Juan San Martin
(1923-2005)
Idazle eta kulturgile oparoa, eremu askotan jardun zuen Juan San Martinek. Idazle gisa, literatur aldizkarietan hasi zen lanean, poesia idazten, itzultzaile eta baita prosazko lanetan ere. Eragile ere bai. Literatur aldizkarietako bere jardunaren bitartez San Martinen lan handiaren irudipen bat har dezakegu.
Euzko Gogoa, Egan eta Olerti aldizkariak izan dira, batez ere, haren literatur lanak jaso dituztenak. Hiru horiez gain plazaratu du bere lanik beste agerkari batzuetan ere, nahiz eta gehienetan errepikatua izan: Gaiak, Kezka, Kantil eta Euzko Deya.
Euzko Gogoa aldizkarian eman zituen argitara lehen literatur lanak, 1956. urtean. Poemak izan ziren gehienbat, Otsalar ezizenaz Aberrimin izenekoa estreinakoa, baina artikuluren bat ere idatzi zuen San Martin'dar Yon sinaduraz. 1959ra bitarte Euzko Gogoan emandako lanetan, lehen itzulpen bat ere plazaratu zuen, Juan Ramon Jimenezen poema bat.
Aldizkari bat itzali eta beste bat jaio, Olertik, Santi Onaindiaren ekimenez kaleratutako agerkariak, Juan San Martin lehen zenbakitik izan zuen partaide. Artikulu pare batez gain San Martin'dar Yon, Jon San Martin, batez ere poemak argitaratu zituen Olertin, 40tik gora. Bere poesia lanik handiena jaso zuen aldizkariak, Egan-ekin batera. Baina Otsalarrek sorkuntza lanaz gain, itzulpen lan eskerga ere egin zuen, dozenatik gora autoreren poesi-lanak euskaratu baitzituen. Olertin plazaratu ziren, kasu, Bertolt Brecht-en poemak eta kantak, San Martinek euskaratuak, 1968 eta 69 bitartean.
Ordurako, baina, Egan aldizkarian ere hasia zen lanean Juan San Martin. Bere poesia lanak jasoko zituen, baina baita beste hainbat arlotakoak ere, urte askotako jardunean. Otsalarren poemez gain, itzulpenak ere asko eta aberatsak, tartean, besteak beste, liburu osoak: Salvador Espriuren Sinera-ko liburua eta Zezen larrua, eta Michel de Ghelderoderen Zaldun bitxia antzezlana. Baina Egan-en, esan bezala, eibartarraren alor diferenteak ezagutu daitezke. Artikuluak, kronikak (gerora liburu ezagun izan ziren pasadizo eta gertaerak, kronikatxoak...), literatur kritikak... Ez alferrik, Egan aldizkarian artikulu gehien idatzitakoa izan da: 250etik gora artikulu, poesia, kronika... eta 100etik gora liburu-kritika eta erreseina.
Literatur aldizkarietan idatzi eta euskaratu zituen poema ia denak irakurgarri daude Interneten, Armiarma atarian, Bertso eta Olerkien Hemerotekan. Errepikatuta dauden batzuk kenduta, 100etik gora dira. Hementxe dauzkazu.
Idazteaz gain ere aritu zen eragile. Egan aldizkarian, Antonio Arrue eta Aingeru Irigarai falta izan zirelarik, Koldo Mitxelenaren laguntzaile eta aldizkariko zuzendaritzako kide (eta eragile nabarmen) bihurtu zen 1983an.
Egindako lan handiaren erakusgarri, hona hemen Juan San Martinek itzulitako autoreen zerrenda (Ghelderoderen antzezlanaz gain, Tomas Meaberen artikulu bat eta gainontzekoak poemak dira). Ikusten da, itzultzaile bezala, klasiko zaleegia ez dela, baina era berean oso heterogeneoa dela:
|