Hutsatik esperantzara
XIV
Ez da dena tristura, ez da dena negar, ez da dena zuzengabekeria, ez da dena heriotz... Anitz arantze dago, bai, bainan ez da guztia arantze. Bizitza eta itxaropena azken mugan giltzatzen direlako, horregatik, ez dut ukatuko bizitza. Eta bihar, gosez hiltzen ari den haur tripandidun hura ikusita negar batean jarriko banaiz ere, gaur behintzat, etxetik irten naizenean ume baten irriparra begiztatuta, bihotza pozez lehertu zait. Tristura badago, bainan poza itxaro dudalako... Zuzengabekeria badago, bainan justizia itxaro dudalako... Gorrotoa badago bainan maitasuna itxaro dudalako... Heriotza badago, bainan bizitza itxaro dudalako... maite dut bizitza! Gogorra izanen da borroka, bainan itxaropenaren izenean gizonaren garaitzapena gauza guztien artean itxaro dudalako... maite dut bizitza! Eta bihar ilun egonen banaiz ere, gaur behinik behin pozez beterik nago... Erle bat bezala lorez-lore nabil; bizitza hain ederra... ta zertarako hil?
Hutsatik esperantzara |