Gernika aldizkaria
Gernika aldizkariaren sorrera 1943ko udan abiatzen da, Gernikan egindako bilera batekin. Bi urte geroago, Rafael Pikabea “Alzibar” (El Día egunkariaren sortzaileetarik) gidari zela, Donibane Lohizuneko bere etxean kultur elkarte bat sortu zuten (Instituto Vasco de Extensión Cultural Gernika) 1945eko apirilaren 26an, Gernikaren bonbaketaren zortzigarren urteurrenean. Urte bereko urrian argitaratu zuten Gernika aldizkariaren lehen zenbakia Donibane Lohizunen, Rafael Pikabearen sarrera hitz hauekin: “Eup, jaunak! Emen gera gu ere (…) Zeiñ geran? (…) Azkeneko gerratian itxetik kanpora bialiak. Zer nai degun? Irakurri gure esanak, eta laister jakingo dizute nora guazen (…) Atozte bada Alkartuta, danak batian, bultza dezagun gora gure aberri maitia“. Ale horretan, besteak beste, artikulu hauek ageri dira: Joxe Eizagirreren “Gernica…!“, Orixeren “El genio de un Pueblo“, Isidoro Fagoagaren “La música floklórica”.
Isidoro Fagoaga zuzendaria Ameriketara joatearekin, Buenos Airesera aldatu zen Gernika 1951. urtean (16. zenbakia, uztaila-iraila). Gogoangarria da, adibidez, 1953ko apiril-ekaineko alea (23.a); Andima Ibinagabeitiak otsailean Jon Miranderi (hogeitasei urteko gazteari) Parisen egindako elkarrizketa bat dakar, “Olerkariarenean” izenburupean; eta ale berean argitaratu zen Jon Miranderen “Euskaldungoaren etsaiak” artikulua, eskandalua piztu omen zuena eta, diotenez, Gernika aldizkariaren itzaltzea eragin.
Gernika aldizkariak 25 zenbaki eman zituen, idazle ezagun askoren lanez: Orixe, Xabier Iratzeder, Federiko Krutwig, Jon Mirande, Andima Ibinagabeitia, Pierre Lafitte, Jokin Zaitegi, Julene Azpeitia, Ixaka Lopez Mendizabal, Errose Bustintza, Luis Villasante, Joxe Migel Barandiaran, Isidoro Fagoaga, Dominique Dufau, Etienne Salaberri, Txomin Peillen, Oxobi, Marc Legasse, Mixel Etxeberri, Miguel Astiz, René Lafon, Sebero Altube, Justo Garate, Juan Thalamas, Norbert Tauer, Antonio Maria Labaien, Jon Bilbao, Jon Etxaide…
2011k2011 apirilak 26, 11:21
[…] Eta irakurgai batzuk: Agur Euzkadi nobela Paul Eluard poeta eta Gernikako garaitza bere poema Gernika literatur aldizkaria Gernikari buruzko Susa aldizkari berezia Filed under agit/prop, literatura Egin klik hemen erantzuna bertan behera uzteko. […]