Kondoi urrunak
Juan Karlos Merino

Txalaparta, 2002

 

 

Gutuna

 

      Gutunak zoratu egin ninduen.

      Neskekin atarramentu onik ez dut izan sekula. Zer egingo zaio, bada, pertsona arrunta naiz, ez garaia eta ez txikia, ez ederra eta ez zatarra... Pertsona arrunta.

      Baina fisikoa ez da dena gai honetan, eragina baduela ukatu gabe; edo, hobeto esanda, bazuela duela gutxi arte, gutun hura jaso nuen arte, hain zuzen ere.

      Kontatzen hasiko naiz. Esan beharra dut eskola garaian ez nuela diru-zorroan edo karpetan emakumeen argazkirik eramaten, ez nuela liburuetan emakume izenik idazten, eta eskolako neskarik ederrenak ere ez ninduela erakartzen. Eta ez naiz homosexuala.

      Xalbadorren bertsoek, bestalde, ez zuten inoiz nire bihotza hunkitzen, eta Bilintxen kopla eta bertsoak aspergarriak baino aspergarriagoak iruditzen zitzaizkidan. Berbenetan ere dultzemeneoa jotzen zutenean ospa egiten nuen. Hitz gutxitan esanda, maitasunarentzat soraioa nintzen. Edo hala izan nintzen duela gutxi arte.

      Tamalez ez nintzen bakarra! Lagunarteko denak berdintsuak ginen. Gogoan ditut institutuan igarotako urte luze haiek. Kirola eta ikasketak, besterik ez genuen buruan. Jai egunetan ez ginen neskatara irteten eta ahal zen moduan igarotzen genituen amaierarik gabeko arratsalde aspergarri haiek. Institutuko azken urteetan, ostera, apurka-apurka esnatuz joan ziren denak, eta neska-lagunak topatu zituzten, ni bakardade hotz eta latzean utzita.

      Unibertsitateko urteetan betiko koadrila desegin zen. Denek nahiago zuten neskekin egotea lagunekin baino. Ikasturtean zehar ez zidan gehiegi axola, oso lanpeturik ibiltzen bainintzen. Oporretan, aldiz, bakardadeak irensten ninduen eta gaizki pasatzen nuen. Kafetxo bat hartzeko ere ez zidaten deitzen alu haiek.

      Ikasketak bukatu eta aurki hasi nintzen lehenengo eztei-gonbidapenak jasotzen.

      —Baina zer da hau? Denak erotu zarete ala? —esaten nien lagunei. Eta bakarrik joaten nintzen lagunen ezkontza guztietara.

      Bakarrik egotea ez zitzaidan artean axola, ez bainintzen bakarrik sentitzen. Nahikoa lan nuen lana topatzen, egia esan. Ez nuen astirik, beraz, nesketan pentsatzeko. Gainera, gauza horiek berez etortzen direla uste nuen. Azken ezkontzan, ostera, Andonirenean, oso bakarrik sentitu nintzen. Gurasoak neskaren bat topatzeko esaten hasi zitzaizkidan, eta ez soilik ni bakarrik ez ikustearren, ni etxetik nola bota ez zekitelako ere bai.

      Zer egin, ordea? Konketako ispiluaren aurrean berehala ulertu nuen ni bezalakoak ez garela Kupidoren kuttunenak; hots, zaila zaigula maitasunaren beroa eta pasioa ezagutzea, maitatzea eta maitatuak izatea, eta bizitza zoragarria egiten duten txorakeria horiek guztiak bizi ahal izatea.

      Baina Kupidoren ate guztiak itxita daudela uste dugunean, zapla!, bizitzak berak zabaltzen digu zirrikituren bat, txiripaz bada ere. Halaxe gertatu zitzaidan herriko azokan institutuan elkarrekin ibilitako Garbiņe aurkitu nuenean.

      Garbiņe neska normala da, ez garaia eta ez txikia, ez gizena eta ez argala; ez ederra eta ez itsusia... Normala, beste asko bezalakoa.

