Hutsatik esperantzara
V
— Maitasuna, noiz zure eguna? — Maitasun bila, haize-kolpetaz, itsas-uhinetaz, izar-distiretaz, eta batez ere, gizonen hutsunetaz elikatzen den gizona naiz ni. Bainan hutsune horietako batean, nik ongi dakit, noizbait, zure azala eta nerea, gorputz bakar baten azala eginen direla. Hutsa, bai. Hala ere, huts eta su Ludi erdian elkartzen direlako, gure hutsean finkatuko den maitasun gaztelua ongi oinarritutako gaztelua izanen da, eta ez du haizeak botako. Antsiaz, nire besoak, ene gorputz osoa zure hutsaren kontra hestutu nahi nuke... — Maitasuna, noiz zure eguna? — Aingeru bat etorri zait: — Egizu loa —. Orduan, gure azal batu hortatik zure irriparrak, zure negarrak, zu oso-osorik izerdituko zintuzket... Horrelaxe, zu eta ni, ni eta zu, azkenik, benetan bat izanen gara... Bitartean, bakarrik. — Maitasuna, noiz zure eguna? —. — Egizu loa —. Lo eginen dut. bai, bainan esnatuko naizenean gure maitasunak Ludi-erditik hasita, haize-kolpeak, itsas-uhinak, izar-distirak, eta batez ere, gizonen hutsuneak besarkatuko ditu.
Hutsatik esperantzara |