Lezama Limaren Paradiso
Urteurren bikoitza du aurten Jose Lezama Limaren memoriak: berrogei urte hil zela abuztuaren 9an, eta berrogeita hamar urte bere lanik ezagunena, Paradiso nobela, publikatu zela. Nobela? Abentura poetikoa, diote. Julio Cortazarrek zeremonia bat zela argitu zigun. Lezamak berak arazo bezala ikusten zuen nobela oro har, ez egitura arazo, ez gai arazo, hizkuntza arazo baizik. Paradiso-ren hizkerak, gaiek, sinboloek, harritu egiten gaituzte oraindik ere: desmasia berbalen eta erudizioz eta mitologiaz sortutako urruntasunaren bidez, Lezamak errealismoa apurtzen du, barrokotasuna irudiaren iragankorrari eginiko antapara da eta, ondorioz, irudien mural bat bezala ageri zaigu Historia, ez datu eta gertakari metaketa bezala, hots, Irudimenak gain hartzen dio errealitateari. Ez ihes egiteko edo estiloa erakusteko, seinale kode bat proposatzeko baizik: «Nobelaz dudan kontzeptuak irudia eta solasa ditu oinarri, esaten dena eta ezkutatzen dena. Horrela, teologoek grazia ikusgarria aipatzen duten bezala, nobelak ikusgarri egiten du, haztagarri, poesian eta saiakeran ikertzen dena». Zaila, iluna, kapritxosoa, eskandalagarria… Adibide eta omenaldi, Paradiso-ren VIII. kapituluaren hasiera eskaintzen dizuegu. Juan Rulfo eta Alejo Carpentierrekin batera, Latinoamerikako literatura modernoaren aitzindari dugu Jose Lezama Lima.