Udazkenerako hamar kanta
HAMARGARREN KANTA
I.
Zer inporta du nora goazen jakiteak, bidaiarako hartu dugun ontzia gondola ote den ala kabarra, eta zerk tindatzen ote duen —urrez ala zilarrez— itsasoan uzten dugun uhara, inoiz maite zaitut esan eta maitatzeko gai izan ez bagara. Hori baita benetan ebainduta uzten gaituen edertasun mota bakarra.
II.
Txori alargunak bezala, ikasi egin behar da ezin dela beti norberarengatik negar egin, ohitu egin behar garela norbaiten unibertsoko giltza izan ondoren bidaiaren hasierako biluztasunera itzultzen. Eta absentzia garaiko adulterio ezinezkoak direla bihotzean arrasto sakonena uzten dutenak.
III.
Batzutan, hala ere, gozotasunez ohartzen gara jendea itzuli egiten dela, joan egin direnak batzutan itzuli egiten direla. Eta, sarritan, tarteko itxarote luze eta mingarri horretan, eguneroko bizitza dela —aurrera egiten laguntzen digun arren— benetako bizitzari okerren egokitzen zaiona. Maitasunaren behin eta berriroko keinuak errepikatzea ez dela nahikoa, baizik maitatzeko gauza izatea. Eta bat-batekoa dela, iraunkorra eta betierekoa. Eta bihotz taupadarekin, begi jaitsiekin hasitakoak harantzago egiten ez badu ere, eta geroko maite-jolasen ondoren azkarregi konturatzen garen arren, ez dakigula besteak zer nahi duen eta ez dakigula gu geu zer garen... Haatik, bizitzaren batuketak eta kenketak egiteko ordua datorkigunean soberan dakigula, milioi bat egunsentitara egonda ere, guk nor eta nork gu maitatu izana.
IV.
Nik ez zaitut —Domuru Santu eguneko hilobietan bezala— krisantemo xorta baten pean utzi nahi. Nik ez zaitut hitzekin edo loreekin pentsatu nahi. Su itzaliek, hildakoek bezala, norberarengan behar dute beroien etxebizitza. Eta sentitu egiten dut hori dela absentziak eroangarri izan dakizkigun modu bakarra.
V.
Gaua ez da inoiz loreen zutarri baldin eta egun albako ihintzaz erasotzen saiatzen ez bada. Eta ni ez naiz erasotzen duten horietakoa izan eta, gehiegizko maitasunagatik ere, ez dut jardun amodio-formulaziotan, ilunabar askoren larrainetan sentitu dudan arren elkarbanatu gabeko maitasunak birrindu egiten duela eraiki haina, eta hitzetan sinesten duten ni bezalakoei formulaziorik ezak min egiten digula.
VI.
Baina erruki diet adierazpen arranditsuei. Zapaldutako ipurtargiei bezala, iluntasunaren babesa eta tristezia darie. Zertarako nahasi Jainkoa gure frustrazioen konpontze saioen koktelean, zertarako jarri erreportari grafiko gisa helmuga bat jotzen dugun bakoitzean? Inoiz ez gaude osorik bere absentzia izugarrian dagoen bestearengan. Ezta Jainkoa ere Jainkoarengan. Eta mihitik zintzilik daramagu «Eloi, Eloi, lema sabaktani? Ene Jainko, ene Jainko, ut quid dereliquisti me? zergatik utzi nauzu?» etsituaren ozpina.
VII.
Haatik, iruzurgintzan saiatu naiz beti eta begiek gobernatu didate bizitza. Begirada batengatik hil nintekeen, —arratsaldetan morrutik nostalgien itsaso infinituari begira dagoen marinel zahar—. Eta ihesean joan zaizkidan zurea bezalakoen begiradek iruzur egin diote nire zirrarari, «hau ez da zure gauza» esango balie bezala itsasoak marinelaren begi zimurtuei.
VIII.
Oraindik urrun daukat jakituria azkena. Gauzek, pertsonek ihes egin behar digutela atzenean aurkitu ahal izateko. Heriotza dela benetako zorigaitza eta hobe dugula behin piztu gintuen argia beste ibai batean dirdirka imajinatzea hilik baino. Nolabaiteko duintasuna behar dela etxetik kanpo bizitzen ohitzeko, gauaren atean jotzen duen aldaba ozenegia badagiguke ere antzineko doinu zaharrari entzungor egiteko.
IX.
Beltzaranak nahi ditut oroitzapenak, zukutsuak, eguzkitan heldutako albarikokea bezalatsu. Hainbeste ilargi eta hainbeste haize albotik iragaten ikusi behar izanagatik traizionatuegia sentitu gabe. Hain abegikor bilakatu zitzaizkidan begien galeran, naufrago, hondoratu gabe.
X.
Itsasoak ematen duena baino gehiago eskatzen du eta oin itsastiarra izan dezakegun arren poliki-poliki urrundu egiten gara hondartzatik, bentzutuen penaz, zotinka, bihotzak sarritan huts egiten baitu.
Udazkenerako hamar kanta |