Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

 

Itziarren semeari

 

 

 

 

I

MADRILETIK ETORRITAKO GIZONA

 

      Egunero bezalaxe beranduegi zuen lotarako: Erregea eta Espainiako bandera izan ziren itzali ezinezko pantailan ikusitako azken irudiak. Ondoren botoi gorria sakatu zuen eta ilun geratu zen etxea telebistaren argi urdinxkarik gabe, gaua ordura artetxe etorri gabekoa bailitzen. Beste behin ere nekatuta jaikiko zen biharamun goizean, lo egiteko zeuzkan sei ordu eskasen deskantsu motzarekin.

      Telebistari begira, ia gauero harrapatzen zuen hipnosi lelo antzeko hark, zergatik eta zeri begiratzen zion ere erreparatu gabe. Trantze hartan, erlijioetan lortu ohi den ezerezak husten zizkion garunak. Lebitazio metafisiko baten antzeko posturak daukan xarma edukitzen zuen: begiak urrun, gorputza airean eta burua inon ere ez.

      Ohera abiatu baino lehen, erretzaile porrokatuen antzera, gaueroko zeremonia hasi zuen Mikel Zuluetak: Ducados paketetik zigarro bat atera, txiskeroa patrikan bilatu eta balkoira irten. Egunean zehar erretako guztiak gutxi bailiren, errematea jartzen zekien, ia egunero, balkoiko zeremoniaz. Ohe eta loaren ihesi bailebilen, atsedenaren unea atzeratzen saiatzen zen, egunean zehar ezer egiteko astirik ez eta gogoeta guztiak orduantxe egin behar balitu bezala.

      Zigarroa piztu eta indarrez zupatu zuen kea barnerantz. Ipurtargi gorria zirudien Ducadosak balkoiko iluntasunean. Orduantxe ikusi zituen zazpi gizon kalean, aparkatutako bere auto urdinaren inguruan miaka eta urduri, katu zaharren antzera. Pauso azkarrez zebiltzan eta arreta handiz, auto inguruan. Bertan altxor ezkuturen bat zegoela ematen zuen, haiek era hartan ikusita.

      Zazpi gizonez gain, beste batzuen itzalak ere ikus zitezkeen gauaren ilunpetan babesturik. Guztira hiru autotan etorriak ziren, paseko hegaztiak bezala, bandadan.

      Nissan Patrol-etako bat ohizkoa zen, sei Guardia Civil eramaten dituzten horietakoa eta oliba helduegiaren kolorekoa. Beste bat ere Nissan-a zen, baina zuria erabat. Paisanoz jantzitako hiru gizon irten ziren bertatik presaka, eutsi ezinik zuten artzai alemaniar baten kateari segika. Azkeneko autoa, arbolapean aparte xamar geratutakoa, Alfa Romeo gorria zen, LO-7425-T matrikuladuna. Pistola bana zeukaten eskutan handik irten ziren lau gizonek.

      Oralde bat gainera baletorkio baino beldur-eztenkada handiagoa sumatu zuen Mikelek ezustean: bihotza bizkortu, bizkarrezurrean hotza nabaritu, hankak ahuldu eta pentsamendu asko, denak batera, nahastu zitzaizkion: Eperik Gabeko Salto bat zen.

      Mikelek balkoi bertako zoru gainean itzali zuen zigarroa astirik galdu gabe. Etxera sartzea, telefonora joalea eta behatz dardaratiz 74 82 67 zenbakia markatzea, dena izan zen bat. Estutasun hartan, telefonoaren bestaldetik zetozen tutukadak oso luzeak egin zitzaizkion. Luzeegiak, sekula ez bezala.

      Tutu batetik bestera bitarteko une motz haietan, pentsamendu eta irudikazioak etorri zitzaizkion trumilka gogora. Heriotzaren atariko azken uneetan gertatzen den legez: denbora hazi eta hazi egin zitzaion, minutu bakoitzak ehunka segundo, eta segundo bakoitzak milaka hamarren baleuzka bezala. Etorri zitzaizkion burutapen mordoak flashak baizik ez ziren izango, seguru, baina zekarten oldarragatik edo, bizi-biziak begitandu zitzaizkion berari. Abiadura arrunteko gogoetak ziren Mikelentzat, nahiz eta segundo bakoitzeko bospasei irudi ezberdin bururatzeko beta eduki zuen.

