Kondoi urrunak
Juan Karlos Merino

Txalaparta, 2002

 

 

Osabari.

Goian bero.

 

Eskerrak Rosa Odriozolari, Juan Martin Elexpururi

eta Aitor Aranari.

Zuek gabe ez zukeen argia ikusiko liburu honek.

 

 

 

Benetako maitasuna

 

      Bidean nintzen Lisboatik bueltan, San Jose zubia gurasoen etxean igarotzeko. Nork pentsatu behar zuen horrelako ezuste bat gertatu behar zitzaidala, non eta gurasoen etxean.

      Iñurgeztarren mutila naiz, etxeko abizena galtzera doan mutil zaharra, nesketan aspaldi pentsatzen ez duena, eta are gutxiago ezkontzan. Ez nuen inondik espero, bada, zoriak ordu gutxira maitasun berri baten zaporea utziko zidala ezpainetan.

      Nola imajinatu behar nuen, gainera, maitasun berri horrek hain gogor joko ninduela. Nola pentsatu behar nuen ustekabeko gertaera zoriontsu hura hain lazgarria gertatuko zela gurasoentzat. Izan ere, abisatu gabe nentorren, aita-amei ezuste bat eman nahian, eta eman nien, ederra gainera.

      Etxean azkenik. BMWa palmondo alboan utzita, etxeko atea ireki eta barrura sartu nintzen. Lau urte ziren etxetik kanpora joan nintzela aldi baterako, nire lanaren ondorioz, eta, benetan, aita-amak ikusteko irrikan nengoen.

      —Kaixoo, ni naiz, Iñaki! —oihu egin nuen poz-pozik. Eta egongelako kuku-erlojuak baino ez zidan erantzun.

      Durangora joanak zirela pentsatu nuen berehala; nire arreba ezkonduari bisita egitera, seguruenik. Beraz, tximinia piztu nuen giroa berotzeko, eta zerbait jatea erabaki, laster itzuliko zirelakoan.

      Patata-tortilla prestatu eta jan egin nuen, sukaldeko azulejo zaharrei eta suari begira. Sabela beteta, eta aita-amak ez ziren agertzen. Denbora apur batera, asper-asper eginda nengoen.

      Gaztaroko logelara eraman nuen ekipajea. Negu amaierako arratsalde hotz eta goibela zen gelaren leihokoa; baso eta mendi nabarrak laino artean ezkutatzen ziren; zozo samalda batek airea zeharkatu zuen eta Elorrio hiribildua ageri zen sakonean, lanbro artean. Leihoaren argitan desegin nituen maletak.

      Arropa-armairuan gorde eta gero, gela handi zabal isilak korritu nituen, eta, zori hutsez edo patuak eraginda —ezin jakin—, ganbarako ate itxiaren aurrean gelditu nintzen, beste aldean norbait edo zerbait zegoela sentitu banu bezala. Ireki egin nuen.

      Zurezko eskailera ilunean gora, aspaldiko kirrika aditu nuen, etxe zahar guztiei darien misterio eta xarmaz. Gogoan nuen bezala egiten zuen kirrika egurrak pauso bakoitzean —pauso sendoak baina mantsoak—, eta ilunpean barneratu ahala, ohol hotsa handituz zihoan, azken mailara iritsi eta, kolpe batez goiko ate trangatua irekiz, argia piztu nuen arte: klik!

      Begirada arin bat bota nuen sartu aurretik. Ez zegoen inor, isiltasuna soilik. Eguargi goibela sartzen zen etxearen aurrealdeko hiru leihotxoetatik, barruko hauts-malutak ikusgai bilakatuz, gero malenkoniatsu pausatzeko oholtza gainean, hiru laukizuzen argitsu osatuz.

      Sartu egin nintzen. Habe batetik zintzilikatutako bonbilla triste baten argi horitan, tontor pila eta forma asko nabari ziren, areto zabalaren ohol pipitsuzko zoruan zehar barreiatuak, denak marasma-sarezko eta hautsezko geruza batez estaliak, ganbarak meategi zahar eta utzi baten itxura hartzen zuela.

