ETENARI BURUZKO MANIFESTU BAT SEI ERRETENETAN
Jon Benito

Literaturia, 2023/05/05
armiarma.eus, 2023

 

Andrea Momoitioren artikulu hartara itzultzen naiz,

hainbatetan irakurri eta gehiagotan elkarbanatu dudana,

esaldi hau azpimarratu nuelako:

jada ez ditut etenak porrotak bezala bizitzen,

hainbeste jasan ezin ditudanez.

 

Gaur ebazten ari garen hau

izan ere, zatiketa izenekoa,

zatitzaile izena duen beste zenbaki batez zenbat aldiz edo zenbat zatitan

parti edo eten daitekeen ebazten duen eragiketa aritmetikoa da.

 

Etenaren emaitza zatidura da.

 

Zatidura edo etenduran baikara izan, hainbestez:

erditzea hasteko, hemisferioak eta kontinentek gero

baina klaseak, generoak, arrazak, kulturak, mugak, jabetzak eta desjabetzak

fedeak eta sinesmenak, itxaropenak, mugak eta utopiak ondoren.

 

Edo arretarekin:

lanean hasi baina telefonoz jasotako mezua erantzun

komunera altxa, lagunek zerbait idatzi duten berrikusi

egunkariak birpasatu, sukaldean kafea egin

Shazamean irratiko kantua zein den bilatu

eta biharrari buruzko galdera luzatzen dizudanean

muxu batekin eteten dut esateko diozuna

erantzunik gabe

eta gero neure zereginetara itzultzen naiz, baina nola.

 

Egunerokoan,  azaldu bezala, eten egiten dut, eten egiten naiz, beste zerbait egiteko

eten egiten naiz beste norbait eta nolabait izateko

etenak bestearekiko definitzen nau

baina ez dakit nola barneratzen den,

bidearen erdian, aldiro,

zerbait berria edo ez hain ezaguna hasten dela,

honaino ekarri gaituenaren zordun bezain definitzaile izango dena.

 

Horregatik, barrea irteten zait,

zer esan nahi duten ondoegi ez dakidalako

euskarazko "bat egin" edo "bat etorri" adierek.

 

Zuetarik zein dator eta dago bat eta osorik?

 

ETENARI BURUZKO MANIFESTU BAT SEI ERRETENETAN
Jon Benito

Literaturia, 2023/05/05
armiarma.eus, 2023