      Zerebroa txirristada luze eta bukagaitz batean behera abiatu zitzaion gelditu ezinik, ferietako txinbili-txanboloetan bezalaxe. Beldurrak eta ustekabeko handiek eragiten duten Eperik Gabeko Saltoa zen.

      Tutukadak entzun bitarte, trumilka zetozkion irudikazio haietako batzuetan, kolpeak jasotzen ikusten zuen bere burua kalabozo zokoren batean, edo prentsan irakurrita zeuzkan tortura sistemarik landuenak pairatzen. Azala oilo-ipurdi jarri zitzaion orduan, eta biloak tentetu.

      Beste batzuetan, bere memorian jada estaliak zeuzkan aurpegiak agertzen zitzaizkion, han edo hemen ezagututako batzuen aurpegiak... Urte luzetan berariaz gogora ekarri gabekoak. Nahita ahaztuta zeuzkan lagun tristura-ekarleen aurpegi, oroitzapen eta izenak: Koldo Beristain, Joxe Peña, Lutxi Conde, Benan Larrea... guztiak barruan preso zeudenak. Bere burua kartzelaratu haien artean ikusi zuen pentsamenduetan, oilategiko txita oilo artean bezala. Beti beldurtu izan zuen hura zetorkiola sartu zitzaion buruan, ikaraz.

      Halakoetan inozo gehienek edukitzen dituzten gogoeta berak egin zituen orduan. Hotsik balute auzo guztian entzuteko moduan pentsatu zuen Mikelek berekiko: EZ DUT EZER EGIN! EZIN DIDATE EZER EGIN!

      Pentsamendu hark errealitatea ez zuela aldatzen ikusi zuenean, berriro bueltatu zitzaizkion egunkarietan ikusitako eszena beldurgarriak: bainera, kolpe eta elektrodoak. Tortura.

      Telefonoaren beste tutukada batzuetan, Pirinioetako paraje elurtuen irudiak ere etorri zitzaizkion gogora, mendi-postalak bailiren. Halako pentsamendu absurdoak egiteaz, harritzeko astia ere eduki zuen, hain une motz eta estuan. Geldiezinezko oldarrez korapilatu zitzaizkion burutazio ezberdin guzti haien hariak, mataza jasangaitz bat ezarriz sabeleko sarreran.

      Zortzigarren tutukadarekin batera telefonoa hartu zuen baten batek hariaren beste muturrean. Pentsamenduetatik atera zuen nobedade hark ernatuta, etxeko aterantz begiratu zuen adi, heriotza berberari begiratzen zaioneko beldurrezko begikerarekin. Baina inor ez zen sumatzen oraindik han.

      Bai, esan? —galdetu zuten telefonotik.

      Nati?

      Bai, neu naiz.

      Mikel naiz. Nere bila datoz, kanpoan autoa miatzen dihardute. Abisatu azkar abokatu bati. Ez utzi ni bakarrik! Beldur naiz, egin zerbait. Ez utzi ni bakarrik! —esan zuen arrapataka Mikelek, tripetatik etorritako zotin handi batek hitza ebaki zion arte.

      Zer diok? —galdetu zuen Natik hariaren beste muturretik, guztiz izuturik—. Zer diharduk esaten?

      Mikelek ez zuen, ordea, deus ere erantzun ahal izan, une hartantxe kolpe batzuk jo baitzituzten atearen bestaldetik, berak Pirinioetako eguzki-lore handi batez hornituta zeukan sarrerako atetik:

      Abran a la Guardia Civil!!

      Natiri agurrik esan gabe eta telefonoa zintzilikatzeke, besaulkitik atea irekitzera jaiki zenean, zirin apur bat irten zitzaion atzealdetik oharkabean. Kakaren hezetasun lotsagarriak areagotu egin zizkion beldurra eta izua.

