Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

IV

BESTE MANTZANILA BAT

 

      Goizeko zazpietan berriro jo zuen telefonoak sala dotore baina zahar kutsuko hartan. Gortinen artetik agertu zen Natiren ama, betiko batoi urdin lodia kamisoiaren gainean jantzita.

      Nor da? —esan zuen.

      Itziar naiz, Nati etxean al da? —galdegin zuen Natiren bizilaguna zen Itziar Muņozek.

      Bai, baina lotan dago, oso gau txarra pasatu du. Ez nuke hain goiz esnatu nahi.

      Bada, esnatu egin beharko duzu —esan zuen oso serio Itziarrek—. Polizia hemen izan dugu gau guztian, etxea errekistatzen eta bere zain. Ia neu ere eraman naute atxiloturik.

      Arnasa hartu zuen sakon orduan Natiren amak eta telefonoaren mahaitxo gainetik, alabak lagatako hautsontzitik, nikotina usaina igo zitzaion. Noizik eta behin alaba etortzen zitzaionean, bisitan edo egun batzuk igarotzera, aste osoak behar izaten zituen gero zigarro muturren usain lehor hura uxatu ahal izateko.

      Gogoeta alferrikakoak bazterrean laga eta ia korrika gurutzatu zituen pasilloko gortinak Natiren gelarantz.

      Nati! Itziar da telefonoan. Altxa azkar. Polizia zure bila ibili omen da gau guztian.

      Zer? —galdetu zuen Natik, loaren orratz artetik.

      Zoaz telefonora, eta esnatu lehenbailehen!

      Natik telefonoa jaso zuenean, taupaden abiadurak eta arnasaren estuak, tabakoaren kaltea gogorarazi zioten. Harrikada batez esnatutako katakume beldurtu baten antzera zebilen: mugimenduak kontrolatu ezinez begiak zabal-zabalik eta biloak xut, espantuaren espantuz.

      Telefonoaren bestaldean hizketan ari zitzaion Itziarri ez zion ia entzun ere egiten, hain baitzegoen beteta bere burua tren, estazio, kafesne bero eta zumitzezko lanparekin.

      Hala ere, azkenean behintzat, asmatu zuen hizketan, hitz dardaratiz izan bazen ere:

      Non nagoen esan al diezue? Ba al dakite amaren etxean nagoela?

      Ez, Eibarko lagun baten etxean zaudela esan diet, baina berehala pentsatuko dute hor zaudela.

      Bale, bada. Agur.

      Agur Nati, eta lasai ibili. Ez da ezer izango. Errutinaz egingo zuten hau. Gainera gu ere hementxe gauzkazu laguntzeko prest.

      Bai, bai, agur.

      Berriro eseri zen sofa gainean elefante gorriari begira. Berriro ferekatu zion amak bizkarra, lasaitze aldera.

      Ezin liteke ezer txarrik izan, ama. Felix utzi eta etorri nintzenetik badakizu nola ibili naizen ezertan sartu gabe —esan zuen Natik, bere buruari ere hura okerreko ametsa zela erakutsi nahian.

      Bai Nati, zaude lasai. Ez da ezer izango.

      Ama edo alaba ez den edonorentzat, ama-alaben arteko momentu batzuk, paramezioen arteko ezkontza bezain ulergaitz gertatzen dira. Kodigo eta portaera berezi batzuk azaleratzen dira beraien artean. Hitzek beste indar bat hartzen dute eta esku eta ezpainen mugimenduak, normalean lizunkeriatik hurbil egon daitekeen zerbaitekin nahas daitezke.

      Elkarri laguntzeko kanporatzen den errito ahaztu bat izaten da. Egiazkoa. Gizakiaren historiarekin baino gehiago, gizonok animalietatik dugunarekin zerikusia duena. Emeak baretu eta aldi berean indartzeko balio izaten duen senezko harremana. Biak, ama eta alaba, bat egiten dituen ikusezinezko burbuila sentibera.

      Jantzi zaitez Nati. Hobe duzu prest egotea badaezpada ere. Zure bila badabiltza aurki izango ditugu hemen.

      Bai ama. Berehala.

      Biak joan ziren alabaren gelara, eta ispilu aurreko eszena errepikatuenean murgildu zen Nati, edozein egunetan bezalaxe lanera bailihoan: gaueko lojantziak kendu eta egunerako arropak jantzi, mekanikoki eta zertan ziharduen pentsatu ere egin gabe. Handik komunera zuzen.

      Amak ura jarri zuen berriro ere irakiten, eta ohizko kamamilari tilo hosto batzuk gehitu zizkion. Nati komunetik bueltatu zenerako, prest zeukan katilukada mahai gainean. Une hartantxe entzun zuten eskaileretako pauso hotsa eta ondorengo ABRAN A LA GUARDIA CIVIL oihua.

      Amak eskuturrak heldu zizkion alabari eta honek irribarre bare bat eskaini zion ordaintzat, besterik ezean.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989