      Esaterako, bazter bateko ilunpetan, espektro bat zirudien ureztatzeko ponpa bat zegoen, Piva markakoa. Ondoan, gurpilak hustuak zituzten paseatzeko bi bizikleta hormaren kontra jarriak, hautsez beteriko plastiko handi baten azpian, beren jabeen zain baleude bezala: bata nirea, bestea arrebarena. Beste aldean, gerra garaiko gas sukalde bat, altzari zahar desmuntatu ugari eta kartoizko kutxa batzuk.

      Kutxak zeuden aldera hurbildu nintzen jakin-minez. Lau ziren. Hiru oso handiak eta bestea txikiagoa. Hau egurrezkoa zen; besteak, aldiz, kartoizkoak. Zurezko txikia ireki nuen lehenbizi, altxor bila dabilen pirata baten moduan. Ez nuen barruan urrerik aurkitzea espero, jakina; baina, tapa ireki nuenean, urrea aurkitzeak adinako poza eman zidan han ikusitakoak. Izan ere, nire auto txikien bilduma zegoen barruan, plastikozko kutxatxo gardenetan ederto gordeta, duela hogei urte laga nituen bezalaxe... Nola esan? Milaka oroitzapen eta irudi bildu ziren nire begien aurrean, supituki, gauza zaharrek oroitzapenak iratzartzeko duten magiaz.

      —Aitona, aitona. Nik Ferrari gorriarekin, eta, eta zuk honekin, bale?

      —Bai, baina merienda bukatzekotan, e, Iñaki?

      Aitona bai ona. Txapela buruan eta ibili munduan, esaten zidan, eskolara joateko gogorik ez nuenean. Egun, txapeldun asko ere herren dabil, esango nioke bizirik balego.

      Bildumatik pare bat auto atera eta gurpilak biratzeari ekin nion hatzez.

      “Ze gauza sinpleek egiten gaituzten zoriontsu txikitan!”, esan nuen nire artean. Gero, bilduma osoa atera nuen azpian zer zegoen ikusteko. Ja, ja!, barre eragin zidan auto bilduma azpian topatu nuen Geyper Man-ak. Izan ere, Erregeetan sinesten nuen denboran ekarri zidaten gurasoek. Haiek garaiak haiek!

      Geyper Man bizardunak hanka bat hautsirik zuen, nire logelan irudikatzen nituen mendi arrokatsuetan elkarrekin egin genuen azken abenturaren ondorioz.

      —Zure aginduetara, komandante! —bota nuen sabeliztun gisan, eskua haren burura eramanda, agurra eginez.

      —Kontxo! —esan nuen begiak kutxan jarrita—. Nire ziba! Nire kromoak!

      Ziba hartu nuen, birarazteko kordel eta guzti (jadanik ez nekien dantzan eragiten), futboleko kromoz beteriko bi kutxatxoren artetik, eta beste gauzekin batera zoruan laga nituen.

      —Zer da hau?

      Apur bat alboratu nituen kromoen kutxatxoak oihalezko zorro bat hartzeko. Eta hartzea aski izan zen ganbarako oihartzunean berehala hots berezi, ezagun eta alaigarri batek belarrietan durundi egiteko. Atera, zoruan laga eta egonezinez askatu nuen zorroaren lokarria... O!, nire beirazko puxtarriak ziren; bostehun bat denera, jokaldiz jokaldi eskolako mutikoei gogor irabaziak. Hura bai altxorra!

      Nire puxtarri kuttunenak bilatu, zorrotik atera eta bonbillapean ipini nituen banan-banan. Bonbillaren argi motela beira koloretsuan zehar iragazten zen milaka kolore eta distira argitsutan banatuta, eta nire hatzekin eginiko bira txikienak kaleidoskopio ñimiño bihurtzen zituen, edozenbat argizko konposaketa desberdin eskainiz era liluragarrian.

      Liluratuta ikusi nuen une hartan nola hasi zen islatzen puxtarrien gain esferikoan —oraingoan bola txiki magikoen antzera— ahaztutako irudi mordo bat, urteen hobian aspaldi lurperaturik uste nituenak. Liluratuta pentsatu nuen orduan urteek ez zutela izan puxtarri haietan nigan bezalako eraginik, eta apika horregatik isla zezaketela haurtzaro galdua. Nolanahi ere, haize bolada bat sartu zen teilatuko zirrikituetatik une magiko hartan, eta puxtarrietan ikusi nuen berriz arrats hura, logelatik irteteko amak errieta egin zidan arrats hura.

      —Iñaki, zatoz jolastera Martarekin.

