|
Hegiko bordatik
ORGEN AZPIAN...
Zer adin ote nuen orduan? Sei edo zazpi urte, holako zerbait... Ez niz orroit ere zer sasoin zitakeen, bainan ba arratsaldea zela, denbora ederra eta eskolarik ez ginuela... Amari galdatu nion ez ginuenetz itzuliņo bat egiten ahal izaba-osaben etxerat. Ezetz ihardetsi zaitan, zernahi lan bazuela, baratzean ere ari behar... Baratzerat joan ginen beraz. Handik bixtan ginuen Lekornetik Zelairat heldu den errebidea. Eta nor ikusten dugu errebide hartan heldu, behi pare baten aintzinean, behiek orgatara bat egur tiratzen zutela? Osaba Xemartin... Amak berak erran zaitan bere anaia ikusi orduko: “To, nahi baituk joan Jauregirat, habil etxeko portaletarat, han igurika zak osaba Xemartin, haren eskutik joanen hiz... Eta behar bada, orgen gainean ere ezarriko hu... Iluntxean jinen nuk gero hire xeka...” Amari hori aditu bezen laster, punpaka partitu nintzen etxe aintzinerat... Han nindagolarik nuen karkulatu gaitzeko balentria egin behar nuela: osaba utziko nuela aintzina joaiterat, nihaur portalen gibelean gordea egonez. Gero, portaleak pollikiņo idekirik, biderat eginen nuela laster eta osaba deusi ohartu gabe orgetarat nihaur hupatuko nintzala, eta handik oihu eginen niola: “Kuku, osaba! Beha nor den hemen orgetarat bera igana!” Eta osaba harrituko zela ene balentriaz... Salbu hara, gauzak ez ziren arras iragan nik pentsatu bezala... Osaba, egia erran, portalen parrean pasatu zen neri batere ohartu gabe, eta ez nintuen ere ikusi biderat jalgi nintzalarik... Bainan orgetarat jauzi egitean ez nintzana erori orgen azpirat! Hainbestenarekin, osabak gibelerat behatu zuen, orobat zerbait arrabots aditurik eta berehala konprenitu zuen zer gertatua zen... So eta so, behiak han berean geldi-arazi zituen. Eta ene altxatzerat jin zen. Ni nigarrez bixtan dena, nigarrez marrumaka! Ixtanteko agertu zen ama, ene nigarrak entzunik hain segur... Osaba bere arrebarentzat hasarre, nola utzia nintuen bakarrik... Ama aldiz harritua, behinere ez zuela erranen holako zerbait eginen nuela! Biak ere laņatuak halere, denen buru deusik ez zela hori, izaiten ahalko zenaren aldean. “Kasik mirakuilua dun, erran zion osabak ene amari. Behiek urrats bat gehiago egin balute, hire haurra errotak lehertuko zinan!”. Egundaino ez dut jakin errotak burua ote zautan lehertuko, ala zangoak izaitekotz. Dakitana da amak besoetan hartu nintuela, eta osaba despeitu zuela erranez: “Haur hunek ez baitu den gutieneko kolperik ere, eskerrak Jainkoari eta Andredena Mariari”. “Hori egia, Jainkoa ere beti zerbait ari dun”, ihardetsi zion Xemartinek. Amarekin berriz baratzerat joan nintzan. Bulta baten buruan nintuen erasiatu, holakorik ez zela sekulan egin behar... Eta amari behar nuela beti obeditu. Harek erran bezala egin banu, ez nintzela orgen azpirat eroriko... Katixima hori entzunik, berriz nigarrez hasi nintzan. Amak bazterretik otoi ez nigarrik egiteko, aita ez zela engoitik urrun eta aitak ez zuela deus jakin behar, bestenaz zernahi erasia jasan beharko nuela haren ganik ere, amarenak baino idorragoko erasiak... >}C 5jS Den bezala erraiteko, amari ez nuen desobeditzen biziki bakan baizik... Aldi bat haatik, zerbait handitan desobeditu nion. Zer izan zen ene bekatua, ez niz batere orroit, bainan gogoan dut segur amak, sekulan ez eta, eman zaitan gaztigu zorrotza... Arrunt mutiko tzarra ari nintzala bilakatzen, besotik hartu nintuen trapu tzar bat bezala eta etxeko sotoan preso ezarri! Soto hortarat ezkaratzetik johan zen. Kasik beti zerratua zagon ate baten gibelean, baziren harrizko eskaler batzu. Heietarik jausten zen sotorat. Eta soto horrek etxe guziaren azpia hartzen zuen. Apala zen, ama ez zen konkortua baizik ibiltzen ahal barne hartan, eta apala bezen iluna... Soto hori ez ginuen deusetako baliatzen, amak artetan behako bat emaiten zion halere, nik dakita zendako, eta aldi bat edo beste ni ere behere hartan izana nintzan amaren eskutik... Punitzea gatik nihaur utzi nintuen gaitzeko zoko mutzi usaina zuen barne hartan, ezkaratzeko aldetik atea gakoztaturik! Marrumaka hasi nintzan, atea jo eta jo! Bainan amak ez adituarena egin zuen... Azkenean, etsi bat nolazpait harturik, jautsi nintzan sotorat. Ikaratua eta hipaka nigarrez... Emeki emeki, ene begiak jarri ziren hango ilunbeari. Sotoa hutsa zen. Han-hemenka, harri mutur batzu. Bai eta ikatz pikor zonbait gure aintzineko etxetiarren denborakoak hain segur, guk ez baiginuen ikatzik erosten... Bat-batean, halako hotz-ikara batek hartu nintuen! Bazen ere harritzekoa! Pentsa alabainan, bi begi lurrean landatuak bezala, kasik iduri lurretik jalgitzen ari! Bi begi handi eni so eta so! Bi begi eta heien inguraan deusik ez ageri, halako perde nahasi bat baizik... Oihuka joan nintzan sotoko aterat, otoi idekitzeko, norbait bazela biziki begi itsusiekin lurretik ateratzen ari! Amak ez zuen luzatu. Atea ideki zaitan erranez: “Hea, orain beti obedituko dautakanetz, nik zerbait galdatu eta?”. Nik baietz eta baietz bainan otoi jausteko sotorat, norbait bazagola han gorderik, begiak nihaurek ikusiak... “Beste parteko” emazteņoa ezkaratzean baitzen, amari erran zion: “Haur horrek egia duke berdin begiak ikusi dituela. Hain segur auzoko gatua ditake, garratoin ihizin ibilki”. Nik ezetz eta ezetz, ez zela gatua! Denen buru, nik aski galdatuaren bortxaz eta bakearen gatik dudarik gabe, ama jautsi zen sotorat, eskuko argia harturik, eta ni haren ondotik... “Ikusiko diuk egia erran dukanetz”... Eta bi begiak han izanki, betiko tokian, guri so bezala...! Badakizue zeren begiak ziren? Apo batenak! Bekatu mortala baino itsusiagoko apo zahar batenak...!
Hegiko bordatik |