Udazkenerako hamar kanta
HIRUGARREN KANTA
I.
Jainko, errealitate osoa pentsatu ahala pentsatzearekin biziarazitako mundu infinituak sortzen dituzu. Nik nire amodio tristeak pentsatzen ditut, bidaiarako bakardadeak, bekatua, datozkidan heriotzak, eta mugarriak, harri izan arren onartzen ez baditut ere mugak.
II.
Jainko, eta hutsa bazina? Haurtzaroan imajinaezina zitzaidan galdera. Baina saiatuko naiz erantzuten. Hutsa bazina, hustasunari izua izan ordez naizen materia hau hustasun egingo litzateke zurekin, hustasun absolutuaren hutsa. Hustasun absolutua, alabaina, erdigune geometriko pentsaezina zait, berriz jarri beharko nintzateke Zorionekoen Irlaren bila, erreferentziaz eta euskarriz bakarrik egindako ozeanoan amesten dugun bidea.
III.
Sarritan, ez naizela gizon konplikatua imajinatu nahi dut eta gure atzetik etor daitekeen eternitateaz naitekeela desinteresa. Orduantxe konturatzen naiz, ordea, gure aurretik izan dugun eternitateari buruzko galderatik inoiz baino gutxiago naitekeela libra, «Materiaren ala Jainkoaren eternitatea?» galderari nahiago nukeela paradisuko kontaerarekin erantzutea.
IV.
Haatik, heriotzaren aingeruaren mandatari egiten naiz, Azrael. Itsasoko Azrael, lurreko Azrael, gaitzaren atzaparrak lepoa estutzeko prest. Hiriko espaloietatik gora jartzen naiz, milaka kilometrotara, herrenen kupel gainean eserita, poltsa-ebaslez, iruzurlariz, faltsutzailez eta hitzontziz inguratuta: bizio eta abusu guztien laginketa. Nire oinez berriro lurra ukitzen dudanean alabaina, bihotza sentitzen dut bularrean eta zeruaren, lurraren eta gauaren harrapari naizela. Eta beroa, izarrek ni zelatatzeko baino argituko ez balute bezala.
V.
Naufragioak astintzen nauenean bizitzaren alde borrokatzera bultzatuta sentitzen naiz. Barealdian, hustutzen ari naizen heinean, ordea, ez daukat aurka egiteko ezer, beldur diot espazioarena beste edozein hustasun kontenplatzeari bai baitakit bertatik tristezia eta etsipena baino ez direla sortuko, eta arimaren zolako asperra.
VI.
Hitzaren kataloxaz lur berriak erideten ohituta dauden nire gogoeta naufragoek erromesaren haria behar dute berriro, Jerikotik Jerusalema doan bidea.
VII.
Jauna, Jauna, zer gara erlojulari-ikasle baino, mugazia kontatu ahal izateko kuku-erlojuak fabrikatzen? Baina, halako batean, udazken gau izartsu batez zerura begiratu eta izutu egiten gara: ai, zenbat infinitu zenbat betiereko zenbat isiltasun, ai, zenbat infinituetako betiereko isiltasun! Eta ez dugu kolpea ongi jasaten: barrura begiratu eta bidaian abiatzen gara nola jarriko ote munduarekin bakean, eta Zurekin.
VIII.
Ganduak bizitza hartzen duenean behin bateko etxe barruak imajinatzen ditut: lukainka-xortak habetik zintzilik, ogi-otarreak, mizpiren arre biguna ganbaran. Eta dagoeneko bidaian joandako karnaben absentzia eta kurriloen geometria zeruan. Eta negar egiten dut harrikari bihurtu delako oroimeneko oihana, bete delako onddo-hondakinez.
IX.
Eta halako batean, gaitzak bereganatzen.gaituenean, azken orduan pentsatzeko parada datorkigu, eta konturatzen gara eguzkiari bezalaxe, heriotzari ere ezin zaiola aurrez aurre begiratu. Azken ordua ikasi egin behar den arren guk, ergelak garelako, pairatu egiten dugula edo jasan besterik ez, ohitu garelako. Gu gaudenean bera ez dagoela uste dugulako eta bera dagoenean gu, agintzariengatik ere, auskalo.
X.
Baina biziraun ahal izateko historiak kontatu behar dira.
Udazkenerako hamar kanta |