      —Ez. Ez dut nahi!

      —Baina zergatik ez duzu Martarekin jolastu nahi?

      —Neskek ez dute puxtarrietan jolasten!

      Gure amari ezezaguna zitzaion Martarekin jolastu nahi ez nuen kontua. Aspaldi hartan Martak toki guztietara jarraitzen ninduen, ez ninduen bakean uzten; eta hargatik arreba Isabelek barre asko egiten zuen nire lepotik. Martak toki guztietara jarraitzen ninduen, bai, eta nire ustez, gainera, betidanik susmatu zuen zerbaitengatik.

      Izan ere, zenbat eta kasu gutxiago egin Martari, orduan eta handiagoak ziren bere susmoak, eta, ondorioz, sarriago eta maltzurrago abesten zidan gaztelaniazko kantu lelo hura, kantu madarikatu hura: “Tengo una muñeca vestida de azul, con su camisita y su canesú. La saqué a paseo, se me constipó, la tengo en la cama con mucho dolor”.

      Gure familien arteko maitasun itundua zen hura. Benetan uste zuten Martak eta biok ume-umetatik elkarrekin jolasten bagenuen, erraz maiteminduko ginela; edota, bestela, ezkontza ilogikoa hobeto onartuko genuela. Ez zen horrela gertatu. Eta puxtarriak zorroan gordez —eta zorroa kutxan—, burutik kendu nuen Martaren irudia.

      Ateratako guztia sartu nuen ondoren, eta tapa itxi eta gero beste kutxetara begira jarri nintzen jakin-minak xaxatuta. Zer gehiago ezkutatzen ote zuen ganbarako iluntasunak, zer nolako oroitzapen eta sekretuak ote zeuden kutxa haietan ostenduak?

      Erantzun bila, iraganak jarri bide zidan hitzordua atzendu gabe (hitzordu psikosomatikoa), plastikozko poltsa handietan sartutako horma-paper erroilu mordo baten azpian zegoen kutxa ireki nuen. Barruan OHOko liburuak idoro nituen: matematika, gizartea, natura, irakurketa, marrazkia... eta baita ariketa koadernotxo batzuk ere.

      Haietako liburu bat hartuta eseri nintzen ondoko kutxan, gaina apur bat garbitu ondoren. Liburua zabaldu bezain azkar, orrietan azaldu zitzaizkidan eskolako irudiak. Eta nostalgia kutsuaz itzuli ziren nigana haurtzaroko ikastegun haiek, amets eta itxaropenez beteak, ilusio eta proiektuz ernalduak. Oroimenaren begiez ikusi nuen, beraz, zurezko idazmahaia, mahai aldapadun hura, bere lumarako tarte eta tintontzirako zulo eta guzti. Ikusi nituen, halaber, irakasleen aurpegiak, eta hartu tinta, plastilina eta borragomaren usaina.

      Hunkituta, liburua utzi eta koadernotxo azal-urdin bat hartu nuen. Hura bai polita! Haurtzaroko marrazkiak altxatu ziren haren orrietatik, marrazki-bizidunak balira bezala. Grazia egin zidan orduan nire estiloak: koloreak, marrazkien konposizioak... Beno, egia esateko, marrazkiak baino gehiago zirriborroak ziren —astamakilak ziruditen gorputz, zango eta eskuek; buruek, aldiz, globoak—. Hala ere, oso ezagunak guztiak, etxekoak baitziren.

      Marrazkietan ez zen ezer falta: etxea, palmondoa, aitaren autoa. Marrazki gehienetan, Oz aztiaren ipuinean bezala, sarreratik ateraino zihoan bide oker baten gainean zegoen familia osoa pintatuta; eta beste askotan familia hori bera, adiskide gutxi batzuekin. Azken hauetan, besteetan bezala, bakoitzak bere izena zuen azpian, hizki okerrez neuk idatziak: aita Jose Antonio, ama Maria Rosa, arreba Isabel, amaren adiskide min Sofia, honen alaba Marta; eta denok. Ni txikiena, jakina.

      Une batez begira geratu nintzaien. Irri egin nion nire irudi tolesgabeari, eta koadernotxoa itxi nuen; gero beste liburutxo bat hartu nuen, higatuena zirudiena.

