Hutsatik esperantzara
XIII
Arbola nahi nuke izan, bera bezala, nire erroak lurran finkatuz, zerua besarka ahal izateko. Arbola nahi nuke izan, eguzkipean, izerdiz eta nekatua datorren gizonari geriza emateko, edo-ta euripean datorren ibiltariari aterpea eskaintzeko. Arbola nahi nuke izan, bakardadean bizi den gizonari nire hostoen eraginez bere bihotzari hitz egiteko. Arbola nahi nuke izan, udazken ondoren, udaberriaren itxaropena izateko. Eta negu gorri batean, hotzez, dardaraz aurkituko bazina, arren, esaidazu. Nire zuhaitz honi su emanen diot zure oin hotz horiek, besterik ez bada, zerbait bero daitezen. Orduan, nire zuhaitz hau errauts bihurtuko da, bainan errauts horietatik zuhaitz berri bat haziko da: Bere adarretaz gure bihotzak lotuko dituen zuhaitz berria; maitasunezko zuhaitza, guztiz berri eta zoragarria. Bere enborrean gure haragiak nahasiko dira eta zuhaitz hortan jaioko dira frutu helduenak...
Hutsatik esperantzara |