      Hizketan hasi ginen eta horrela jakin genuen antzeko egoeran geundela. Gero, larunbat goizero hasi ginen elkartzen eta ebaki bana hartuz geure penak kontatzen genizkion elkarri, langabeziak eragindakoak batik bat. Laster hasi ginen gauez ere irteten, eta jendez gainezka zeuden tabernetan gertatu ziren gure arteko lehen zirri-musuak, ederrenak, zalantzarik gabe.

      Konturatu orduko, ederki kateatuta geunden. Horrela, bakardadeari genion beldurragatik eta ez elkar benetan maite genuelako, sexuarekin betetzen hasi ginen elkarri ezkutatzen genion maitasun eza.

      Lana topatu genuenean —nik gestoria batean eta berak osabaren dendan—, elkarrekin bizitzen jarri ginen bigarren eskuko pisu txiki batean; laugarrena, hain zuzen ere. Bizitzak irri egiten zigula zirudien. Oso kontenterrazak ginen, egia esan, eta nahiko antzekoak gustuetan. Hain geunden gustura elkarrekin, non zoriontsuak ginelakoan geunden, eta ezkontzan pentsatzen hasi ginen.

      Pentsatu —gutxi— eta ezkondu egin ginen —azkar—.

      Eta gutuna jasotzeaz bat jabetu nintzen gaizki egin nuela, ez dela maiteminduta egon gabe ezkondu behar. Nolanahi ere, zoriontsu bizi izan ginen urte askoan, benetan. Baina guztia ondo doanean, dena ondo doakizula uste duzunean, bizitzak gogorazten digu gure ezereza. Bost urte generaman ezkondurik, aita-amak izateko unea iritsi zela erabaki genuenean. Gogo hura, ohi denez, lagunen seme-alabak ikusita etorri zitzaigun. Baina benetako arrazoia beste bat zen: gure artean ez zegoen maitasuna seme-alabengan sentitu nahi genuen.

      Umea ekarri nahian jardun genuen obsesionaturik. Ordurako sexuak ez gintuen lehen bezala asetzen, eta sarri eginik ere, haurdun geratzeko saioak baino ez ziren; betelana, bere zentzurik literalenean.

      Zikoina, ordea, ez zen ailegatzen. Medikuarengana joaten hasi ginen hamabostean behin. Aukera guztiak aztertu ondoren, medikuak haurrak izateko ez ginela gai esan zigunean, ez ginen harritu, ez haserretu, ez tristatu. Hori bai, harrezkero ez ginen lehengoak izan, eta bakardadea izan zen berriz batzen gintuen gauza bakarra.

      Hogeita hamar urteko bikotea ginen, gazteak, beraz; eta mundua ez zela horregatik bukatzen erabakita, aurrera egin genuen nola edo hala.

      Bidaietan eta lagun berriekin eginiko afarietan pasatzen genituen oporraldiak zein asteburuak. Festarik festa beti. Hasieran bazirudien bizimodu horrek asetzen gintuela. Baina aro horrek ez zuen luze iraun eta etxetik irteteari utzi genion. Ez erabat, noiz edo noiz irteten baikinen ohikeria apurtzeko.

      Noizbehinkako irteera horietan oso ondo pasatzen genuen; baina ez zen gauza bera. Gorputzak ez zuen ematen. Gogoak ere ez. Argi zegoen adin kontua zela, eta ez zen onartzeko erraza. Beranduko zuldarrak irten zitzaizkigun eta Peter Panen konplexuak jo gintuen. Gaztetasuna, bizitzan geratzen zitzaigun ondasun bakarra, ura hatz artetik bezala zihoakigun. Eta horretaz ohartuta, oso triste jarri ginen. Gure harremana krisi sakonean sartu zen.

      Gainera, garai hartan sarri joaten ginen zinera. Film gehienak gazteentzat eginak ziren. Garaiko gazteen amets, ilusio eta maitasun-grinak primeran islatzen zituzten gure kalterako, guk ez baikenituen inoiz hala bizi izan, eta horregatik ez zigun onik egiten gauza haiek ikusteak.