      Atea zabaldu bezain laster, ahozpez etzan zuten lurrean derrepente. Fusil txiki baten muturra ezarri zioten belarri ostean eta metraileta bat gerrian. Filmetako eszena bailitzen, arrapaladan sartu ziren zortzi gizon etxe barrura armak eskutan zituztela, geletako ateak kolpetik zabaldu eta dena arakatuz.

      No hay nadie. Vivo solo —esan zuen Mikelek lurretik.

      Tú te callas —agindu zion bortizki Guardia Civiletako batek, aldi berean gerriko metraileta barrurago sartzen ziolarik.

      Las manos en la nuca —agindu zion beste batek saihetsean ostikoa emanez.

      Mi teniente, el telefono está sin colgar. Ha debido de avisar a alguien —esan zuen sartutako guztien artean lodiena zenak.

      Con quién has hablado? —galdegin zion orduan herrena zirudien tenienteak Mikeli.

      Con una amiga —atera zitzaion hitz dardaratiz.

      Con Natividad Lasa, seguro —gehitu zuen azkenez tenienteak.

      Mikelek zirin hoztua nabaritu zuen ipurmasailetan eta praka zirinduak ikusi zituen, ahozpez etzandako gorputz hura berea ez balitz bezala. Begiek beragandik aparte ibiltzea erabaki zutela ematen zuen. Han, ahozpez etzanda, logika hutsez ez zezakeen ezer ikus, baina horren ordez, bere bi begiak han zeuden Guardia Civilen buru gainetatik zebiltzan, mitxeleta ikusezinen antzera.

      Guardia Civil potoloa telefono ondoko mahaia errekistatzen ikusi zuen eta beste batzuk geletan zehar dena hankaz gora jartzen; han zegoen bizardun bakarrak portzelanazko pipa tunisiarra ezkutatu zuen uniforme barneko poltsikoan, eta ondoren aitonaren zilarrezko erloju zaharra sartu zuen patrikan, istant batez ahurrean pausatu eta begiratu ondoren.

      Mikelek bere gorputza ikusi zuen berriro bi begi hegalariei esker. Txorimaloa zirudien sarrerako alfonbra zikinaren gainean: alkandora gerritik aterata zeukan, zapatila falta zitzaion ezkerreko hankan eta metraileta bat zeukan bizkarraren erdian sartuta. Ipurtaldean, zikindu lotsagarri bat.

      Ondoren, begiak bere lekura bueltatu zitzaizkion, eskaintzen zioten ikuspegi orokorra etenez eta sarrerako alfonbra zaharkituaren hariak ikusi zituen muturraren kontra, kili-kilika sudurrean sartu nahian.

      Mailadian behera bultzaka jaitsi zuten ahalik eta isilen. Arbolapean erdi ezkutaturik zegoen Alfa Romeo gorrian sartu zuten ondoren lau pistoladunekin batean. Motorra eta argiak piztuta, ziztu bizian irten zen autoa arbolapetik errepiderantz.

      Bidaia luzea izan zen. Oso luzea. Logurez eta nekez egiten den ibilaldi bukagaitzaren antzera. Lau polizia haien artean joateak eragindako izu ohigabeak Eperik Gabeko Salto berri batean zorabio ia gaixora makurtu zuen, erremediorik gabeko gertaeran. Eperik Gabeko Salto barruan zebilen bai: Pasilloko alfonbra Turkian erosia zuen hamar urte lehenago Kabash izeneko azoka l'amatu batean. Handik Alemaniako Bremen hirira joan zen bata bestearen gainean dauden abere musikarien irudia ikusi eta garagardoa edatera. Bide batez, Kopenhageko Tivoliko parkean zeuden ahate zuriez ere oroitu zen. Vas a ver lo que es bueno. Eskandinaviako fiordoen tristura eta Karibeko uren usaina. Denak nahasian. Ayamonteko hondartza batean irailean arratsaldez. Toma cabrón. El Rossion kafetxo bat terrazan. Ha venido el jefe de seguridad desde Madrid. Lo tienes claro chaval. Salamancako hotza eta La Habanako taxista eroak. Holandako bizikletak eta Lisboako tranbiak. Fadoak gauerdian. Remedioseko mozkorriloa gitarra zahar hartan etsipena musikatzen. DO, LA, MI, RE, DO. Capullo! Hijoputa. Sagreseko epela eta Cabo San Vicenteko haizetan ileak dantzan. Dubrotnikeko plaza mimatuan, orkestra zaharreko biolin jolea izerdia mukizapiz xukatzen. Bergeneko dantzari potola dantzan BAT, BI, HIRU eta buelta. DO, LA, MI, RE, DO.

