua: “Jakizak ez direla mamuak, bainan gau-ainharak!” —“Eta mamuak, aita, non dira?” —“Nihon, ez baita mamurik! Ez zakela gehiago kasu egin mamu ixtorio horieri.” —“Eta Zingilibarbau? Janamariren etxeko mamu hura?” —“Ez duk Zingilibarbau-rik! Janamari bera ba haatik mamu bat ederra!” Bainan hori ahotik atera orduko, dolutu zitzaion, eta erran zaitan holakorik Jainkoaz nehori ez erraiteko...
Hegiko bordatik |