Udazkenerako hamar kanta
BEDERATZIGARREN KANTA
I.
Zure gutunak irakurri ondorengo nire arimaren hunkidura! Elkarri esandako hitzak gogoratzen ditut, elur malutak lapurtzen zizkigun aterki beltz izugarriaren babesean elorri jada zurituaren ondoan. Elkarrekin emandako dantza pausoak, monotonoak, estuak, geldoak, Theodorakisen musikak sutondoko txingarrei itsasoko historiak kontatzen zizkien bitartean. Zure gutunak irakurri ondorengo nire arimaren hunkidura! Orduan ere geroa behintzat ezberdina izango zelako ziurtasunak hozkatzen gintuela gogorarazten didan une gozomiketz honetan; ez ginuela ezer amankomunean edukiko, ezta lipar haien oroitzapena ere, nahiz eta orduan konfundiezina irudi. Eta, halarik ere, hunkidura, maitasunean fijotzat jotzen dudan printzipio bakarra.
II.
Zure erretratoak hartu ditut, antzinekoak, Karnakeko «Merkatarien Mahaia»ren gainean eseri zinenekoak milaka urtetako historiarekin bat egin asmotan. Oraingoak, hamar urte, mila amets, eta milaka bidaia zaharragoak, eta zure arima zelatatu eta zure begien hondora begiratzen dut azken egia atzeman ahal izateko. Atzerriarekin topo egin dut, agian, barru-barruan, elkarrentzat ezezagunak garelako, agian bizitza laburra dela-eta zabalagoa egin beharrean gaudenez, izar iheslari batek gauaren bular beltza zeharka dezakeela sinetsi nahi dugulako.
III.
Arlote ezjakinak gara. Ez dakigu. Horregatik hitz ulerkorrez bete nahi izaten dugu espazioa, amaigabetasunaren misterioa atzeman ahal izateko; eskuragarri egin nahi dugulako, eta zoramen horren hamar ardo-txarroz bete gure bihotza, lehen amodiozko begirada eskaini zenidan arratsaldean bezala, muino elurtu haietan. Itxurak alderantzizkoa adierazten duen arren, bizitza ez dela adimen izpirik gabeko mekanika sinetsi nahi dugulako.
IV.
Baina zaude lasai. Denborak, espazioak, distantziak... ezin du benetan inporta duen bakar horretarako neurria izan.
V.
Eta jakizu: Etorkizunerako, egunsentirako bezala, ez dago aurrez ezarritako paradigmarik. Gauak hain dira apetatsuak, hain hauskorrak ihintza tantak eta nire oinak hain biluziak! Nork berea asmatu behar du eta nork bere esperantza-anoa erreklamatu. Baina jakizu aurrera pausoak adore gehiago eskatzen duela eserita egoteak baino. Baina jakizu: libre izateak askatasuna bera galdu ahal izaterainoko arriskuan murgiltzera bultzatuko gaitu. Jakizu!
VI.
Oraingo nire ikatzezko zeru honetan fusilkadaren sugarra zait, batzutan, zure oroitzapen dardarkaria, paradoxa dirudien arren estropozu egin baitezaket atzera begiratzen ez badut. Baina nire malenkonien historiak erakutsi dit atzera bakarrik begiratzen duenaren bidaia etengabeko estropozua dela eta ez duela inoiz helmuga iristen. Kantatzeagatik, zeru infinituen askatasuna galtzeko prest legokeen arranoaren tragedia. Eta ulertzen dut horregatik asmatu nahi izan dugula gure apetaren arabera iragana: berezko doinuren bat izan eta kantatzeagatik, kantatzeagatik, bizitza egiten badugu ere kaiola.
VII.
Orain, ilunabar bakoitzarekin, pobrezien arotza bainintzan, «Kaixo» eta «Agur» berriak hautatu eta taxutzen ematen dut denbora, iragan historiatik nire burua defenditu eta beste interpretapen hariak izatearren. Haatik, ez ezazu uste ez dakidala norberari eta, horrexegatik, inguratzen nauen orori agur egitean datzala bizitza: agurrez gainezka dagoen sagardotegi hutseko bakardadeen pitxarra. Noizbait zeuk ere ikasiko duzu.
VIII.
Lurrari eman zaion izerdiaren ordaina bezala, bizitza maitatu dugunagatik suposatzen dut maitatu gaituela bizitzak zu eta ni. Arrandia, biluztasuna... eta itsasoko kresalak bakarrik senda dezakeen itsaslapurren untziko bandera gorrimin bailitzan, gure zaurien oihala, gure arimaren mastatik zintzilik lau haizeetara.
IX.
Nekatzen ari naiz. Maitatzeaz eta hiltzeaz nekatzen. Begiak unatu egin zaizkit beti zabalik edukitzeagatik; eskuak ere ahitu su sagaratua hain luzaz irazekita gordetze ahaleginagatik, eta iraupen luzeko atletaren etsipenak harrapatu bide nau, helmugaren saria ikusi ezinagatik. Horregatik ari naiz gero eta sarriagotan bide ertzeko kale kantoietan uzten egarria ase ziezadakeen ura, izerdia xuka ziezadakeen belakia.
X.
Eta a zein tristea den amodio historian azken lerroa irakurri beharra, begirada samurtuko dizun, eskua estutuko dizun joan zaizunaren xarmarik gabe. Boligrafoa, itsasoaren orroaz puztuta, loreen esentziaz kargatuta berriro idazten hasteko prest balego ere, halabeharrez.
Udazkenerako hamar kanta |