Udazkenerako hamar kanta
Patxi Ezkiaga

Kutxa, 1999

 

 

ZORTZIGARREN KANTA

 

 

I.

 

Zurekin nagoenean ere,

hitzik gabeko historia idatziz

bion ezpainak,

zure mira egiten dut

behin eta berriro,

inoiz galduko ote zaitudan

beldur ikaragarriak hartuta.

 

 

II.

 

Ezin dut babespen-sen hau

gabe bizi:

animalien pareko soilak egingo

gintuzketen besterik gabeko laztanen pean

badela berotasun hau epelera-estalkiz

janzten duen sentimendu maitaria.

Ezin dut hori gabe bizi:

susara garaian ere

salbuespen biluz eta izutua garela

gu bezalako animalien munduan,

malkoz gozatu ahal izateko

egin dezakegun mina,

irribarrez bigundu ahal izateko

plazerrezko intziriaren basatasuna.

Eta honek ederragotu egiten gaituela.

Eta sentitzen dut

begia ezinaren minez

lausotzen zaigunean ere

itotzen ari den naufragoaren gisara

har dezakegula gure bihotza,

itsasoa bera baino handiagoak orduan ere,

guk bai baitakigu hiltzera goazen

naufragoak garela;

eta itsasoak, aldiz, ez daki

hiltzailea berau dela.

Sentimenduen mundua eraiki

ahal izanaren grazia.

Horregatik egiten dugu aurrera,

gizakoiagotzen gaituen gurutzea

bizkarrean hartuta:

Kristo, zizare, Jainko.

 

 

III.

 

Hala ere, arrazoizko sentimenduen gaindi,

prozesu objektibatzaileei muzin egin

eta garren mihi ilunenetan

murgildu besterik ez zaigu gelditzen,

kontrolaezinak bizi baikaitu,

uholdeak bizi duen bezala uharrea

eta garagardo aparraren miketzak

saxoaren doinuaren gozoa.

 

 

IV.

 

Joan zintzaizkidan egunean

erre egiten ninduen zure atzetik

abiatzeko tentazioak.

Eta bidean jarri nintzen;

ez zure norantza berean ordea.

Alderantziz egin nuen, itzurti.

Gainbeheraren iluntasunak inguratu ninduela

iruditu zitzaidan

eta inoiz baino presenteago neukala

gelditzea saihesten digun eztena.

 

Inoiz baino presenteago getditu zara,

berreskuratuta zure dirdira,

mindua,

irudimenen zeloek eta oroitzapenek

biderkatuta,

ahalguztidun berriro ere

eta, lainotasunez, lausotua.

 

 

V.

 

Haatik,

nork sinetsiko du zure edertasunean

nik ezezik?

Besteentzat izaki arrunt eta grisa izan

baitzara,

besteen papar-hegaletan

ikusten dugun krabelin,

beraiekin ez baituzu denborarik

eman bertsoak asmatzen,

lore xortak egiten, aitzakiak santutzen,

ez baitute zuregan amodiozko

hasperenean bat egin,

ez baitute zure barre algaretan

jai-egunetako kanpai soinurik entzun,

edo zurekin negar egin, damuturik,

ez baitiote haien buruari uko egin,

zu ahalegindu zinen bezala

ni izaten.

Ai, maitea,

zein nekeza zaigun

pagoen udazkeneko biluztasunez

janzten saiatu ez denari

amodio bakoitzean bizitza oso-osorik

doakigula sinestaraztea!

 

 

VI.

 

Oraintxe bertan zure aurpegia

aurpegi bat baino ez da.

Indarrez, berotasunez, dirdiraz

betetako diamante-meatokia,

Jainkoaren probidentzia deitu duzun

patuaren azken geltokira iritsia baizinan,

aurreko amodioaren zauria

gogora diezazuketen orbanak

—espazioan bederen—

milaka kilometrotara jada.

Bizitzaren bigarren erdian

urrikiz hain beteta dagoen oroimenaren argiaz

gozatu beharko ote dugu,

zenbaitetan, ganbaretako itzala?

Bai baitira aurreko bidaietatik

ezabatu eziniko bi gauza:

behin nire begietan baietsi eta murgildu

ziren zure begiak

eta ahoko soinuak balada modura

jo zuen orduko musika.

Etorkizunik gabeko arima baita

bere doinu berezkoa gogoratzen

eta kantatzen ez duen amodioa.

 

 

VII.

 

Musu iheskorrak haina

ematen saiatu naiz hozkatzen duen ahoa,

hegaldiaren askatasuna haina

habiko lumen beroa.

Gorputza eta arima eskatu aurretik

ematen gorputz eta arima.

Eta azkeneko musikak zuzenean

bihotzera egin duenean ohartu naiz

jatera bortxa dezakegula amodioa

baina ez gure gose egon dadin,

eman dakigun bultza dezakegula

baina ez gurea izan dadin,

laztan gaitzan lor dezakegula

baina ezin izango dugula

beste musuekin amets egin dezan

ekidin.

Triste, Johannes Brahmsen

«Konzert für Violine und Orchester»

entzuten jardun dut, Gidon Kremerekin

bidaian, Bernsteinen eskutik,

bat egin nahiz hainbeste distira

eta hainbeste iluntasun,

hainbeste maitasun

eta hainbeste ahanztura

esplikaezin;

zaurien orbantzea

eta orbanen ausentzia ere bai.

Ez dudalako hilik nagoela

sentitu nahi;

malenkonia lotarazlea

baino nahiago dudalako

hurengo labainkadaren altzairua.

 

 

VIII.

 

Mugagabetasun errepikaezina

izan zara.

 

 

IX.

 

Halere, hurrengo amaigabetasunerako

prest, txartel irekia atera beharko dugu,

bidai guztietako geltoki guztiak egin behar

direlako beti, mugarik gabe,

agian helmuga ere izan ez dakigukeen

helmugara iritsi arte.

 

 

X.

 

Ezen,

gaua datorkeenean,

hutsik gabe

besarka gaitzakeen

harekin

egiten baitugu

amets.

 

Udazkenerako hamar kanta
Patxi Ezkiaga

Kutxa, 1999