ETENARI BURUZKO MANIFESTU BAT SEI ERRETENETAN
Jon Benito

Literaturia, 2023/05/05
armiarma.eus, 2023

 

Autoan maldan gora etxerantz nindoala

manifestu poemarako ideia hau bururatu zitzaidan:

 

"Maite ditut stop diotenak

maite ditut nekatuta geratzen direnak

maite ditut gehiago ezin dutenak

konplize ditut denak.

 

Lagun zaituztet ohean geratutakoak

atea atzean utzita joaten zaretenen alboko naiz

lagun ditut erortzen garenak

erresistentzia gisara eguneroko gurpila eteten dutenak

maitale zaituztet ezinean denak.

 

Kide ditut euskaldun medeatu,

zaharberritu, zatika erreformatuak

mailaka berrikasiak,

zainegonean zatitan ginenak, daudenak, gaudenok.

 

Miresten ditut enbarazutik kentzen dakitenak

enbarazua eteten dutenak,

nagiak, bohemioak, burnoutak kiskaliak

era guztietako bartlebyen zigorrak eta penak

istorio ofizialaren planotik kanpora geratu direnak."

 

*

 

Uxue Alberdiren airera jarraitzea nuen asmo,

baina garajera helduta,

igogailuan sartu nintzen, eta bertan

buru-estaldura galdu, eta aurrekoarekin koherentziarik ez daukan

kopla honekin amaitzera

behartu nuen ni naizen zatidura:

 

"Ez ditut garbi orain ditudan aukerak

galaxian zimiko bat gara, hauxe egiaren begia

eta arrakaletatik sartzen zaigunez argia

utikan lepoan hartu eta segi aurrerak."

 

ETENARI BURUZKO MANIFESTU BAT SEI ERRETENETAN
Jon Benito

Literaturia, 2023/05/05
armiarma.eus, 2023