      Liburua zaharra zen oso, orriak horituta zeuden. Orri batzuk pasatu eta begiak umeldu zitzaizkidan. Izan ere, liburutxo harekin ikasi nuen irakurtzen; harekin sentitu nuen aurrenekoz irakurketaren magia. Hunkituta nengoen benetan.

      Adi-adi hasi nintzen hizki lerro haiek irakurtzen. Irakurri ahala sentituz nindoan gero eta gehiago hurbiltzen nintzela izan nintzen haurrarengana. Hurbiltze horrek, gainera, nolakoa nintzen eta nolakoa naizen jabetzeko aukera ematen zidan. Hau da, zer izan nahi nuen eta zer nintzen; zertan egin nuen kale; edota zein okerreko bidetan amaitu, zapuztu, zokoratu eta puskatu nituen neure ametsak. Baina beste aukera bat ere ematen zidan hurbiltze horrek —niretzat gogorrena—. Izan ere, banuen, azkenik, haurrari hautsitako amets guztiengatik barkamena eskatzeko abagune galezin bat.

      Horrela ikusita, ez nintzen, ez, neure bizitzaz harro sentitu. Atsekabetuta nengoen, benetan. Bat-batean, ilunpean dizdiz egiten zuen zerbaitek erakarri zuen nire arreta. Bazterrean kutxa bat ikusi nuen, berogailu zahar baten gainean. Handik zetorren printza. Zer ote zen? Astiro hurbildu nintzen. Kutxatik panpina baten burua gailentzen zen, eta kristalezko begi turkesek bi izartxok bezala txinparta zegiten argi horitan. Gainera une batez iruditu zitzaidan begiak pozik zeudela niri berriz begiratzeagatik.

      Panpina gajoa! Hantxe zegoen biluzik, ahazturik eta hautsez beterik. Ez dut ulertzen zer gertatu zitzaidan orduan; zergatik hartu nuen samurkiro besoetan; zergatik egin nuen gero egin nuen guztia. Dakidana da besoetan hartu nuela eta gorputza eta aurpegia leunki garbitu nizkiola zapi batez. Ondoren, joanda bezala geratu nintzen panpinari begira. Haren aurpegiera aldaezina, betile amaigabeak, ile horail benetakoa, ezpainen forma zuri-gorriak, bular txikien pubertaro plastifikatua, beso eta zangoen zurruntasun ortopedikoa, hankarteko jostura leuna... dena artelan baten edertasunez sartzen zen nire begietatik.

      Zinez da ederra. Ia metroko garaiera du, eta, txikitan, arrebaren lagunen inbidia zen. Haren lagunen inbidia eta nire maitasun sekretua. Bazen garaia hori neure buruari aitortzeko. Aitortzeko, hain zuzen, anderearen irudi birjinak liluratu eta sorgindu ninduela nire haurtzaroko alditxo batean eta pubertaro osoan.

      Eta hori aitortuta, umetan andrakila harekiko sentitzen nuen erakarpenak sentipen zaharrez erre zizkidan matrailak. Izan ere, gogoratzen nuen neure burua anderea harrapatzen arrebaren ohetik, eta nola gero, nire logelan sartuta, gerritik heldu eta, gonak altxatuz, puntuzko kuleroak eranzten nizkion hobeto ikertzearren...

      Leiho batera hurbildu nintzen panpinarekin, eta etxe aurreko lorategira begiratu nuen. Gogoak iraganera eraman ninduen herriz, eta kanpoan udaberria egin zitzaidan; arrosondo inausiak hazi eta loratu ziren bat-batean, filmetan bezala. Garai hartako etxaurrea zen, eta orduan nintzen haurra, Iñaki txikia eta tolesgabea, palmondoaren atzetik zelatan ikusi nuen, beste aldean, Marta eta arreba belarretan jolasean ari ziren bitartean. Panpina, noski, Isabelen hanketan eserita zegoen, hain motza zen soineko urdinez jantzita, besoak eta hankak zabalik.

      Dio! Zenbat aldiz ez ote zidan kiskali gorputz osoa desiraren sugar ezezagun hark, panpina jarrera horretan ikustean! Zenbat bider ez ote zitzaidan iruditu andereak begi-ertzetik so gozoak itzultzen zizkidala, begira nengoela baleki bezala!

      —Zer, berriz ere panpinari begira lelotuta? —ezustean Martak atzetik.