      Hargatik gutunari amodio gazte baten kutsua hartu nionean, bihotzak borbor egin zidan. Nik ez dakit gutunik izan ez balitz denak berdin jarraituko zuen ala ez; hau da, etxetik lanera eta lanetik etxera, gogoa beti martxa gogaikarri berari kateatuta. Kontua da gutun soil haren lerro urriak irakurri ondoren nire bizitza arras aldatu zela.

      Arratseko seiak ziren, lanetik etorri berria nintzen gutunontzia ireki eta publizitate artean gutun hura topatu nuenean. Ez zuen ez seilurik eta ez helbiderik, eta gutunazalean hizki handiz zera ipintzen zuen: LAUGARRENEKO EDERRARENTZAT.

      —Baina zer da hau? —irten zitzaidan harrituta.

      Presaka ireki nuen. Orri bakarra zen, bolalumaz idatzia. Begiak betzuloetatik irteten zitzaizkidan lerroak irakurri ahala. Sekulako ezustea zen niretzat.

      —Dio, hau ezin liteke! —bota nuen bukatzean, oso aztoratuta, loteria tokatu balitzait bezala.

      Sentimenduak lurpeko magma bezala borborka nabaritu nituen nire baitan, eta gorputza zeharkatuz buruan eztanda egiten sumendiaren gisan. Harridura, kitzikapena, poza... dena nahasian sentitzen nuen.

      Halere, hasieran ezin nuen irakurritakoa sinetsi eta birritan ukitu behar izan nuen gutuna egiazkoa zela frogatzeko, eta aurpegian atximur egin esna ala ametsetan nengoen ziurtatzeko.

      Gero, berriz irakurri nuenean, poz izugarria sentitu nuen. Azkenik!, esan nuen neure artean, bularraren kontra orria estutuz; haren zain aspalditik egon banintz bezala. Azkenik! Saltoka hasi nintzen behebarruan, zoroen pare. Baina jauzi osasuntsu haiek aurki ahuldu ziren, susmoaren pozoiak kutsatuta.

      Txantxa bat izan zitekeela pentsatzen hasi nintzen. Mesfidantza eta poza nahastu zitzaizkidan golkoan. Pare bat minutu eman nituen horrela. Zenbat ideia, zenbat sentipen. Azkenik, burua eta bihotza zeharo nahastuta, sukarra sentitzen hasi nintzen, eta etxeko eskaileretan gora jo nuen, bizilagunen batek ikusiko ninduen beldur.

      Logelaren babesean, patxadatsuago irakurri nuen gutuna.

 

      Kaixo ene maitea:

      Zure mireslea naiz.

      Zuk ez dakizu zein naizen, baina ezagutzen nauzu.

      Oso guapoa eta sexia zara; zurekin hitzordu bat izan nahi nuke. Mesedez, azaldu azaroaren 30ean, Larrea parkean, gaueko 10etan. Zain izango nauzu.

      Soineko beltz bat eramango dut ezagut nazazun, eta proposamen lizun bat egitea eskatuko dizut, “Acoso” filmean bezala. Egingo al zenidake? Lasai maitea! Zerbait eramango dut seguruagoa gerta dadin.

      Zain nagokizu; musutxo bat leku ezkutu batean. Agur.

Zure miresle sekretua

 

      Logelara sartu eta ohe ertzean eseri nintzen pentsakor. Gero, eskuaz estalkia oharkabean ferekatuz, ohe bigunaren gainean etzan nintzen. Gutunaren hitzak buruan nituela, begiak sabaian tinkatu nituen eta infiniturantz egin nuen hegan, zeruan zehar urrutira doan hegazti batek bezala.

      Giltza-hots bat entzun nuen ateko sarrailan. Garbiņe zelakoan, bizkor ezkutatu nuen gutuna gau-mahaiko paper batzuen artean. Korridorera irten nintzenean, oker nengoela jabetu nintzen. Etxeko ateak itxirik jarraitzen zuen. Aldameneko atea izan zen. Hobe horrela. Hartara, testuari buruzko gogoetak egin ahal izango nituen Garbiņe etorri aurretik, edukia eta estiloa aztertu, alegia, eta gutuna ezkutatzeko leku aproposago bat topatzeko beta ere izango nuen.

