Udazkenerako hamar kanta
LAUGARREN KANTA
I.
Denbora naiz, eta aski da. Espazio naiz, eta aski da. Hutsa naiz, eta aski da.
II.
Politxinela, txotxongilo, abate! Oso txikia izan da nire rola: bastidoreen artean gelditu izan banintz ere komedia hau akatsik gabea izaterainokoa. Baina izan dira nire bizitzan lipar baten buruan sortu eta hil diren unibertsoak: batzuk etsipenaren denbora kalkulatzeko nire ahalmenetik haraindi iraun dutenak; besteak, txiki nahiz handi, mugimendua, eta beroni emandako erantzunak ez ordu eta minututan baizik itxaropen-milurtetan neurtu beharrekoak, begien kliskada batean jaio eta amaitu diren barne planetak... eta horiek ere, unibertsoak bezalaxe, nireak.
III.
Eskuak luzatu ditut, ezpainak eta kredo bilakatu arte sinesten dut belar izpiek eta petaloek sentitu egiten dutela hazkundea eta laztana, sentitu noiz mozten dituzten eta «ni» esaten dakitela, beharbada, guztiz arrotza zaidan ilunabarreko iluntasunetan.
IV.
Gero, izarren argitan, klepsidra batek xuxurlaturiko hondar-aleen errosarioari begira gelditzen naiz, eta momentu-azao haiei buruz gogartzen dut: denboraren gehiegizko anatomietaz, unez une, orduak, tantaka, erion dituzten artesia haietaz.
V.
Nola absentziak maitasuna, hala haizeak sua: itzali egiten dute txikia, gartu egiten dute handia. Minaren ekuazioaren matematika.
VI.
Zenbat aldiz ez ote naiz ibili unibertsoaren taupada aurkitu nahian —egiara iritsi ahal izateko— prismatikoen atzetik miruari begira! Nostalgiaz akordatzen naiz agian plazerraren argi burrunbatsuan aurki nezakeela, inoiz altxatu izan ez banu maitearen magaletik burua, zuhamuska guztiak Ongiaren Zuhaitz bihur zitezkeen behialako Baratzean.
VII.
Hasperenka, zerura begiratzen dut eta «Zergatik kurrilo haiek?», galdetzen, nire burua barregarri egiteraino. Agian gertakariak zeinu gisa behatzen ohitu naizelako, zeinu guztiak zeregin bihurtu ditudalako.
VIII.
Zuri begira jartzen naiz, eta nire malenkonia ausiki dezakeen aho horztun gisa ikusi nahi zaitut.
IX.
Sarritan munduaren amaieraren ondorengo ezereza pentsatzen saiatzen naiz. Baina ipar haizeaz beste zer imajinatu? Nahiago nuke, ordea, horizontetik haraindi zabaltzen den munduren bat, ez bada ere hitzarekin ordain dezakegun esperantza baino.
X.
Hauek ez baitira izarren ibilbidea ezpataren bitartez alda dezaketen garaiak, Jainko!
Udazkenerako hamar kanta |