ETENARI BURUZKO MANIFESTU BAT SEI ERRETENETAN
Jon Benito

Literaturia, 2023/05/05
armiarma.eus, 2023

 

Urduri nago,

ez dispertso eta asmatu ezinda nabilelako,

hori ohikoa zait aspaldion,

Iñigo eta Itziar Iruretagoienak niganako erakutsi zuten konfiantza

aseko ez dudalako baizik.

 

Eta urte batzuetatik hona

autoestimu kulturalarekin aixkidetuta ez nagoenez,

Chat GPT4ri, Maiakovskiren estilora hausturari buruzko poema

metasortzeko eskatu nion,

eta antzerako zerbait idatzi zidan:

 

(itzulpena eta moldaketak nireak dira):

 

Hautsi! Hemen eta orain!

Kateak apurtu, arauak inorrarazi,

ezarritakoarekin eten.

 

Hautsi! Jokoaren arauak desegin!

Konbentzioak uxatu, tradizioak ahaztu

aurrera egitea zailtzen digunarekin eten.

 

Hautsi! Iragana iragazi!

Oroitzapenak ezereztu, itxaropena galdu,

atzera lotzen gaituenarekin eten.

 

Hautsi! Oraina suntsitu!

Egunerokotasuna berriztu, apatia desagerrarazi,

uneaz gozatzea eragozten digunarekin eten.

 

Hautsi! Etorkizuna ahaztu!

Aurreikuspenak birrindu,

biharra irudikatzeko inperatiboarekin eten.

 

Hautsi! Dena kamustu!

Ezagun dena ezezagundu, etxekoa arroztu

gu izatea oztopatzen digunarekin eten.

 

Hautsi!

Falaziak moztu, ilusioak galdu,

hurkoarengandik ikastea mugatzen digunarekin eten.

 

Hautsi! Beldurra ukatu!

Konformismoa mespretxatu, epelduria kondenatu,

militatzea debekatzen digunarekin eten.

 

Hautsi! Kaskarkeriarekin amaitu!

Adostasunak salatu, bake sozialak leherrarazi,

baztertzen, ukatzen eta menosten gaituztenekin eten.

 

Kraskatu, akitu, ahuldu, herniatu.

Sortzeko eten!

Geratu garatzeko, apurtu eraikitzeko,

eten libre izateko.

 

Ejem.

 

Ez dakit 1923rako balioko zukeen,

baina 2023rako?

 

Ezen, etenago dago

predikatzen dudanaren eta adierazten dudanaren

esaten dudanaren eta ulertzen denaren arteko aldea

etena dago hitzaren eta gertakariaren artean

etena dago gertakariaren eta errealtzat daukagunaren artean

etena dago artean horretan,

baiki

etena dago artean ere

egilearen eta bere obraren artean

esku hartze teknologikoagatik,

hartzailearen nagikeria eta akritikotasunagatik,

denok ezberdin baina denok antzeko eta homologagarri izateko keriagatik.

edo edonor saritzen dutelako.

 

baina et, et, et...

 

ETENARI BURUZKO MANIFESTU BAT SEI ERRETENETAN
Jon Benito

Literaturia, 2023/05/05
armiarma.eus, 2023