      Pasilloan gora eta behera, burua abiadura handian zebilkidan, eta bihotza zer esanik ez. Ondorio hauek atera nituen laster: lehena, nerabe edota neska gazte batek egina zirudiela; bigarrena, elkar ezagutzen genuela, eta hirugarrena, dena txantxa hutsa izan zitekeela.

      Ateko sarrailan giltza sartzen entzun nuen berriz. Garbiņe zen. Gutuna ezkutatu, lasaitu, eta txabusina jantzi nuen ispilu aurrean.

      —Trankil, Ander, trankil —esan nion nire irudiari—, ez du ezer susmatuko.

      Eta Garbiņerengana abiatu nintzen.

      —Arratsaldeon maitea!

      Musu leun batez agurtu genuen elkar, eta afaria ohiko eran prestatu genuen elkarrekin, ohiko lan-kontuak komentatuz. Gero, telebista aurrean afaldu genuen. Pasta eta zerri-txuletak. Une oroz normal portatzen saiatu nintzen, hitzik egin gabe jaten, alegia.

      Teleberrian, oso albiste txarrak eta irudi beltzak igarotzen ziren, baina nire begiek ezikusi egiten zuten. Gogoak hegan zegien gozo, miresle sekretuaren irudi lausorantz.

      Begi-bazterretik Garbiņeri begiratzen nion aldika, ezertaz ohartzen zen igarri nahirik. Ez. Telebistari adi zegoen lasai asko, eta ezer ez esatea erabaki nuen. Nire sekretua izango zen.

      Gau hartan oso gaizki egin nuen lo. Nor izango ote zen gutunaren egilea? Auskalo. Ezagutzen nituen neska gazte apurrak ekarri nituen burura, baina nola jakin nor zen? Ezinezkoa zen asmatzea. Eta zer egingo nuen, joan ala ez joan hitzordura?

      Joan ala ez joan, hortxe zegoen koska.

      Joatearen abantailak begi-bistakoak ziren. Nola galduko nuen norbait ezagutzeko aukera paregabe hura; nola utziko nuen desiraren ardoa kopatik isurtzen, nola uko egingo nion beharbada nire bizitzan bakarra izango zen abentura hari.

      Desabantailak ere ez ziren makalak; abantailak bezain pisutsuak erabakitzeko orduan. Batetik, ezkondua nintzen; bestetik, zer esango zuen Garbiņek jakinez gero; gainera, esan bezala, bazitekeen dena gezurra izatea, txantxa zikin bat. Arraioa! Arazo gaitza, benetan. Nolanahi ere, argi zegoen kontuz ibili behar nuela barregarri geratu nahi ez banuen bederen, tankera guztietako alproja jendea baitago mundu honetan.

      Honelako gogoetetan murgilduta iragan ziren orduak, goizaldera loak hartu ninduen arte. Biharamunean, goizak beste kolore batez argitu zidan barnea, aspaldiko partez. Alaiago kendu nuen bizarra, alaiago joan nintzen lanera, eta alaiago egin nuen lan. Baieztatu ahal izan nuen miresleak uste baino garrantzi handiagoa zuela niretzat. Bizirik sentitzen nintzen, desiratua, maitatua azken batean. Ilusioak bihotza betetzen zidan, lehen aldia baitzen maitatua izatearen sentipen deskribaezina nabari nuena.

      Horrela, nire miresle sekretuarekiko jakin-min itsua piztu zitzaidan barnean, eta laster hura ezagutzeko irrikak bularra erretzen zidan. Etxean, hitzorduaren aurreko egunetan emaztearen aurrean lasai eta normal azaltzen saiatu nintzen, denak beti bezain aspergarri jarraitzen zuen itxurak eginez.

      Ez zen egia, jakina; egunero irakurtzen nuen gutuna, eta horrek dudak zein pasioak bizitu egiten zituen. Ez nekien sekretua luzaroan gordetzeko gauza izango nintzen ala ez, hasiberria nintzen-eta kontu horietan. Baina bistakoa zen ongi moldatzen ari nintzela, hainbeste, ezen beldurra ere hartu bainion neure buruari, ene baitako sumendiaren kea nolako trebetasunez gordetzen nuen ikusita.

