Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

XIII

EZER GUTXI

 

      Bar La Bañezako elkarrizketak ez zion ezer askotarako balio izan Beistegi abokatuari. Mikel Zuluetaren txikitako laguna zela esan zion Daniel Gurrutxagak beste ezer baino lehen, baina horretaz gain askoz gehiago ez.

      Gurrutxagaren ustetan, ezinezkoa zen Mikel Zulueta ezer handitan sartuta egotea, are gehiago, beti aitortu izan zuen halako ulertezin bat ekintza armaturen bat gertatu izan zenean. Eta beti izan zen hala, baita unibertsitateko garaietan ere. Gurrutxagaren hitzetan «arazo bat baino gehiago eduki zuen Mikelek bere jokaera hori zela-eta, jakin badakizu denbora haietan denok egoten ginela, jeneralean, borroken alde. Kontrakorrontean zebilen orduan Mikel eta akordatzen naiz behin nola hartu zuten oso estu fakultateko paraninfoan, asanblada baten ostean».

      Beistegik jarrera hori inoiz alda zitekeela esan zion Gurrutxagari, eta bazitekeela Zulueta orain zerbaitetan sartuta egotea. Bestela nondik zetorkion Nati Lasarekiko lotura hura?

      Hori beste kontu bat da —ihardetsi zion Gurrutxagak—, oso kontu ezaguna gainera. Betidanik izan baita horrela.

      Ez dut deus ulertzen.

      Mikel Zuluetak ez du beste inongo neskarentzat begirik eduki. Ez dakit zer gertatu zen beraien artean, baina Mikel Zuluetak beti izan du gogoan Nati, baita Tximurekin ihesi joan eta gero ere.

      Nola liteke, ordea, horrelako zerbait hainbeste urtetan zehar? —esan zuen Beistegik—. Zaila da sinesten.

      Hala da bai. Neronek ere mila aldiz esan izan diot Mikeli alferrik zebilela neska hari begira, han ez zegoela ezer egiterik, beste batentzat zirela Natiren gogoak.

      Eta zer erantzuten zizun berak?

      Berdin zela. Ezin zuela beste era batean hartu. Berak neska hura maite zuela eta kitto. Mikel ez da oso esplikazio zalea.

      Beistegi harriturik zegoen, adoleszenteen artekoa iruditzen zitzaion kontu hura. Umeen arteko gauza izan zitekeen, baina inola ere ez hogeitamar urteko mutilarena. Han derrigorrez egon behar zuen beste arrazoiren bat.

      Esan al zizun zerbait Nati Lasa bueltatu eta gero?

      Neronek galdetu nion, hain zuzen ere. Oso aldaturik sumatu nuen irratian. Hobeto zebilen, alaiago. Kosta zitzaion esatea, baina azkenean Nati Iparraldetik itzulia zela aitortu zidan eta berarekin egoteko aukera eduki zuela pare bat alditan.

      Besterik ez?

      Ez, ezertxo ere ez.

      Beistegik zigarroa beti hortzetan zuen tabernariari ordaindu eta taxi bat geratzea deliberatu zuen. Halaxe egon zen tarte luze batean zain, baina auzo hartara ez zen taxi askorik igotzen. Autobusaren geltokian zeuden guardasoldunen artean ibili zen borrokan, aterpe bila.

      Autobusean sartu eta zigarroa piztera zihoanean, atzeko aulkitik zetorren hots batek esan zion, ea ez ote zuen erretzea debekatzen zuen txartel nabarmen hura ikusten.

      Marmarrez gorde zuen txiskeroa patrikan, eta zigarroa bukatzeko zorian zegoen paketean.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989