|
Hegiko bordatik
PATTOTTEIKO KUSIAK
Hiru urte iragan nintuen San Josepe ikastegian. Lehena hango pentsuner kondu, gero aldiz —azkartxago nintzala eta— arratsetan etxerat sartuz oinez zanpa zanpa... Goizetan aldiz, eta ez zaitan hori balentria ttipia, motoan jausten nintzan plazarat, Iriberriko “beste partean” bizi zen fakturrarekin. Haren gibelean jarria... Eskolako banuen gostu gaitza bainan ikastegia denen buru zerratuegia naukan. Beti ikaran nindagon zerbaitetan huts egin beldurrez. Hango larderia soberakinak hatsa nolazpait tapatzen bezala zaitan. Bainan ez nuen holakorik nehori salatzen... Hirugarren urte ondarrean, zonbait aste barne ardietsi nintuen “certificat d’etudes” eta BEPC delakoak. Bigarren etsamina hortarat astelehen goizarekin ereman gintuzten Hazparnetik Baionarat. Bidean, erakasle batek galdatu zigun bezperan untsa pausatuak ginenetz, hitzemana ginuen bezala, goiz hartan trenpu hoberenean izaiteko... Nik baietz, ederki pausatua nintzela... bainan Baionan izana! — “Atzo, hi Baionan, baduka burutik?” — “Ez zen itzuli akitgarria. Eliza-besta bat gaitza San-Leoneko kirol-zelaian. Aita Sainduaren ordezkoa ere hor, Roncalli kardinalea. Eta hogoita zonbait apez berri, hiru egun lehenago ordenatuak, horietan batto izanki ene kusia!” Bakarra omen nintzen hoin oker ibilia igande hartan! Amaren faltaz egia erran, gaixo amak atsulutuki nahi baitzuen Baionarat joan, Aita Saindua noiz nahi mintzatzen zuen kardinale batek benedikatuko gintuela... Eta oraino ez zakielarik, ez jakiten ahal, edo sorgina izan beharko zen, kardinale hori, bera ere Aita Saindu izanen zela egun batez! Joannes 23-garrena. Denen buru, ixtorioa hortan gelditu zen, ikusiz ez nintzala batere besteak baino akituago... Gero ziren eztabadak hasi Iriberrian eta Jauregian. Eskola pollita banuela BEPC delakoarekin, bainan aintzina segitu behar nuen ahal hortan gelditu. Nihaurek nahiko nuen aintzina eskolatu... Bainan etxen egonez, ikastegietako bizia ez zela enetzat! —”Hola denaz pondutik, erran zaitan amak, ez hitugu igorriko Uztaritzerat edo Maulerat bainan uste diat bulegoko lan garbi zerbait ukaiten ahal hukeela. Denbora berean, ainitz gauzaren ikasteko tokian hintazke. Nahi baduk, galdatuko diat hiretzat lana Pattotteiko etxekandereari, gure kusia baita, ez dik aise ezetz erranen”. Pattotteia zen Hazparneko zapeta-lantegi ezagutuena. Hango nagusi etxekandereak ikustez ezagutzen nintuen. Jende “handiak” nauzkan. Harritu nintzan jakitearekin kusi ginela. Bainan amak segurtatu zaitan egia zela. Baietz, jendakian ginela! Kusi urrunak, bainan kusiak! Merkatu arratsalde batez, erretzeko beroarekin, ama-semeak joan ginen lan-galdez Pattotteirat. Sehi batek sar-arazi gintuen sukalderat. Barne bat untsa ederra. — “Jateko sala aise ederragoa duk oraino, erran zaitan amak. Ikusiko duk harat sar-araziko gituelarik etxekandereak”. Pattotteiko anderea agertu zen azkenean, halako irri bitzi bat eginez. Amari konplimenduka, zer muttiko pollita nintzen eta zoin ernea! Amak hortan berean (dotzena bat arroltze mahain ezkina batean pausaturik, “horiek zuretzat, gutiz ez utz”) erran zion preseski enetzat bulegoko lan zerbaiten galdatzerat etorria zela. — “Ez dautzut arraposturik segidan emaiten ahal, zato berriz aste baten buruan. Bestenaz ere, barkatu, bainan arratsalde huntan zernahi gauza badut egiteko”. Hortan despeitu gintuen, oraino haste hartan baino bitziagoa iduritu zaitan irri faltsu batekin... Handik ateratzean, erran nion amari: “Ez dauku haatik jateko salarik erakutsi...” — “Bestaldian, sar-araziko gitik, ikusiko duk. Ez duka aditu egun lanez itoa dela?” Ondoko zortzian, amak nihaur igorri nintuen delako arrapostua zer zen jakiterat. Zendako nihaur? Ez dut egundaino jakin... Berriz ere sehiak sukalderat pasarazi nintuen eta ez nuen barnago sartzeko lanik ukan. Etxekanderea agertu zen, betiko irri zuri harekin eta hitz laburrez erran zaitan pena zuela, biziki pena zinez, bainan bulegoko bazutela ja aski langile, urte baten buruan edo hola aski nuela berriz agertzea. Etxerat itzuli nintzen, gisa batez kexu bezala, eta bestetik kasik loriatua, hots halako sentimendu nahasi batzuekin. “Ez dute ene beharrik, eza ukan dut, erran nion amari, eta egun ere ez dut jateko salarik ikusi”. — “Urte baten buruan berriz joaiteko erran badauk, ez duk hori arras eza”, ihardetsi zaitan amak, sekulan baino kar gehiagorekin laudatuz Pattotteiko etxekanderea, gure kusia... Berriz ere erranen dut: kusi urruna, bainan kusia nonbaitik...
Hegiko bordatik |