Udazkenerako hamar kanta
Patxi Ezkiaga

Kutxa, 1999

 

 

BIGARREN KANTA

 

 

I.

 

Enbata labarretan,

garren gorantzako bulkada

sutondoan;

eroturiko meteorito sortak bailiran

egiten diote aire oldartu eta trumoietan hautsiari

kontrakantua.

Borda barruko zerua

urrutiko uhinen eta iluntasun jasen

alternantzia

da.

 

 

II.

 

Eta nik, malkorik gabe,

kolore meheak ikusten ditut:

madreperlaz apenas horaildutako

hodei ilunen zeru apartsua

   —eta hiru lertxun hauskara,

   marengo eta zuri,

   atseden hartzen pinudian—

ńabardura bat

—arrosa oroitzapena—

 

nire koaderno turkiz koloreztatuan

basoaren atzetik

igotzen ari den bitartean.

 

 

III.

 

Aszetikoen liburuak ireki ditut.

«Horrelakoa baduk erlijioa

ez dik mezpretzua baino askoz gehiago

merezi», otu zait.

Munduko gauzarik ederrenaren

beldur egiten baikaitu,

   heriotzaren beldur,

destinoak eman digun edertasun bakarraren,

   bizitzaren,

erdeinlari,

eta zeru baten atzetik baikaitu jartzen,

non betiereko zoriontasunez

astroak bakarrik bizi diren,

amaigabeko mugimenduan,

   hutsaren besoetan,

sari eta gaitzespenetik urruti.

 

 

IV.

 

Suak, ordea,

txingarretan dirau

eta mahai gainean dudan

whisky basoari

laute zahar baten lustrea

ematen dio.

 

 

V.

 

Islak,

   —zufre, anbar eta klikada—

barrurantz narama:

   ni naiz espazioaren kaikuan

   kokaturiko amets iheskorren

   antzoki erraldoia.

Badakit.

 

 

VI.

 

Horregatik otu zait,

   batzutan,

untzi abandonatu bat konkistatzeko

zilegi dela mundu oso bat galtzea,

gero, bazela beste bat konturatzen

   bagara ere,

eta hantxe zegoela,eskurakoi.

Ordura arte ez baitugu ezer jasangaitz

   egiten,

gure irritsen jomuga den andrea

beste baten ametsen desira

bilaka daitekeela bezain

   jasangaitza.

 

 

VII.

 

Untziarekin identifikatzen gara,

   eta zauriarekin.

Untzi zauritua

norberaren samurtasun ostadartuaren

aberri bihurtzen dugu,

gure bakardadearen

   itsaso.

 

 

VIII.

 

Eta sarritan ezin izaten dut

«Ni» esan,

«ni» esateko beste batzuren beharra

baitago,

ni ez naizen zerbait,

niri aurka egiteko.

Untziak, harriak bezalaxe,

edo suak, edo itsasoak,

ez baitaki ezer dagoenik

bere untzi, harri, su, itsaso

izatetik kanpo.

Irmo diraute untzitasunaren,

harritasunaren, su eta itsasotasunaren

pentsalari;

beste guztiaren ezjakinean.

Bakardadean mundu egiten den

mundua.

 

 

IX.

 

Zer gertatuko litzateke ni hil

nire atomoak desegin

eta iragan laztanak lurrean zabaldu

eta sustraietan gora egin ondoren

palmondo eder baten forma

bilakatuko balira?

Zer esango luke palmondoak?

Eta «ni» esango balu

ni hori noraino izango litzateke

nire nitasun, nire laztan

eta nire amodio?

Libre izan nahia ekintza baita,

eta askatasuna

pasio.

 

 

X.

 

Eta halere,

   —enbata labarrean,

   garrak sutondoan—,

biluztu egiten gara, begiak itxita,

hatzak belarrietan,

eragozpenik egin ez diezagun inongo zaratak,

sentipenik ez duen untziari, harriari,

suari, itsasoari gertatzen zaion bezala.

Oroimen guztiak deuseztatzen saiatzen gara,

gorputzaren eskakizun guztiak,

gure larrua bera deuseztatzeraino,

hala posible izango bagenu.

Ezin dugunez, ahalik sentiberatasun

gutxien izaten saiatzen gara.

«Untzi naiz, itsaso, harri, su»

diogu geurekiko.

Eta gure buruari gehiago hitz egin

behar ez diezaiogun,

«untzi naiz, itsaso, su, harri.

Untzi, untzi, untzi».

 

Udazkenerako hamar kanta
Patxi Ezkiaga

Kutxa, 1999