Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

XIX

MUGAN

 

      Muga guztiek dute beraiengan adierazgaitza den zerbait. Plano batean egindako marra soila izatetik benetan gurutzatu beharreko leku bihurtzen denean, urduritasuna eta batzuetan larritasuna nagusitzen dira bidaiariarengan. Derrigor ezkutuko zer edo zer azaleratu behar izaten dela pentsatzen zuen Mikel Zuluetak, Iparralderantz abiatu zen goiz eguzkitsu hartan.

      Bere ostetik zebilzkion bi poliziak galduak zituen jada (hiriko galeria handi batzuetako komunak erabili zituen horretarako), baina beldur zen mugako txabolatxo hartan, bera nor zen eta zertara zihoan asmatuko ote zuten bere begietan. Beti gauza bera gertatu izan zitzaion muga gainditzeko unean. Aurpegian, eskuetako dardaran edo beste nonbait bere urduritasunaren markak antzemango zituztela iruditzen zitzaion.

      Hantxe zegoen herrenkadan, zentzu bakarreko bide hartan automobil artean harrapaturik zain. Ez zegoen atzera ez aurrera egiterik. Itxoin egin behar zuen beste guztiek bezala txanda etorri arte.

      Betaurreko ilunak zeramatzan Mikelek eta ohizkoa baino dotoreagoa zen bere arropa, gorbata eta guzti. Bere buruan bazen oraindik egiaztatu gabeko burutapen sekretu bat, zeina desio berarekin nahasten baitzen: negozio gizon itxura hartan ikusten bazuten, gerta zitekeena zen ezer galdetu gabe muga pasatzen uztea.

      Hamabost metro falta zitzaizkion uniforme berdedunenganaino iristeko. Zigarro bat piztu zuen taupada azkartuak baretu nahian. Peugeot gris handi bat zeraman aurrean, eta hura baino lehen beste bost auto. Atzealdean oporlari batzuen furgoneta urdin bat ikusten zuen erretrobisoretik, eta atzerago beste hamarren bat auto ezberdinek osatzen zuten ilara multikolorea.

      Ezkerreko leihatila ireki zuen tabakoaren kea irten zedin. Minutu batzuk lehenago, muga kontrolerako hogeiren bat auto aurretik zituenean, bi kotxetatik bat gerarazten zutela ohartu zen eta berari ere tokatuko zitzaionetz kontu matematikoak egiten aritu zen, baina estutasunak ez zion utzi kontuak ganoraz egiten, eta pasaportea alboko poltsatik ateratzen saiatu zen azkenean, besterik gabe.

      Gidari guztiek paperak eskutan eta leihatilatik kanpo zeramatzaten, begira hementxe daude, denak zuzen daude, adierazi nahian bezala.

      Txabolatxoan begiratu ere ez zioten egin ez Mikeli eta ez bere aurreko lau auto-gidariei ere. Eskuaz aurrera jarraitzeko keinua baizik ez zien egin mugetako polizia zahar batek.

      Mikel Zuluetak arnasa hartu zuen luze: txarrena pasata zegoen, hogei metrotara baizik ez zegoen beste aldeko muga kontrola iragaitea baino ez zitzaion falta. Han beste bi txabolatxo zeuden bata bestearen segidan eta lehenengoaren parera iritsitakoan, geratzeko agindu zion eskuaz jendarme buruzuri batek:

      Papiers! —esan zuen.

      Mikelek prest zeukan pasaportea luzatu zion. Jendarmeak erretratuari eta Mikelen aurpegiari begiratu zien.

      C’est bien —esanez batera, aurrera jarraitzeko agindu zion ondoren.

      Hogei minutu baino lehen, haurra izan berri zuten etxera iritsiko zen: Miarritzeko Maņolo Goņiren etxera. Hara joan eta bertan galde zezala esan zioten, baldin eta Felix Artetxe ŦTximuŧri buruzko berririk jakin nahi bazuen behintzat. Maņolo Goņik zekiela haren berri, baten batek jakitekotan.

      Beste estatu bateko errepideetan zebilen: zoru hobea, bazterrak garbiago eta etxebizitzak lorategiz inguraturik ageri ziren. Han ezin zitekeen ikusi berak atzean lagatakoak bezalako porlanezko eraikuntzarik: leiho ezberdin ugariko munstro erraldoiak, bata bestearen alboan, desorekan, elkarri argia, haizea eta arnasa lapurtuaz, zatarkeriaren erreinuko herensuge diren tximinia ketiekin borrokan.

