|
Hegiko bordatik
HELETAKO SORGINAK
Gure etxen, ez zen sorginik aipu! Behin auzoko Janamarik kondatu zaitan nik dakita nongo bide kurutzean, ilargi xuritarat agertzen zirela “andere xuriak”. Noiz nahi ere, hobe naski bide junta hartarat ez bakarrik joaitea! Amari galdatu nion zer zen ixtorio hori. Ihardetsi zaitan lehengo denboretan bazirela ba andere xuriak, basajaunak, laminak eta sorginak, bainan denak hilak zirela, eta ez zela gehiago holakorik nihon ikusten... Eskolako lagun batzuek haatik kondatzen zuten oraino ere bazirela sorginak, etxen aditua omen, eta gehiago dena deplauki zioten Urkodoi aldeko emazteņo bat, denek ezagutzen ginuena, sorgina izan behar zela. Hura ikusi orduko, hobe zela zeinaturik. Kurutzearen seinalea eginez geroz, salbuan ginela, andere sorgin harek zerbait xede makur ukanikan ere! Gau batez, Zelaiko kaskoak airean ezarri zituzten zakur batzuek, zemahi hauma itsusi eginez. Nondik etorriak ote eta zeren ondotik? Hori ez zen jakin bainan fama hedatu zen errege Salomon-en zakurrak zirela! Judu herratuaren gisako zakur batzu, madarikatuak bezala, mendek dirauteno alde bat mundu guzian barna ibili behar, nihon deskantsu eta bakerik kausitu gabe! Horra zer kondatu ziguten! Hainbestenarekin, aspaldiko sorgin ixtorioak berriz ateratu zituzten... Urtsu alderat bizi zen laborari batek irriz ase ederrik egin ere, bere auzo bati sinets-arazirik baietz ba sorginak berriz bazabiltzala Zelain gaindi, holako tokian, xara kasko batean, arratsetan agertzen ere zirela. Eta auzoak sinets zezan hori, kuia handi bat barne husturik, axalean bi zilo eginik, bi begi balire bezala, barnean argiņo bat ezarririk, kuia hori paratu zuen iluntxe batez erran tokian eta auzoak sinetsi sorgin zonbait izan behar zela! Haurkeria hutsa zela hori zioten ene aitamek, bai eta Jauregiko ene osaba-izabek. Eta bizkitartean, nihauri ere ez zirena sorginak handik ixtanteko agertu...! Bainan han nonbait, biziki urrun... Osaben etxen, behi zain egoiten nintzen iluntxetan, arras ilundu arte ere berdin, etxe sahetseko Iandan. Egun batez, zakur eta sorgin ixtorio horiek denek oraino aipu, urrunean bat-batean ikusi nuen argiņo bat pizten, zeiharka bezala jausten eta laster desagertzen, handik ixtanteko berriz agertzen, ez bixtatik galdua nuen tokian, bainan haste hartan ikusia nuen leku berean! Ene harritzea! Mila karkuletan plantatu nintzen! Banakien ez zela etxe baten argia, ez baitzen alabainan tokiaren gainean egoki... Ez zela ere izar bat, argi handiegia baitzen izar batentzat. Eta aise apalegi, han urrun, Gerezietako elizaren ezker aldean... Nehori ez nuen deusik salatu bainan nihauren baitan banuen afera mixteriozko argiņo horrekin! Ondoko egunetan berriz agertu baitzen alabainan! Arrunt gogoetatua nindagon, argi hori ez ote zen sorgin zonbaitena... Arrats batez, oraino harrituago gelditu nintzen! “Ene” argia han ikusten bazterka jausten ari eta oraino desagertzekoa zelarik beste bat ez zait ateratzen! Bi argi betan beraz! Eta bi sorgin ote? Aste baten buruan edo hola, ni beti behizain, eta delako argia beti han! Sekulan baino usuago agertzen! Ni xifritua, zer mirakuilu izaiten ahal zen! Osaba Xemartin jin zitzaitan, behiak behar gintuela sartu. Horra non hauxe erraiten daitan: “Egun ez zakiat zer duten Heletarrek, airean zabiltzak”. —“Nolaz hori, osaba?” —“Zernahi auto baita Heletatik Hazparne alderat heldu”. —“Zernahi auto? Nondik dakizu hori?” —“Ikusten baititut. Uste nian hi ere mugimenduari ohartua hintzala”. —“Autoak ikusten? Non hori?” —“Bainan hantxetan... To, orain ere baņo baduk! Behazak, han, Gerezietatik eta ezker... Heletatik Hazparnerat buruz heldu den errebidea duk kasko hartan. Autoak berak ez ditiat ikusten, bainan ba autoen argiak”. Orduan konprenitu nuen nor ziren ene sorginak! Atsegin handia izan zen enetzat delako argi heien segeretua hola xilatzea bainan ez nuen nehori deus erakusterat eman...
Hegiko bordatik |