      Zelatan harrapatuta, ihesari ematen nion korrika, arrebak zer entzungo eta ama zertaz jabetuko beldurrez. Ihesi. Amorruz eta gorrotoz gainezka sartzen nintzen etxe barrura, eskailerak igo eta goiko logelen labirintoan zehar jarraitzen nuen lasterka etsi batean, Marta atzetik zetorkidala ondotxo jakin arren. Beti zetorkidan atzetik. Aita-amen logelako armairu barruan ezkutatuta amaitzen nuen, amaren larruzko berokien eta aitaren trajeen artean. Denbora gutxira, jakina, astiro hurbiltzen zen Marta kantari, abestitxo inozo hura ahopeka abestuz, jolas gaixoti bilakatu zen armairukoaren hasiera adieraziz.

      —Badakit hor zaudela Iñaki... Zergatik ezkutatzen zara beti toki berean?

      Beste atetik sartzen zen Marta orduan, eta aitaren artilezko jertseen gainean esertzen zenean, jakin-mina asetzen saiatzen nintzen berarekin. Ilunpe epel hartan nire eskuek aske nabigatzen zuten armairuko arropa artean eta Martaren eskola-jantzian barna egiten saiatzen nintzen, baina alferrik.

      Egunero ahalegintzen nintzen eginkizun hartan askari garaian, eskolatik etxera etorritakoan; baina, egia esatera, Martak beti saihesten zituen nire ahaleginak. Maiz, armairu hondoaren kontra harrapaturik izan arren, nire musuek beti topatu zituzten hertsiak haren ezpain zuri-gorriak, panpinarenak bezain itxiak eta hotzak. Eta azkenean Martak, behin eta berriz burua alde batera edo bestera biratuz, ohikoa errepikatzen zidan gogaituta, jolasaren amaiera adierazii:

      —Ezetz Iñaki! Ez dizudala hankartetxoa erakutsiko! Hori bekatua dela esaten du amak eta...

      Leihoari bizkarra eman nion orainaldira itzuL tieko, eta beste behin ere Martaren aspaldiko ahots eragozlea entzun nuen ganbarako isiltasun kabernarioan: hori bekatua da, hori bekatua da... Beste behin ere erru sentipenak eta aladurak atera behar izan nituen bihotzetik, Martaren irudiak beti esturaz beterik gogora zekarzkidanak.

      Iragana gogoratzea jolas gaizto bilakatu zen bat-batean. Neu nintzen haur hori, eta gogor ari zitzaidan hizketan iraganetik. Nolakoa zen ahaztua nuen eta errieta egiten zidan, eta, batera, bide galdua, utzia markatzen zidan, zorion eta maitasunaren xenda ezezagunaren gidari agertuz. Halaxe ulertu nuen nik, bederen; eta, haren oroitzapenen aurrean errukituta, utzi egin nion gida nintzala, azken aukera zelakoan, eta bizitza erorkorretik behingoz aterako ninduelakoan.

      Panpina aulki zahar batean laga nuen kutxa barrena miatzeko. Hantxe ediren nuen bila nenbilen kaxa gorria: panpina-arropaz beteriko jantzitegi txiki bat. Kutxari bi errematxez itsatsia zegoen txapatxo batean panpinaren izena ageri zen: Mariquita Perez.

      Atera eta kaxa gainean zabaltzen hasi nintzen: belus urdinezko soinekoa, txarolezko zapatatxoak, ileko txori urdina, galtzerdi zuriak eta puntuzko kulero zulodunak. Banan-banan eta emeki-emeki jantzi nizkion. Orraztu egin nuen ondoren, aitatasun osoz, urrezko adats bihurriak bere masail marduletatik tarteka kenduz. Besarkatu egin nuen azkenik.

      Horrela hasi zen guztia, oharkabean, oroitzapenak horditurik, zoraturik. Zoraldi horretan, kanporatuta gauden paradisu horretara itzuli nintzen, berriz haurra izan nintzen. Ai ene! Panpina airean jaso eta biraka hasi nintzen ganbararen erdian, panpinarekin noriarena egiten; barrez, zoriontsu eta ume.

      Nola aitortu ondorengoa, lotsa-lotsa egin gabe? Handiegia izan zen tentaldia. Zoruan manta zahar bat zabaldu nuen eta biok etzan ginen gainean. Begi turkesak musukatu nizkion lehenik; ahoa gero; oinak eta eskuak azkenik. Eta musu bakoitzean nire ezpainak puztu egiten ziren desira debekatu batez, gonapean, plastikozko aluan hatz-mamia pausatzen nuen bitartean, igurtzi biribil txikiak eginez.

