Udazkenerako hamar kanta
LEHENENGO KANTA
I.
Udazken goiza. Motozerra-oihartzun da harana. Eguzkia, kolore-merkatari, basoaren apaletan hasi da jartzen ehunak, tafetak, brokatuak, satenak, damaskoak, beluzak, litsak, lihazkiak, borlak. Edertasunaren aldare nagusirako bidean, janzten hasi naiz estola, kasula, dalmatika. Sakrifiziorako. Miruaren Jainkoari begira, espazioan uhindu nahi izan ditut nire kasa, baina oihalak berez ekiten dio udazkenaren ostadar izugarri honi, ekialdeko dantzarien sentsualtasunez bizirik baileudean, eta nire eskuratze asmoetatik urruti.
Zuhaitz pikatuaren danbada lehorra.
Negar zorian, nire buruarekiko samurtasunez bete naiz. iragankortasunez maiteminduta.
II.
Inorako bidean dauden udazkeneko kale horaildu hauetaz mintzatuko natzaizu, iragankortasunaren ordoki infinitura begira den-denak. Okreak denboratasun nozioa itzali dion pagoari buruz, biluztasunez janzten negu luzerako eta udaberri urrutitik udagoien honen bitarteko betetasun egunetako errutinaren keinuak errepikatuz, makinalki. Oreinaren susara garaiko erraietako orroa, plazer anoaren eske, portua jo duen barkuak bezala, gorputz uhinduetan intzirika. Eta dantza, seta eta beluza gauetako dantza, ekaitzaren limusinatik jaitsitako oinaztargiarekin —izterra sabeleko izerdiaren kontra— tangoan. Inorako bidean dauden udazkeneko kale horaildu hauetaz mintzatuko natzaizu, ea zure bihotza ezagutzen duzun etxerako bidaian.
III.
Garagarra haizatzen zuten larrainean eserita nago, biluztasun txataletan ehunduta nire larrua. Haize uhintzen hasi berriak txeraz kulunkatzen ditu belar printzak. Lore bakarti dantzatuari goiz baketsuetako eztitasuna dario. Eta airean azken tximeleta bitxiak ari dira agur baterako kolorezko malutak bailiran. Jada ez dut izenik Jainko bilakatzeko bidaian.
IV.
Nire kotoiezko galtzerdi zurian pausatu da tximeleta. Mokoka hasi da zuritasunaren aratza zurgatu nahian, udazken salbatzaileren bateko bitxilore erraldoia bezala, beharbada. Zorion errugabearen lilura!
V.
Atzera begiratzen dudanean, —Cambridge, Oltza, Irati eta Belagua—, poetaren bizitza amaigabeko batailen joan-etorri errituala iruditzen zait, beti haragi bizitan dirauten zaurien amaigabeko sendatze saioa. Bidaiak, zauriak eta, zelatan, hobiratuko gaituen ahanzturaren lehen elurtea.
VI.
Aldizka agote sentitzen naiz. Haragi puska artikulatu gabean atxilotutako arima, gorputzetik erauzitako burmuin, indarrik gabeko begirada, bizitzaren ore hanpatuan kistatua. Hegoak blaitu zaizkion alferrikako miru.
VII.
Zumar lehorraren adaburuetan bi bele, balaunka, aireratu aurretik, hego haizearen astinduarekin batera. Zuhaitzak dantzan, belarra dantzan eta dantzan udazken basoaren gaineko hodeitzarrak. Euri usaina haranean eta, erauntsiaren atarian ere, ezkilen soinuarekin, agerikoaren harmonia sarkorra, poetak erazagutu orduko betiereko bilakatzen dena.
VIII.
Euritantak putzuan. Zirkulu konzentrikoak, koloretsuak, nenufar zurtoinen leherketa gorriztaren modura, markesinaren islan. Eta aldarrikatzera bultzatzen nau, funtsezkoa isiltzeko modurik hoberena hitzez adieraztea dela dakidan arren, funtsa adierazi ahal izateko hitzak gizakion modu ez bezalakoan ahoskatu beharko nituzkeela dakidan bezalatsu. Eta xuxurlatu egin beharko dut, gaueko soinuetan eihotu, ilunabarraren oskorrian txertatu... eta itxaron, hitz berri hori, isiltasunean, noiz haragiztatuko ote zain, Jainko deitzeko. Isiltasunari beldur diogulako hitz egiten baitugu.
IX.
Urriak 18. Larunbat gaua. Txundiduraz, haraneko errepide ertzean dirdirka ari den inarra aurkitu dut. Hurbildu egin natzaio. Autoren batek jotako artzain zakur hilaren begi oraindik irekian gaueko zerua dago islaka, eta heze, izar malkoa bailitzan.
X.
Eta idatzi egiten dizut, adreiluzko gaztelua eraiki nahi dizudalako —harrizkoak kantalak— kolore gorrikarazko beirate eta guzti. Idatzi egiten dizut hitz bakar batek, bertso batek, ahapaldi batek betiereko edertasun liparrera eramango gaituen magiaren zain nagoelako.
Udazkenerako hamar kanta |