      Han ez. Paisaiak berak ere beste bat zirudien hain kilometro gutxitako aldean: uda bezperako haize beroak berdetasuna areagotuta zeukan ezin gehiago belardietan. Kosta aldeko bide hartan, arboladiak sasirik gabe, garbi, zekuskien Mikel Zuluetak, eta bihurguneren baten ondotik, hondartza txiki bateko olatu zuriek hausten zuten itsasoko urdin hedatua, eta gero etxe bat ageri zen urrutira arroka artean. Eta gero beste bat harantzago, eta beste bat eta beste bat, guztiak harmoniaren orekan.

      Zelda zuloan utzitako gizon beltzaz oroitu zen supituki: urrutiko lurretan, sosik gabe, hizkuntza ere ezagutzeke, ezer barik. Behar bada, bere lurralderanzko bidea zeraman ontziren batean bueltatuko zuten Afrikara, edo akaso zelda umelean jarraituko zuen dardarati, guztien ahanzturaz eta tabakorik ere gabe.

      Auto ilada bat ikusi zuen eskubiko errepidean semaforo gorria noiz berdetuko zain. Berea baino auto hobeak ziren han zeuden gehienak, goragoko diru mailaren adierazle ozenak. Eskubiko bide harretxetatik Natirekin Peyhoradera egindako bidaian hitz egindakoak eta elkarri eginiko bizitza berri baten promesak etorri zitzaizkion gogora Mikeli, egoera larri hura bera ere atsegingarri izan zitzaiola oroituz. Nahikoa zen berarentzat Nati alboan edukitzeak ematen zion epela gazi-gezak oro alboratzeko, eta haurgaltzerako bidaia hura ere txango izan zen berarentzat.

      Auto gaineko argi urdin bueltakari bat agertu zitzaion begi bistan bihurgune estu baten ondoren. Polizia kontrola zen, baina zorionez handik honantzakoak bakarrik gerarazten zituzten, Mikelen kontrako zentzuan zihoazenak.

      Hiriaren sarrerara iritsi zenean, paper txiki batean zeukan plano bat atera zuen poltsikotik, eta berari behatuz eta segika, uste baino errazago topatu zuen Maņolo Goņiren etxea.

      Atarira hurbildu bezain azkar, haur negarra iritsi zitzaion belarrietara etxe barrutik. Tirrina jotzeko astirik gabe gizon gazte batek ireki zion atea:

      Kaixo, zer nahi duzu? —galdetu zion lehor.

      Mikel Zulueta naiz. Maņolo Goņiren bila nabil.

      Zertarako? —galdegin zuen etxekoak.

      Mikel isildu egin zen istant batez. Ez zion gizonezko hari bere bidaiaren berri eman nahi, Goņi ez bazen behintzat.

      Nik Maņolo Goņirekin hitz egin nahi dut. Besterik ez.

      Neu nauzu Maņolo Goņi, sartu barrura —esan zion, atea gehiago irekiz eta barruranzko gonbitea keinuz lagunduz.

      Sarrerako atetik barneranzko ibilbide guztian sumatu zuen Mikel Zuluetak haur jaio berriek behar izaten dituzten xaboi, hauts eta kolonia bigunen usain azukrezkoa.

      Egongela zabal batean sartu ziren azkenez eta han beste bi gizonezko gazte ikusi zituen leihopeko besaulki banatan eserita. Sport jantziak zeramatzaten biek, kirol klub berekoak bailiren: txandal urdina eta John Smith plaiera zuriak.

      Bagenekien etortzekoa zinela —esan zion bibotedunak—. Zu al zara Nati Lasarekin atxilotu eta ondoren libro utzi dutena?

      Neu naiz bai —erantzun zuen Mikelek, eta zergatik eta zelan jakin gabe, Madriletik etorritako gizon antiojodunaz oroitu zen bat batean.

      Zer nahi duzu? —galdetu zion Maņolo Goņik.

      Felix Artetxerekin hitz egitera etorri naiz.

      Elkarri begiratu zioten hiru gizonezkoek eta Mikelen begietara ondoren. Isilik geratu ziren hirurak, Mikelentzat luzeegi gertatu ziren ondorengo minutuetan.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989