ETENARI BURUZKO MANIFESTU BAT SEI ERRETENETAN
Jon Benito

Literaturia, 2023/05/05
armiarma.eus, 2023

 

Eguna ez bada gauaren etena

esnatzea ez bada ametsa etetea

gosaltzea ez bada gosearen orroa etetea...

 

Etenda berrabiarazten gara goizero:

ogia eten gurina eten

irratiari hitza airean utzita

atearen bestaldera igaro

bizikidetza etenda.

 

Etenean naiz, elipsia naiz

intermitentea naiz.

 

Eta etenda sentitzen naiz aldi gehiegiz:

urrunago somatzen dut, adibidez, maite dudan jendea

orain jende gehiegik daramalako zakur bat lagun eta bikotea maskotaz

baina batez ere, orain jende gehiegik daramalako zakur bat baitan.

 

Etenean naiz, etenean gara

sinekdokea, zatia osoa izendatzeko

edo alderantziz,

osoa zatitan, ez dakit.

 

Etena bada bi buru edo muturretatik teinkatuz haustea

etena bada prozesu bat amaitu aurretik gelditzea

etena bada urradura, isilaldia, pausa, hutsegitea, jarraia ez dena

etena bada zatikatua, osatugabea, maingua

etena bada greba, iraultza, aldaketa

eteten dira haurdunaldiak, harremanak, esaldiak, zubiak

eteten dira kontratuak, akordioak, elkarkidetzak

eteten dira istorioak, paperak, bideak

 

baina et, et, et

 

Eten nadin, eten dezadan kontaduria hau

gogaikarri jarri aurretik.

 

ETENARI BURUZKO MANIFESTU BAT SEI ERRETENETAN
Jon Benito

Literaturia, 2023/05/05
armiarma.eus, 2023