      Gauak luze joaten ziren ohean Garbiņerekin. Garbiņek tristura sortzen zidan, eta artean maite banuen ere —nire erara, jakina—, ez zidan aparteko sentimenik sortzen. Gogorra egiten zitzaidan egoera, eta izarapean gaztaroko amodioak gomutatzen saiatzen nintzen, alferrik; bat bera ere izan ez nuelako.

      Orduan, oheko ene alde hotzean kukubilkatuta, nire miresle sekretuan pentsatuz betetzen nuen hutsune hura. Benetan zoriontsu egiten ninduen horrek, eta abentura hura gau bakar bateko maitasun bero, zoro eta alaia izango balitz ere ez zitzaidan axola.

      Argi nuen, aldi berean, ondokoa ez zen beste emakume batekin egon nahi nuela aurrenekoz, eta horrek egundoko amets erotikoak eragiten zizkidan, oso lizunak. Ametsetan, Lolita (Sue Lyon) filmekoa bezalako neska gazte batekin bidaiatzen nuen, hotelez hotel, larrua joz, Euskal Herri osoa ezagutuz... eta gauerdian kanpaia jotzen amaitzen nuen maiz, komunean sartuta.

      Esnatzen nintzenean, ostera, eguargiaren kontzientziak ez joateko aholkatzen zidan, eta adulteriogilea, desleiala, lizuna eta zikina bezalako hitzak etortzen zitzaizkidan burura. Baina ez nion jaramonik egiten nire kontzientziari, eta bakean utzi ninduen, etsita.

      Hala ere, San Andres bezpera arte ez nuen ezer erabaki. Izan ere, egun hartan ezuste eder bat izan nuen. Patua nire alde balego bezala, Garbiņek ez zela larunbatean etxean izango esan zidan, amari bisita egitera joango zela eta igandera arte ez zela itzuliko. Dena bikain irteten ari zitzaidan, lehenengoz nire bizitzan, eta hori ikusita, nola ez nintzen ba joango.

      Erabakita zegoen.

      Neguko arrats hotz hartan, dutxatu, bizarra ongi kendu, kolonia onena bota eta armairuko arroparik dotoreenaz jantzi nintzen. Oheari maindireak aldatu eta pisu osoa txukundu nuen. Bederatziak aldera sukaldeko isiltasunean afaldu nuen urduri. Hortzak garbitu ondoren, sukaldea jaso nuen, erlojuari aldika begiratzen niola. Iritsi zen azkenik joateko ordua. Eskailerak bizipozez beterik jaitsi nituen. Kalean ikusten nuen guztia ezberdina, ederra eta liluragarria iruditzen zitzaidan, eta festetan murgilduta zegoen herria zeharkatu nuen hitzorduaren lekuraino.

      Parkea hutsik zegoen. Giroa ilun samarra. Gaueko isiltasunak dena inguratzen zuen. Ezkilak hamarrak jo zituen ermita urrun batean, eta, bat-batean, hots bat entzun nuen parkearen beste aldean. Bera ote zen? Zuhaitzen ilunpean nireganantz zetorren itzal bat ikusi nuen. Bihotzak jauzi egin zuen barnean eta oinak zoruan josirik geratu zitzaizkidan. Sakon hartu nuen arnasa eta harengana jo nuen emeki, harri koxkorrezko bidean zehar. Tupustean, bideko foku baten argitan azaldu zen haren silueta; arnasa eten zitzaidan.

      Hamasei urte inguruko neska eder bat zen, altua, beltzarana eta jite ameslarikoa. Bistaz ezaguna nuen, sarri topatzen bainuen auzoan. Hotz egiten zuen arren, soineko motzez jantzita zetorren, eta bere aurpegiak eta hanka luzeek zilar kolorea hartu zuten argi ahul haren azpian. Zakila gogortzen sentitu nuen berehala.

