Udazkenerako hamar kanta
BOSGARREN KANTA
I.
Baina zergatik imajinatzen dut Jainkoak mugaziara bultzatzen nauela, esperientziak, etengabe, egunsenti nahiz ilunabar, beste mundu berriak erakusten badizkit? Eta ez Jainkoa, baizik mundua balitz betidanik eta betiko, atomo infinituen birsortze infinitua, atomo infinituen hustasun infinitua, edertasunaren lege ulergaitzen arabera? Eta mundua balitz Jainko? Eta Jainkoa eternitatetik sortua balitz, Bera ere mugarik gabeko unibertsoa? Haatik, beldur naiz adimenarekin ulertzeko gauza ez garelako ez ote dugun hitz egiten Jainkoaren azkengabetasunari buruz, sinetsi egin behar dugulako, misterioan sinesten dugun bezala.
II.
Ai, urraturik nago, Jainko! Baina zu zeu desertuaren haurra izan zinen eta ongi dakizu kainabera makurtuak zeruaren zama daramala bizkarrean, lurrari begira; pitxar pitzatua ez dela sekula guztiz hautsiko eta irautearen iraunez irekitzen diola oasiko putzuari sabela.
III.
Nire bihotzak ez dauka, sarritan, eguzkiaren kolorerik dagoeneko. Nork, esan lezake, ordea, Zuk argitasunik eza ere ez duzula gogoko?
IV.
Halakoetan denbora atzokoa izan zitekeen urruneko toki batekin egiten dut amets.
V.
Halakoetan maitasuna bera ere atzokoa izan zitekeen lurrean bizitzea nahi nuke, mendeen gogaitasuna nire eskuetan noizbait maitatu izana berriro niganatzeko. Etorkizun infinituan bizitzeko prestatzen ari bainintzan.
VI.
Ustela deritzot, baina, eta nire esperantzaren dohaina amaigabeko irrits baten erpinean dakust, etorkizunik gabe bata zein bestea eta, horrexegatik, geroko heriotzarik gabe.
VII.
Edertasuna argia da, —esan zidaten behin— maitasuna misteriotsua. Eta ez udaberria soilik, baizik maitasunaren urtaro guztiak edertasunaz argitzen ikusi ditut, eta udazkena gehien, beharbada. Izan denagatik haina izan zitekeenagatik ikusi dut maitatzen, edozerren truke izatearen esperantza behin galduta.
VIII.
Ai, nolakoa ote zara orain, erauzia duzunean hitzez eihotutako herio soinekoa?
IX.
Eta dagoeneko iritsia baldin bazara sofritzea debekatuta dagoen unibertsoko toki bakar horretara, non bulkadarik gabeko esperantza ez den hondorik gabeko gogaitasunetik bereizten?
X.
Han, —ai, zein ongi dakigun!— inoiz orokorra izango ez den desegitearen irrikitan gaude, eternitatea guretzat has ez dadin desiatzen, mundu honetan lur egin ginenetik mataza infinituan sartuta gaudela dakigun arren. Han, infernua esperantza iraungiezinaren tokia da, segundu oro aurrekoa baino okerragoa egiten duena; bizirik mantentzen gaituen egarri hau ez baita inoiz amatatzen.
Udazkenerako hamar kanta |