Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

VIII

ICEBERGA

 

      Madriletik etorritako gizonari irribarre maltzur batek egin zion ihes ezpainetatik, emakume argal zurbil hura bere parean eser arazi zutenean. Mikel Zuluetarekin baino errazago izango zen hura galdekatzea. Emakumeak errazki ahultzen dira bortxakeriarekin. Hitzak alferrik izango ziren, baina lehenengo zaplastadarekin berehala bigunduko zen emakume hura, eguzkitan jarritako izozkiaren antzera.

      Gela hartan zegoen emakume polizia bakarrari handik irteteko agindu zion Madriletik etorritako gizonak eta halaxe egin zuen neskak azkar asko. Bazekien han gertatuko zenaren berri eta ez zuen ezer jakin nahi: lehenbizi galdeketa hasiko zen, ondoren blastioa eta azkenerako biluztu egingo zuten emakume zurbila eta auskalo... Emakume polizia batentzat ere ez zen batere atsegina han gertatu behar zena.

      Madriletik etorritako gizonari lan errazaren pozezko irribarreak irauten zion, baina erabat tronpatua zegoen, ez zuen asko ezagutzen parean zeukan izotzezko emakume hura. Bera Nati Lasa zen, eta ez zion fitsik ere esango parean zeukan urre koloreko antiojodun hari.

      Dime, a dónde fuiste con Mikel Zulueta el 6 de abril por la mañana? Responde!

      Ni Nati Lasa naiz. Ez dut legearen aurkako ezer egin eta ez dut hitzik esango —erantzun zuen ahots bare baina hotz batez.

      Cómo dices? —galdetu zuen Madrileko gizonak—. Qué no quieres contestar? Pero tú qué te has creído, puta?! —eta matraileko zaratatsu bat eman zion.

      Atzealdean zeuden bi poliziak ere sutan jarri ziren emakume haren hermetikotasuna ikusitakoan. Eskuak poltsikoetatik atera eta batak adatsetatik eta besteak besoetatik heldu zioten Natiri.

      Madriletik etorritako gizonak behin eta berriro errepikatu zuen galdera. Behin eta berriro astindu zuen Nati, baina, alferrik zen, Nati Lasaren buruan tristurazko trenak eta zumitzezko lanparak baizik ez ziren sartzen.

      Sutan zeuden hiru poliziak. Mahukak goian zituzten eta lehenengo izerdi tantoak zerizkion Madriletik etorritako gizon antiojodunari.

      Sentadla ahí y ponedle las esposas por detrás. Veremos si contesta o no esta terrorista hija de la gran puta.

      Lanpara eta trenen artean, une batez, beste burutazio bat ere etorri zitzaion Natiri, aulki hartan eserita eskuak atzean lotzen zizkioten bitartean. Bera hain estu hartzen bazuten, Mikel Zuluetak ezer esan ez zuelako izango zen, bestela beste era batean eramango zuten galdeketa polizia haiek. Pentsamendu honek handitu egin zizkion animoak eta horrekin batera, Iparraldea laga eta Hegoaldera etortzean asmatu egin zuela iruditu zitzaion.

      Madriletik etorritako gizonak zigarroa itzali zuen zapata muturraz lurrean eta berriro ekin zion galdeketa bortitzari.

      Erabakita zeukan Natik bere ahotik ez zela beste hitz bat gehiago ere irtengo. Bai, ezpal onekoa da Mikel, pentsatu zuen berriro.

      Polizia antiojodunak beste bi polizien esku laga zuen Nati; ondoren danbateko handiz atea itxi eta areto ilun hartatik kanpora irten zen.

      Natiri, patuaren iragarle zen irudi abstraktua agertu zitzaion begietara: bi marratxo marroi zertzelada gorriaren gainetik, eta alboan, lapa zirudien erliebe urdinxka. Begien parean, bi gizon galdezka, mahukak jasota eta izerditan. Zakur erotuak.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989