      Goizeko hiru eta erdiak aldean sartu zuten Mikel komisaldegi-koartelean: guardian zeudenak pasatu ondoren, aszentsore itxi batera eraman zuten eta orduan, gorantz egin ordez, beherantz egin zuen aszentsoreak zementuko etxearen sotoetarantz. Handik atera eta pasilloetan ia arrastaka zeramatenean, polizia bizardunak ez zuen besterik esaten:

      — Vaya peste que has dejado en el coche y en el ascensor. Cómo hueles! Te has cagao, cacho cabrón!

      Pasilloko zizeilu batean laga zuten eserita. Berarekin joandako poliziak alboko ate batean sartu ziren, bulegoa ematen zuen areto batera. Mikelek soldaduskako etxeen antza hartu zien bulego edo dena delako haiei: hormak garbi, zintzilikariorik gabe, orbel koloreko pintura ilundua, ate grisak eta tabako usaina. Estazio zaharren antza ere hartzen zion Mikelek etxe hari. Gero, ezarrita zeuzkan bi eskuburdinei begiratu zien, ikaraz. Gertatutakoak baino gehiago izutzen zuen zetorkionak.

      Eten egin ziren bere pentsamenduak, alboko atetik paisanoz jantzitako hamabi polizia tente irten zirenean. Bere paretik iragan ziren batere begiratu gabe eta hitzik ere esateke. Haien ostean beste lau gizon irten ziren ate beretik. Bat, bizarduna zen, autoan Mikelen alboan etorritakoa. Zutiarazi eta beraiekin eraman zuten, paper batzuk irakurtzen ziharduen gizon baten aurrean: Hantxe eseri zuten errespaldurik gabeko aulki batean.

      Mikelen parean zegoena, urre koloreko antiojoak zeuzkan gizon errubioa zen, seguru asko han zeudenen artean gehien agintzen zuena. Eskuarteko paperak emeki pausatu zituen mahai gainean, betaurrekoak ere erantzi zituen, zutitu, ukabilkada ikaragarri bat jo mahai gainean eta honela esan zion Mikeli:

      — Son las cuatro menos cuarto de la mañana. Tengo mucho trabajo, así que para las cuatro me vas a decir todo lo que sabes, hijoputa. Tienes un cuarto de hora. Dime, a dónde fuiste el día seis de abril con Natividad Lasa? Atravesasteis la frontera por Hendaya a las nueve y media de la mañana. A dónde y a qué? Vamos, contesta rápido.

      Zirinaren hezetasuna nabaritu zuen berriro Mikel Zuluetak ipurpean. Ostera ere trumilkatu zitzaizkion oroitzapen eta gogoetak buruan. Guztien gainetik hilabete pare bat lehenagoko egunkarietako titular izan ziren hitz batzuk nagusitu zitzaizkion:

      «El conocido terrorista portaba un arma en el momento de su detención. Félix Artetxe desaparecio de su confinamiento hace 40 días, desconociéndose su localización hasta ser detenido».

      Bera saltsa hartan sartuta zegoela uste bazuten, ez zutela pixka batean lasai utziko pentsatu zuen Mikelek, eta bazitekeela urre koloreko antiojodun hura benetan Madriletik etorritakoa izatea.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989