|
Hegiko bordatik
PLAZA SARIAK
Igandetan, Zelaiko kaperan, ez zen mezarik emaiten, salbu artetan, kartierean sortu apez bat oporretan hor kausitzen zelarik... Hazparneko elizan ibiltzen ginen beraz igande goizetan. Oinez, bixtan da... Orain, etxe guzietan bada auto bat. Frangotan, biga berdin! Orduan, Zelai guzian lau edo bost ziren! Noiztenka, amarekin nindoalarik mezarat, Munho-ko etxekanderea —“gure” etxekanderea— geldituko zen eta hartuko gintuen. Enetzat gauza izigarria zen hori, fagore bat gaitza! Amak aski manatzen zaitan ixil ixila eta geldi geldia egoitea autoan, eta jaustean milesker eta milesker erraitea hoin bihotz ona zuen andere horri. Bainan aitarekin nindoalarik mezarat, Munho-ko etxekanderea ez zen sekulan gelditzen, ikusten ez bagintu bezala...! Eta hori ezin onetsia naukan! Beste jalgi-aldi handia, udan, eskolarik ez zenetan, izaiten zen enetzat Hazparneko merkaturat joaitea. Amarekin eta ardurago izaba Katixarekin. Hunek zare batean johan zituen arroltzeak, beste batean oilo eta oilaxko zonbait. Aintzinetik salduak zituen, beti arrakardari berak erosten baitzaizkion, Uztaritztarra zen emazteņo batek. Denbora hartan, merkatuak egun guzia irauten zuen, goizik hasten zen, argitu orduko edo berdin argitu baino lehen, xerri eta urdeentzat. Bainan eguerdi irian edo hola puaillarentzat eta beraz izaba Katixarentzat. Karkanarat hurbiltzean (karkana deitzen ginuen Hazparneko plaza, bainan bakarrik jendez betea izaiten zenetan, hala nola preseski merkatu egunetan), karkanarat hurbiltzean beraz, Katixa lepoa luzatuz plantatzen zaikun denetarat so eta so, biziki bitxiki... —“To, hara non den orain ere, goazen haratxago”, erraiten zuen eta nik ez konprenitzen nortaz edo zertaz mintzo ote zen... Azkenean, konprenitu nuen haatik! Izaba Katixa-k gisa hortan ahal guziak egiten zituen harat eta hunat zabilan emazteņo bat huts egitea gatik! Emazteņo hori zen plaza-sari biltzalea! Merkatuan zerbait saltzeko zuten guziek plaza-saria pagatu behar baitzuten: Katixa-k pagatze hori arrunt partida zuen... Batzuetan halere buruz buru egiten zuen sos biltzarearekin. Orduan ezin handik eskapa! —“Zonbat dotzena arroltze dituzu?” —”Sei...” Eta nik bazterretik: —“Ez ttantta, hamar!” Bainan Katixa-k ezetz, hamar ukanen zituela, hala errana ene aintzinean, bainan kargaren gatik denen buru sei hartuak zituela bakarrik. Haatik, Urtsula arrakardariaren ganat heltzean, seietarik berriz hamarretarat joana izaiten zen... Egun batez, ikusiz horren gainetik gogoetatua nindagola, izabak erran zaitan beti egia erran behar zela bainan holakoetan haizu zela halere poxiņo bat “xikanatzea”, ez zela hori gisa guziz bekatu handia izaiten ahal... Bi Agur Maria gehiago eginez oheratekoan, aise barkatua izaiten ahal zen bekatua zela eta besterik ez...
Hegiko bordatik |