      Aurrerago egin nuenean, neu argitu ninduen foku batek. Neskak ikusi ninduenean, estropezu egin zuen, eta topo egitea saihestuz, albotik igaro zen txintik esateke, urduri-urduri. Horrek erabat nahastu ninduen. Bospasei metro ibili eta gero, buelta hartu nuen. Neskak gauza bera egin zuen eta elkarrenganantz abiatu ginen. Baina berriro nire aldamenetik pasatu zen tutik esateke, ni lehen baino txundituago utzita.

      Lurrean tinkatuta geratu nintzen, hesola bat bezala, zakila ahuldurik, urruntzen hasiak ziren urratsak entzuten, zer pentsatu ez nekiela. Artega, zamarrako poltsikotik paketea atera eta zigarreta piztu nuen. Bi zurrupada sakon eman nizkion. Nire atzean urratsak gelditu egin ziren. Biratu nintzen eta neska ere bai. Berriz abiatu ginen, eta, aurrez aurre geundela, kementsu galdetu nion ea bera zen nire miresle sekretua. Hori entzunda, neska gelditu egin zen ziplo, nigandik pauso gutxira, eta baietz erantzun zidan; baina zeharo nahastuta eta lotsa-lotsa eginda. Zergatik ote?

      Bistan zegon neska harrituta zegoela ni han topatzeaz, eta hitz totelka, guztia nahaste bat izan zela azaldu zidan.

      —Zer? Nola nahaste bat? —bota nuen sinetsi ezinik.

      —Bai.

      Gertatutakoa kontatu zidanean, lotsa-lotsa eginda geratu nintzen. Argi geratu zen guztia. Eskutitza nire bizilagunarentzat zen berez, baina nahigabe nire gutunontzian sartu zuen. Barkamena eskatu zidan jator-jator, ez zuela ulertzen nola nahastu zen. Mesedez ez kontatzeko inori gertatutakoa. Agindu nion, nola ez ba. Gero, elkarri agur esan eta burumakur abiatu zen parkearen irteerarantz. Hasieran poliki ibili zen, gero hankak jaso eta arin-arin ezkutatu zen.

      Ilunpean geratu nintzen geldi, begirada galduta. Barnetik hautsita nengoen. Zigarreta ahora eraman eta berez erretzen utzi nion ezpain artean. Euri tanta bat islatu zen farolaren argitan, gero beste bat eta gero beste bat. Zaparrada bihurtu ziren tantek ezpainetako zigarreta itzali zuten. Ez dakit zenbat denbora eman nuen horrela.

      Nire onera itzuli nintzenean, blai eginda nengoen, zigarrokin desegina ahotik zintzilik. Paperontzi batera bota eta, hankak arrastaka, etorritako bidea hartu nuen, potxingoak saihesteko ahaleginik egin gabe.

      Kalean, musika eta algarak aditzen ziren nonahi, tabernak eta jatetxeak gainezka zeuden, bikote gazteak zirrika ari ziren edozein txokotan. Baina ni mundutik at nengoen.

      Bidean topatzen nuen jendeak ero bati bezala begiratzen zidan; hala ere inor ez zen jabetzen negarrez nindoala, nire malko mikatzak euriarekin nahasten zirelako.

      Etxera sartu nintzenean, hilerriko harlauza bat bezala itxi nuen atea. Sarrerako argia piztu gabe geratu nintzen atearen kontra. Nire bizitzan dena gezurra eta hutsa zela pentsatu nuen. Sutan zegoen sumendia bat-batean amatatu zen, eta bere tokian leize beltz eta sakona sortu, dena irensten zuena: iragana, orainaldia, etorkizuna.

      Logelara joan eta arropa bustiak erantzi nituen ispilu aurrean. Biluztu nintzenean, ergela baino ergelago sentitu nintzen, eta betozko ilunez begiratu nion ispiluko nire irudiari. Garbiņe hurrengo egunean zetorrela gogoratu nuen. Hurrengo egunean eskatu nion dibortzioa.

 

Kondoi urrunak
Juan Karlos Merino

Txalaparta, 2002