      Inoiz ez bezala erretzen ninduen zakilak galtzen barruan. Dio! Sua jasanezina zen. Gerrikoa askatu, metalezko botoiak libratu eta batera jaitsi nituen prakak eta galtzontziloak. Ondoren, haren gainean jarri nintzen eta pubis lauaren kontra ipini nuen nire zakil erraldoia. Gora eta behera higitu nuen, emeki eta poliki, hankartetxo estu hartan zehar.

      Panpinak begiak itxiak zituen (berez ixten zaizkio, egia esan, etzandakoan), nire sexua hobeto sentitu nahirik bezala. Geroxeago, zorabio eztian, estasizko hasperen leun eta luze bat bota nuen, eta berehala haziz busti nion bularra eta aurpegia. Baina, haziaz gain, neure arimaz ere zipriztindu nuela iruditu zitzaidan, neure barnea betea eta aldi berean hustua sentitu bainuen. Sentipen sakonen menpe geratu nintzen, bihotzetik darigun benetako maitasunaz txortan egin izan banu bezala.

      Bake mugagabean bildua nuen gorputza. Plazera burutua, eskuetan nuen maitale asearen eskerrona. Haren gainetik kendu eta, zapiaz garbitu ostean, alboan etzan nintzen. Gero, une batez, bular gainera jaso nuen panpina eta bere ipurmamien azal soraioa gozaratu nuen. Euriaren marmarra aditzen zen kanpoan, teilen gainean ura irristaka zebilen, plastikozko izterretan nire hatzen antzera.

      Sakon hartu nuen arnasa, eta aireak larru usaina zekarkidan, hautsarenarekin nahasian, belus urdineko jantziaren hazi-orbanetik. Arnasa poliki bota ondoren, hitz dardaratiz hitz egiten hasi nintzen panpinarekin. Hainbeste engainu eta harreman zapuzturekin nazkatuta, zintzo mintzatu nintzaion begietara. Eta esan baino gehiago aitortu egin nion sekula ez nintzela izan une haietan bezain zoriontsua. Aitortzeaz bat, malko bat begietatik isuri eta dizdizka erori zitzaidan haren ezpainetara.

      Malko harekin batera ulertu nuen zuloz eta oztopoz beteriko bide okerretan ibilia nintzela ordura arte; nire bizialdia —pasio faltsuek garraztua— noraezeko ibilera amaigabea izan zela egiazko maitasunaren atzetik, eta panpina lirain harengan ediren nuela azkenik.

      Ordura arte oker egona nintzen, beraz. Bizitza da eta ez maitasuna itsutzen gaituena, engainatu eta bide okerretatik arrastaka eramaten gaituena, gure xedeetatik, gure zorionetik urrun.

      Une hartan panpinaren irudi birjinak nire bizialdi osoko frustrazio eta zoritxarraren sinbolo izateari utzi zion, maitasunaren Rosetta harri bilakatzeko. Eta pentsatu nuen gehiegi garela maitasuna ezagutzeke azken arnasa botatzen dugun gizakiak, benetako maitasuna sentitzeke azken loa egiten dugunak.

      Ideia horrekin, larrua jo osteko lozorroak hordituta, lo gelditu nintzen jarrera irrigarri hartan, inozo baten moduan: lokartu nintzen galtzak eta galtzontziloak jaitsita, lokartu nintzen zakilak barraskiloaren gisa maskorrean atzera egiten zuen bitartean, lokartu nintzen anderea bular gainean nuela, loaren arnasaren konpasean zabuka, begi bat kliskatuta eta zangoak zabalik eta kuleroak nire sexuaren oldarrengatik luzatuta eta emanda. Lokartu nintzen.

      Oso loaldi arina izan zen, maiteminduaren loaldia. Iratzartzean panpinak begi-keinuka zirauen; aita-amak eta arrebak, aldiz, ikuskizunak izozturik, aho bete hortz ganbarako atean, noiztik ez nekiela; eta ni etzanda, bihotza zoraturik, taupa-taupa bularraren kontra.

 

Kondoi urrunak
Juan Karlos Merino

Txalaparta, 2002