Bide barrijak
eta polemika zaharrak
Gerraurreko literatur kritika
La Petite Gironde aldizkariko George Berniard kazetariari Gernika sarraskitu berria erakustera joana, 1937ko apirilaren 29an atxilotu zuten Esteban Urkiaga Lauaxeta, orain 70 urte. Euzko Gudarosteko komandantea, EAJren militante aritua, Eguna egunkariko erredaktorea, olerkari ezaguna zen Lauaxeta 1937an. Eta horretan eragin nagusia izan zuen, duda barik, 1931ko udazkenean argitaratu zuen lanak, Bide barrijak olerki liburuak. Liburu horretan kaleratu zen Maitale kutuna poemagatik lehendik ere ezaguna —1930eko Errenteriako Olerti Egunean garaile suertatu zen poema—, astinaldi ederra ekarri zion Bide barrijak liburuaren argitalpenak euskal kultura eta, bereziki, literatur munduari. Izenburutik beretik proposamen argia zekarren liburuak, fundazionala izateko asmoa zuen sortze beretik, euskal poemagintzara ekarri nahi izan baitzituen gure literaturak artean oso juxtuan ezagutzen zituen forma eta edukiak, eta euskara bera ere molde berrietara egokitzeko ahalegina zekarren. 1931ko azaroan Verdes Atxirika inprimategian argitaratua, segidan kritika-soka luze, zalapartatsu eta emankorra ekarri zuen —hemen eskaintzen dizugu—, 1932. urteko uda arte iraun zuena.
Orixek eta Lizardik egin zizkioten lehen kritikak olerki liburuari, kritika xehe samarrak eginez —batik bat Orixek—, liburuaren alde. Barrensorok ere egin zion kritika, oro har aldeko iruzkina, xehetasun batzuekin: besteak beste, eta ez Lauaxetari zuzendua, euskarazko liburuari kritika gaztelaniaz zergatik egin ote zioten aurrekoek. Argia-n kaleratu zen Larrekoren kritikak piztu zuen sua: ustez euskalduna zela esan zuen Larrekok, baina dudan jartzen hasia zela, euskara ikasi beharko ote zuen, ez baitzen izan liburua ulertzeko gauza: hizkuntzagatik batik bat.
Hari horrekin bilbatutako kritika-nahaspila handia izan zen, Lauaxetak berak ere parte hartuz, Lizardik, Orixek, Barrensorok, Larrekok eta Aitzolek ere, besteak beste, esku hartu zutela. “Euskaldun batek” sinadurak egindako kritikak ekarri zuen eztabaidarik handiena, eta bere lubakian jardun zuten, nolabait esateko, Barrensorok eta Larrekok —azken hau hasierako iruzkina leuntzen joan bazen ere—. Lizardik, Orixek —beti gaztelaniaz— eta Aitzolek Lauaxetaren bideen aldeko apustua egin zuten. Bide berriak eta zaharrak, euskara berria eta zaharra izan zituzten, oinarrian, eztabaidagai. Poetika eta estilo berriak ere bai, jakina: idazle jasoa, herrikoia, atzerriko literaturen eragina… Euskaraz gehienetan, gaztelaniaz ere bai tarteka (edo inoiz artikulu bera bi hizkuntzetan, medio desberdinetan). Argia eta Euzkadi-n argitaratu ziren kritika gehienak —Euzkadi-ko euskarazko orrialdearen ardura zuen Lauaxetak orduan, gaur egun liburu moldean argitaratua den Azalpenak sailaren egile zen—, baina beste medio batzuetan ere izan zuen oihartzunik polemikak.
Gerraurreko literatur kritika liburuan (Labayru, 1996) bildu zituzten Iñigo Aranbarrik eta Koldo Izagirrek 1936ko gerra aurreko literatur kritikak —Bide barrijak-i egindakoak tartean, noski—, orduko kritikagintzaren, literatur bideen eta garaiaren azterketa xehe batekin batera.
Duela 75 urteko negu-udaberrian pil-pilean izan ziren 31 kritika, Bide barrijak liburuari egindakoak, dakartzagu orain.
- Bide barrijak, Orixe
Euzkadi, 1931-XI-29 - Bide barrijak, Orixe
Euzkadi, 1931-XII-08 - Rumbos nuevos, Lizardi
Euzkadi, 1931-XII-17 - Rumbos nuevos, Lizardi
Euzkadi, 1931-XII-30 - Bide barrijak
Euzkerea, 1931-XII - Bide barrijak, A.
Patria Vasca, 1932-I - Rumbos nuevos, Luis de Jauregi
Euzkadi, 1932-I-07 - Bide barrijak, Barrensoro
Euzkadi, 1932-I-14 - Bide berriak, Larreko
Argia, 1932-I-17 - Idazlientzat, Lauaxeta
Euzkadi, 1932-I-17 - Ondo idazteko bidean, Barrensoro
Euzkadi, 1932-I-22 - El poeta del amor, Aitzol
Euzkadi, 1932-II-03 - Por la senda de la poesía erótica, Aitzol
Euzkadi, 1932-II-06 - ¿Bide berriak?, Euskaldun batek
Argia, 1932-II-07 - Eztabaida, Lauaxeta
Euzkadi, 1932-II-09 - Bide berriak? Bide guziak?, Lizardi’tar Xabier
El Día, 1932-II-09 - Berriz ere bide berriaz, Larreko
Euzkadi, 1932-II-14 - Bide berrietatik eta… zaarretatik ere bai, Barrensoro
Euzkadi, 1932-II-17 - Barritzaliak, Lauaxeta
Euzkadi; 1932-II-21 - La crítica menuda, Orixe
Euzkadi, 1932-II-23 - Por los nuevos caminos… y también por los antiguos, Barrensoro
Euzkadi, 1932-II-24 - El acento religioso de las poesias de Lauaxeta, Basaburu
El Día, 1932-II-24 - Bide ta bide-ondo, Lizardi’tar Jabier
Euzkadi, 1932-II-25 - Rumbos peligrosos, Javier de Lizardi
Euzkadi, 1932-II-27 - Un pleito literario, Barrensoro
Euzkadi, 1932-II-28 - ¿Bide berriak?, Euskaldun batek
Argia, 1932-II-28 - Bide berriaz itz bat orañik, Larreko
Euzkadi, 1932-III-10 - Arrigarri, Larreko
Argia, 1932-IV-10 - Eztabaidakeri barik… ekin!, Mitarga
Euzkadi, 1932-IV-14 - Bibliografia, J. M. de Estefania
Razón y Fe, 1932-VI - Bide-barrijak
Euzkadi, 1932-VI-23
2007k2007 maiatzak 9, 13:15
[…] Liburuaren aldeko iritzia plazaratu zuen maiatzaren 11n Lauaxetak Euzkadi egunkarian, bide batez kontrako iritzietarako prest egon zedila gaztigatuz, Bide barrijak liburuarekin gertatu berria gogoan. Ez zen halakorik jazo, aldekoak izan baitzituen Biotz begietan liburuak komentarioak, orduko idazle eta kritikari ezagunenek eginak: besteak beste Olaburu, Zubimendi, Jautarkol eta, noski, Aitzol eta Orixe. Orduan maiz egiten zenez, poemaz poema komentario zehatzak eskainiz. […]