ARRANTZALEA
Kaietano Sanchez Irure

armiarma.eus, 2016

 

Mundu honetan apenas dezun, arras ondo pentsaturik,

arrantzaleen bizimodua baino gauza tristiorik;

bizi behar ta saiatu behar, hemen ez dago besterik,

geldi egonda ez da etortzen etxera ezer inondik.

 

Arrantzalea egunsentiko jaikitzen dezu ohetik,  

arrantzarako asmoan bada oso lo gutxi eginik;

lehenengo lana gora begira jarriko dezu leihotik,

ea Zeruan ikusten duen ilargi edo izarrik.

 

Beren etxetik txit urrutira inoiz arrantzara joanik,

estu ibildu izandu dezu ezin etxera jirarik;

haize gogor ta gainerakoek itsasoa gaiztoturik,

batel txikia urez beteta ia bai hondoraturik.

 

Egunsentiko izar ederrak beti bezela pozturik,

emazte haur ta danak utzita joaten dezu bai etxetik

gero artean parrez esanda musu batzuek emanik,

zerbait etxera ekartzen duen batel txikian sarturik.

 

Arrantzalea horla bizi da ahalegin danak eginik,

familitxoa beti laguntzen ahal dezakena emanik

saiatutzen da ezin gehiago arrantzara bada joanik

nahiz azkenean itsas erdian izate dana utzirik.

 

Esan bezela betiko gisan egualdi onak pozturik,

gizarajoa arrantza joan zan batel txikia harturik

baina gerora lanak ziraden itsasoa gaiztoturik

baga tartean zer lanbidea batel txikia galdurik!

 

Baga tartean ia itoan gizajoa leher eginik,

azken orduak habek zirala harrek ondo ezauturik

hitz triste hobek esan zituen bihotz-bihotzan erditik:

agur haurtxoak ta emaztea, ni banihoa mundutik!

 

Arrantzalea ito zenduen bere lanetara joanik,

mundu honetan behar duenak ez dauka beste biderik;

gauza tristea baita anaiak hauxen ondo pentsaturik,

inork gehiago ez du jakingo gizon harrentxen berririk.

 

Bere emazte eta haurtxoak zerbait errezelaturik,

kai muturrera danak joan ziran beldur-beldurrak etxetik

arrantzatikan zetozenari galderatxoak eginik,

ea dakiten bere senarren inondik bada berririk.

 

Ama-haurtxoak negar ta negar abia ziran kaietik

beren etxera oso etsiak itoa dezu esanik;

hauxen da lana, danok hil gera, ai!, ez senarra bakarrik

orain nolatan bizi behagu, bada, hura gabetanik?

 

Arrantzalea ito zenduen bere lanketara joanik,

andre gaixoa alargun dago, haurrak aita gabetanik,

lehenago pobre bizi baziran orain ez dago esanik,

jango badute aterik ate ezin limosna bildurik!

 

ARRANTZALEA
Kaietano Sanchez Irure

armiarma.eus, 2016