Udazkenerako hamar kanta
Patxi Ezkiaga

Kutxa, 1999

 

 

ZAZPIGARREN KANTA

 

 

I.

 

Iluntzen ari du,

otzantasunez ari du

iluntzen

eta mundua gris marengo

ilunez

ari zait janzten.

Baina nik badakit bizitzak

bakarrik eman diezagukeela

bizitzaren onena.

 

 

II.

 

Doinuari eman natzaio,

hitzari, koloreari,

salbamenerako zirrikituen bila,

ahantzita

doinuak, hitzak, koloreak

biderkatu egin dezaketela edo argitu,

baina ez direla argia sortzeko

gauza.

Bihotzarekin jokatzen ez duenak

ez baitezake irabaz

harik eta maitasunarekin

topo egiten dugun arte.

Geroztik begiak itxita bizitzea

hautatzen dugu,

barrura begira, mundu berri

guztien iturburura

eta, ahal izango bagenu, bederen,

begiak ireki gabe hiltzea.

 

 

III.

 

Bizitza maite dugu;

itzulera bidaian sartuta gaudela

konturatzen garenetik

are gehiago maite dugu.

Neonezko argiak ilunabarrean

hiriaz jabetzen hasten direneko

astirogo bizitzen hasi garenetik eta erritmo geldoagoan,

zenbait gauza azkeneko aldiz

ari garela egiten konturatzen

garenean; zenbait amodiotarako

azken bidaia izan dakigukela,

zenbait ezpainetarako

azken irritsa...

sinetsi nahi dugun arren

bidaia oro, irrits oro

dela, azken finean,

lehena eta azkena.

 

 

IV.

 

Aspaldiko abiapuntuak berbizitzen

hasi naiz.

Labarretan eserita, itsasoari begira,

arrastirian,

itsasotik sortzen ari den gauak

bizi du, bizi

datorkidan argi urria.

 

 

V.

 

llargiaren etxeko aldaba

jo izan bagenu bezala,

uhinen soinu amatatuak

magaleratu du gaueko isiltasunaren

trafikoa.

Amodio-itsasgora hauek

betiko zirriborrotu ote dituzte

ameslari bakarti guztion

urratsak hareatzetan?

Eta ausartu egiten gara,

eternitatea askatzen ausartzen gara,

ezinezkoa beste neurririk

ez dagoela sinetsita,

burua gora, belarriak tente,

hankaz hondartza haztatzen

ari garen zakur bihurriak

baikinan.

 

 

VI.

 

llargia, ordea,

eguzkia hain hurbil izateagatik

hartzen dugun analgesikoa besterik ez da.

Baina zerk defenda gaitzake

amodioaren kiskalitik?

Halere, zergatik behartu ohi dugu

gure atzetik ibil dadin,

gu ezin harrapatuz

eta arnas hestuka?

 

 

VII.

 

Amodioak ukitzen gaituenean

bakarrik da egiazkoa

gure mundua

eta mundu horren kronikalari

izateko sortu da maitaleen

bihotza.

Horregatik dago

sentimenduen gorabeherez

krabelin txorten hautsiez

laguntasun egunetako bakardadeez

segurtasunik ezaren babesez

gainezka gure kartularioa,

historia honetan

esaten ez denak betetzen baititu

larru bizitan dauden azalak,

malkoen biderketak eta, noizbehinka,

laztanen uzta neketsuak.

 

 

VIII.

 

Gogoetan jardun dudan

udagoieneko goiz honetan

iraganaren usaina dakarkit

ariketaren malenkonia uztak.

Leiho paretik ikusten ditut ibai ertzera doazen

kaioak, ahantzita udaberriko larritasun

beroak.

Amaiera historia darit,

antzineko goxokien iraunkortasunik eza,

hainbat lore ihartu nahiz mardulen

agurra,

batera jandako marrubien zuku

galdua,

ibaian gora oinutsik eginiko bidaien

ondorengo iturburuen

babesa,

larraineko gari hautsaren urrea

zure beso biluz izerdituetan

eta beti inguruan izan dudan

bakardade izugarri baten orbana,

kuprits ezabagaitza bailitzan.

 

 

IX.

 

Eta Jainkoaren liburua irekitzen dut

berriro hainbeste izen eta egoerez

betetako nire eskuez.

«Barru-barrutik egiten dizut dei,

Jauna: Entzun, Jauna, nire mintzoa!

Beude erne zure belarriak

nire erregu-oihura.»

Nire epigonoetako historia honek diost

ez dudala behar haina musu eman

ez naizela behar haina laztandua izan.

Nire begi eta haragiak ez direla samurtu

ez direla zirraratu, urratu, eta ez direla

birigarro aseen antzera

urrumatu.

«Barru-barrutik, de profundis, Jainko».

Beldur bainaiz

ez ote ditudan azkarregi egotzi

begiak, eskuak eta ezpainak

nire aurkibidetik.

 

 

X.

 

De profundis.

Zer gelditzen zaigu hainbeste maitasunetik

eta zer hainbat heriotzetik?

Behin zauri genuen pasio baten isla?

Hori soilik?

 

Udazkenerako hamar kanta
Patxi Ezkiaga

Kutxa, 1999