Api 03 07

Etienne Decrepten operak

Oholtzarako lanekin dator, oraingoan ere, Klasikoen Gordailua: Etienne Decrept baionesaren Maitena, Amatxi eta Semetxia obrekin. Decrepti buruzko aurkezpen-artikulu ederra idatzia duen Joxemiel Bidadorrek dioenez, “euskal operaren barruan lehenbiziko urratsak eman zituztenen artean, zalantzarik gabe, Etienne Decrept geneukake, nahiz, bati baino gehiagori, operagile baino, idazle soila iduri”. Baionan jaioa 1868ko azaroaren 1ean, margolari eta dekoratzaile aritu zen, lanbidez, bizilekua Bidarten izan zuen Decreptek. 1938ko maiatzaren 8an hil zen, Baionan, Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakari izandakoa, Charles Colin musikariarekin batera euskal operaren hastapenak ezarri zituen idazlea.

Poema eta narrazioren bat argitaratua, oholtza gaineko lanek, musikatuek, egin dute ezagun. Baserria, kalea eta itsasoa jaso nahi zituen trilogia bat izan zuen lan nagusia: Maitena, Amatxi eta Decrepten paperetan aurrera jo gabe gelditu zen Lehorrian. Maitena euskarazko operen artean lehenengoetarikoa da. Landaburu baserriko alaba den Maitenaren istorioa kontatzen digu, Domingo pilotariarekin joana ezkontza bati itzuri egitearren, eta, txiro itzulia etxera, oraindik ere maite duen Ganix aberatsarekin ezkontzera. Kostunbrista eta klasikoa, euskal gaiari lotua ageri da hala testuan nola musikan. 1910ean RIEVen argitaratua, Baionan ere agertu zen urte berean. 1909an estreinatu zen, hala ere, Bilbon, maiatzaren 5ean, Campos Elíseos antzokian. Gerora Iruñean, Gasteizen eta Donostian ere jokatu zen, eta Ipar Euskal Herrian, azkenik, Hendaian egin zen, 1913ko irailaren 22an. Madrilen, Hossegorren eta Donibane Lohizunen ere jokatu zen. Antzezpenotan, hala ere, ez zen Decrepten lapurterazko jatorrizko testua erabili, moldaera bat baizik. 1936ko Espainiako gerrak eten omen zuen hurrengo lanaren, Amatxi-ren, emanaldia, nahiz eta askoz lehenago amaitua zen: 1914an argitaratu zen Baionan. Trilogiaz gain, beste opera bat ere badu. Semetxia, Maitena-rekin batera antzeztua izan den bakarra. 1921ean jokatu zen Donibane Lohizunen. Baionako Bulletin de la Société des Sciences, Lettres, Arts et d’Etudes Régionales aldizkarian argitaratu zen 1923an, eta liburu gisa 1924an. Hiru lanak, Maitena, Amatxi eta Semetxia, aurkezten dizkizugu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak